Muay Thai
Muay Thai (thailandieraz: มวยไทย, Muai Thai, mūaj.tʰāj ahoskatua) edo thailandiar boxeoa, ostikoak eta ukabilkadak ematea onartzen duen kontaktu kirola da. Thailandian sortua —bertan ikur nazionala da—[1], Indotxinako beste boxeoen antzekoa da, Kanbodiako prodala, Malaysiako tomoya, Myanmarreko lethweia edo Laosko muay Laoa bezala.
Muay Boran borroka-arte tradizionalean oinarritua da, eta nazioartean ospetsu bilakatu zen, disziplina horretako borrokalariek beste borroka-arte maisuak menderatu zituztenean.[2]
Haren ezaugarririk garrantzitsuena ukondokaden eta belaunkaden erabilera da: horrek beste borroka metodoetatik bereizten du eta, gainera, borroka estilo oso eraginkorra izatea dakar.
Muturreko kirol moduan sailkatzen da askotan, jardueraren gogortasuna dela eta. Thailandian oso ospetsua da, batez ere kirol apustuetan mugitzen dituen diru kopuru izugarriengatik. Hala eta guztiz ere, nazioartean duen ospearen arrazoia MMAan izandako erabilera da.
Terminologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muay hitzak "borroka" esan nahi du thailandieraz, eta thai hitzak, "thailandiar" ("pertsona libre" moduan ere itzuli izan da). Gainera, arte martzial bat denez, hainbat mugimendutarako terminologia berezia du:
- Nak muay: muay thai praktikatzen duena
- Nak muay farang: muay tahi praktikatzen duen atzerritarra
- Kru muay: muay thai trebatzailea
- Wai kru: agur tradizionala
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muturreko kirol horren jatorria antzina thailandiar soldaduek ikasten zuten muay boran izeneko arte martziala da. Ezaugarri hauek muay thaitik bereitzen dute: kolpeak eskua irekita ematen dira, dislokazioak eta eraisketen erabilera. Gainera, ez zen eskularru edo bestelako babesgarririk erabiltzen, muay borana arriskutsuagoa izan arren. Gaur egun, hainbat herrialdetan debekatuta dago, hala nola, AEBetako estatu batzuetan.
Muay thaiak izandako aldaketarik garrantzitsuena 1945an izan zen, antzina erabiltzen ez ziren eskularruen derrigorrezko erabilera ezarri zen.
Historian zehar, aldatuz joan da eta Thailandiarren borroka estilo garrantzitsuen bihurtu da. Kirol moduko haren garapena XX. mendean hasi zen, mutilen kirol klaseetan irakasten baitzen. Europan ezagun egin zen I. Mundu Gerlan, thailandiar armada Frantziara joan zenean. Jeneral thailandiarrak soldaduen arteko borroka bat antolatu zuen eta frantses guztiak liluratuta geratu ziren. Geroztik, muay thaia oso azkar hedatu zen Europan eta Ipar Amerikan.
Geroago, mende beraren amaieran, kirolaren modernizazioak une gorena jo zuen bi gertakarirengatik. Alde batetik, 1993ean International Federation of Muay Thai Amateur, edo IFMA sortu zen; bestetik, urte berean UFC sortu zen MMA konpainiarekin eta bertan, borroka estilo ikusienetakoa da. Maila handiko hainbat borrokalarik muay thaia erabiltzen dute borrokaldietan, esate baterako Jose Aldo WEC txapeldunak.
Bestalde, etorkizunera begira, 2024an muay thaia kirol olinpiko izatea espero da, izan ere, 135 federazio nazional eta 400.000 kirolari federatu dituen kirola da.
Ezaugarriak eta teknikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muay thaia boxeokoaren antzeko kuadrilatero batean praktikatzen da; horretan bezala, bi izkina, sokak eta olana daude. Gaur egun, eskularruak, aho babeslea, iztondoko babeslea, hesgailuak eskuetarako eta praka motzak derrigorrezkoak dira. Gainera, zenbait kategoriatan tibiako babeslea ere erabiltzen da. Beste alde batetik, muay thaiaren tradizioari eutsiz, zenbait zinginarri erabiltzen dira:
- Mongkhon: buruko
- Prajead: besoetakoa
- Pong malai: lepokoa
Tekniken artean, ukabilkadak, ukondokadak, belaunkadak, ostikoak eta garondotik heltzea dira onartuta daude. Seguritate edo osasun aldetik, borroka lehiakide bati zauri batetik odol asko baldin badario soiilik gelditzen da. Kasu horretan, borrokalariaren taldeko medikuak ez badio hemorragia berehala eteten, irabazlea arerioa da.
Wai kru
Wai kru deritzona kirol horren agur tradizionala da, eta borroka hasi baino lehen egiten da. Mugimendu horrek maisuari eskainiriko guda dantza irudikatzen du. Erritual hori borrokalariaren arbasoei eta maisuari eskerrak eta errespetua adierazteko egiten da.
Kuadrilateroan bi borrokalariak sartzen direnean, erlojuaren orratzen kontrako norabidean ibiltzen dira eta izkina bakoitzean eskuak elkartu eta burua makurtzen dute, Budharen izenean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Colman, David. (2005-1-9). «It's Hand-to-Hand for a Keeper of Faces» New York Times.
- ↑ www.horizonmuaythai.com. (2007). The History of Muay Thai Boxing. .