Edukira joan

Oskia

Koordenatuak: 42°53′05″N 1°49′31″W / 42.88484797°N 1.82537198°W / 42.88484797; -1.82537198
Wikipedia, Entziklopedia askea
Oskia (Ollaran)» orritik birbideratua)
Oskia
 Euskal Herria
  
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa
UdalerriaAtondo
Geografia
Koordenatuak42°53′05″N 1°49′31″W / 42.88484797°N 1.82537198°W / 42.88484797; -1.82537198

Oskia, Oskiate[1] edo Oskiatea[2] Arakil ibaian dagoen haitzarte edo igarobidea da, Andimendi eta Bizkai mendiaren (826 m) artean. Bertan dagoen eliza Atondo kontzejuko mugan dago, baina puntua, izatez, Ollaran, Arakil eta Itza Zendearen arteko mugan dago. NA-7010 errepidea igarotzen da tokitik.

11. mendeko aipuak daude monasterio bat, eliza bat (Donejakuerena) eta gune populatu bat aipatzen dutenak (errota eta arrantzarako tokiak). Dokumentuetan bereizten dira Oskiatea edo Oskatea batetik, eta herrigune bat, Oskuotz edo Oskotz izenekoa. Jimeno Juriok kokatzen du Oskuotz ez Oskiako haitzartean baizik eta garaiago, hego-mendebaldera, Ollarango lurretan[3].

Historian, igarobide garrantzitsua izan da. Iparraldetik, Iruñerrira sartzeko modua ematen du. Andimendiko aldean, Gaztelu mendia dago, gotorleku estrategikoa, X. mendean Kordobako indarren sarraldi batean aipatua. 1512ko uztailean, bertan barrena sartu zen Fadrique Álvarez de Toledo Albako dukea zuzendutako armada Nafarroaren inbasioan, Iruñera bidean. Konbentzioaren Gerran, frantses indarrak bertaraino heldu ziren Iruñerantz zihoazela, bakea sinatu zen unean (1795).

16. mendean, Pilarko Ama Birjinaren omenezko eliza bat eraiki zen haitzartearen ekialdeko aldean, harpearen babesean, Pedro Amaolea Zaragozako bizilagun baten ekimenez[3]. Eliza horri Oskiako Andra Mari esaten zaio gaur egunean, eta erromesaldiak egin ohi dituzte inguruko herrietatik, Arakilgoek maiatzaren 9an ohitura, eta Itzakoek 15ean[4].

21. mendean Oskia izeneko harrobi bat dago arroilatik gertu, baina ibaiaren estuasunaren tokia errespetatua dago.

Inguru naturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paisaiari dagokionez, arteak nagusi dira, batez ere, iparralderago dauden lurretan, AP-15 autobidearen ondoan. Andia inguruan bizi diren miru gorriak ohiko bista dira zintzurrean.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Mikel Belaskoren bloga.
  2. «Oskiatea - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-14).
  3. a b (Gaztelaniaz) Jimeno Jurio, José María. (1986). de Viana Despoblados en el Valle de Garaño. Nafarroako Gobernua, 365-386 or. (Noiz kontsultatua: 2020-07-14).
  4. «OSKIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa