Ludovico Ariosto
Ludovico Ariosto | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Reggio nell'Emilia, 1474ko irailaren 8a |
Heriotza | Ferrara, 1533ko uztailaren 6a (58 urte) |
Familia | |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | University of Ferrara (en) |
Hizkuntzak | italiera |
Irakaslea(k) | Luca Ripa (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta antzerkigilea |
Enplegatzailea(k) | University of Ferrara (en) |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Influentziak | Matteo Maria Boiardo eta Virgilio |
Mugimendua | Goi Pizkundea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Ludovico Ariosto[1] (Reggio Emilia, 1474ko irailaren 8a - Ferrara, 1533ko ekainaren 6a) italiar olerkari eta antzerkigilea, eta Pizkundeko joera artistikoen eta jarrera izpiritualen aitzindarietako bat izan zen. Orlando haserre (1516) olerkia da haren lanik nabarmenena.
1503an Hipolito d'Este kardinalaren zerbitzuan sartu zen, ganberako noble eta enbaxadore karguan, eta orduan utzi zion latinez idazteari eta italiera hutsez hasi zen. Lehen poemak, esan bezala, latinez ondu zituen, Carmina (1493-1503) adibidez. Italieraz idatzitako lehen lan dramatikoetan Plauto eta Terentzioren eragin nabaria du: La Cassaria (1508), I Suppositi (1509). 1516an agertu zen, Ferraran, Orlando haserre poema epiko satirikoaren lehen argitalpena.
Alfonso d'Este dukearen babesa lortzeak gogo txarrez egin beharreko lanak alde batera uzteko aukera eman zion; garai horretakoak dira horrelako lanak egin beharraz kexu ageri den eskutitzez osatutako zazpi Satirak (1517-1525), hil ondoren argitaratuak. Beste komedia batzuk ere ondu zituen: I studenti (1518), Il nigromante (1520). La Cassaria (1508) eta, batez ere, La Lena (1528) komedietan garaiko gizartearen ohiturak azaldu zituen. 1532an Orlando hasere-ren beste bertsio bat plazaratu zuen. Obra hori, Ariostoren hizkuntza poetikoaren joritasuna erakusten duena, Italiako Pizkunde garaiko lanik onenetakoa da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ariosto, d'Este etxearen zerbitzuan ziharduen kapitain baten seme zaharrena zen. Hamar urte zituela, familia aitaren sorterrira aldatu zen, Ferrarara. Ariostok zuzenbidea ikastea nahi zuen familiak, eta horrela lege ikasketak egiten hasi zen (1489-1494). Baina gaztetatik erakutsi zuen olerkigintzarako zaletasuna eta, azkenean, letrak ikasteko baimena eman zioten. 1499. urte arte humanitateak ikasten jardun zuen, baina ezin izan zituen ikasketa haiek sakondu, aita hil baitzitzaion 1500ean.
Seme zaharrena zenez, ordu arteko bizitza lasaia bertan utzi eta ordena txikiak hartu behar izan zituen etxekoei laguntzearren (lau anaia eta bost arreba zituen). 1504an Hipolito d'Este kardinalaren zerbitzuan hasi zen lanean. Kardinalaren zeregin diplomatikoetan hari laguntzea eta haren espedizioetan parte hartzea zen bere lana eta, oro har, arrisku handiko zereginak bete behar izan zituen haren zerbitzuan. Geroago, Lukrezia Borgiaren senar Alfonso d'Este dukearen zerbitzuan hasi zen lanean, eta harekin ere zeregin neketsu asko bete zituen.
Gortean lanean jardun zuen urteetan antzerki ikuskizunak prestatu ohi zituen, Terentzioren eta Plautoren obretan oinarri harturik. Bere ametsa literaturan jardutea zen, eta era horretako lanak eginez bere jaunek gorteko beste zeregin gogaikarrietatik libratuko zutelako itxaropena zuen. 1516an prestatu zuen Orlando haserre bere maisulanaren lehen argitalpena, eta han esaterako Hipolito kardinalari eskaintza egin zion, baina sekula ez zuen lortu agintariek bere zereginetatik aska zezaten.
Ariostoren familiaren egoerak ez zuen hobera egin, eta horrek eraginda Apeninoetako Garfagnana probintziako gobernadore kargua onartu behar izan zuen; ez zen kargu erraza, barne borroka gogorrak baitziren lurralde hartan. 1525 arte iraun zuen bertan. 1525ean Ferrarara itzuli zenerako, diru apur bat aurreztuta zuen, eta etxe txiki bat erosi ahal izan zuen. 1528-1530 bitartean ezkondu zen Alessandra Benuccirekin. Ezkutuan ezkondu zen, baina hala ere, ezin izan zuen ekidin Eliza Katolikoaren zenbait mesede galtzea. Azken urteetan, dena dela, bere ametsa bete ahal izan zuen; bizitza lasaia, jakintzei eta olerkigintzari eskainia, emaztea, semea eta ama inguruan zituela. Izan ere, bere obretan sarritan adierazi zuenez, zeregin guztiak alde batera utzi eta literaturan buru-belarri aritzeko grina zuen eta, azken urteetan bazen ere, lortu zuen.
Literatura lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ariostoren literatura lanetan komediak, olerki liburu batzuk, satirak eta Orlando haserre olerki epiko handia dira nabarmentzekoak.
Ariostok latinez eta herri hizkeran, bietara, idatzi zuen, eta bere ekarpen nagusia giro fantastikoa eta irudimena sentimendu unibertsalen azalpenarekin bateratu izana da. Pertsonaiak giro fantastikoan kokatzen zituen eta irudimen handiz lantzen zituen, baina giro horretan giza sentimenduak adierazten zituen, maitasuna, ohorea edo heroitasuna, besteak beste.
Bere lehenengo lan ezaguna Carmina (1494-1503) liburua izan zen, Albio Tibulo eta Horazio erromatar olerkarien lanetan oinarri harturik egindako ariketa moduko zenbait idatziz osatua. Haren ondoren argitaratu zuen Rimas («Errimak», 1494-1516), maitasuna gai harturik herri hizkeran idatzitako lanen bilduma. Baina lan txikietan aipagarrienak Satire («Satirak», 1517-1525) dira, eguneroko gaiak kontagai harturik idatzitako zazpi satirak.
Komediari dagokionez, bost lan handi utzi zituen: La Cassaria (1508), I Suppositi (1509, «Hipotesiak»), Il nigromante (1520, «Aztia»), La Lena (1528) eta I Studenti (1518, «Ikasleak», amaitu gahea). Herri hizkeran, latinezko komediak imitatuz, idatzi ziren lehenengo obrak dira, eta aipatzekoa da egileak antzerki klasikoaren eta edukiaren (errealista, bizia, egunerokotasunetik hartua) artean lortu zuen oreka.
Azkenik, bere obra nagusia, eta Europako Pizkundeko maisulanetako bat, Orlando haserre izan zen. 1515ean hasi zen lehenengo bertsioa prestatzen, baina harrezkero bizitza guztia eman zuen hura berridazten eta zuzentzen. Hiru bertsio argitaratu zituen. Lehenengo bi bertsioak (1516 eta 1521) 40 canto-z osatuak dira. Bigarrenean eta hirugarrenean (1532) Pietro Bemboren eragina nabarmentzen da, batez ere, hizkuntzaren erabileran eta estiloan. Hirugarrenean, behin betiko bertsioan, 46 canto idatzi zituen, eta 1545ean beste bost erantsi zitzaizkion giunta edo eranskin batean. Azken bertsio horretan nabarmendu zen Ariostoren estilo eta poetika berezia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012/1/10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ludovico Ariosto |
- Euskarari ekarriak: Ludovico Ariosto Ekarriak.armiarma.eus
- (Ingelesez) (Italieraz) Ludovico Ariostoren idazlanak irakurgai. Guttenberg Proiektua Gutenberg.org