Leturiaren egunkari ezkutua
Leturiaren egunkari ezkutua | |
---|---|
Leturiaren egunkari ezkutua liburua eta Txillardegiren idazle ibilbidea azaltzen dituen bideoa. | |
Datuak | |
Idazlea | Jose Luis Alvarez Enparantza (1957) |
Argitaratze-data | 1957 |
Generoa | Eleberria |
Jatorrizko izenburua | Leturiaren egunkari ezkutua |
Argitaletxea | Euskaltzaindia |
Herrialdea | Euskal Herria |
Orrialdeak | 146 |
Formatua | Paper-azala |
OCLC | 863209093 |
Leturiaren egunkari ezkutua Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, idatzitako eleberria da, lehen aldiz 1957an argitaratua. Euskal literaturaren lehen eleberri modernotzat jotzen da, bereziki gaiaren nahiz giroaren aldetik.
Joxeba Leturiaren egunkaria da eleberriaren ardatza, lehenengo pertsonan, egunkaria jaso duen ezezagun baten eskutik ezagutzera ematen dena. Leturia gazteak bere kezka existentzial larriak kontatuz abiarazten du egunkaria. Miren gaztearekin maitemindurik, kezkak gainditu eta luzez hausnartu ondoren harekin ezkontzea erabakitzen du. Ezkondu ondoren desengainua hartzen du eta ilusio guztiak galdurik, Parisera abiatzen da bizitza berri baten bila. Han dagoelarik, Mirenen gutuna jasotzen du; hilzorian dagoela kontatzen dio. Harekin izandako jarreraz damu, egunkaria eten egiten du. Egunkariaren biltzaile ezezagunaren eskutik jakingo da Leturiak bere buruaz beste egin duela.
Euskal literaturako existentzialismoaren aitzindaritzatzat jo izan da nobela hau.
-
Fiodor Dostoievski (1821-1981)
-
Søren Kierkegaard (1813-1855)
-
Jean Paul Sartre (1905-1980)
-
Simone de Beauvoir (1908-1986)
Sinopsia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udalehen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]I: Leturia bakarrik doa Zerubide parkera, jende artean ibiltzeak bakardadea sortzen dionez, bere buruarekin mintzatu eta barrua garbitzeko asmoarekin. Bere iritziz norbere buruarekin bakarrik topatzeko beldurrak bultzatzen gaitu jendartera. Bere burua aurkitzen laguntzeko hasten da egunkaria idazten. Zoriontsu izan nahi du. Bide horretan, landare, lore eta beste izakien bekaitza sentitzen haiek ez baitute inongo kezkarik. Bera haiek bezalakoa ez dela jabetzen da, ordea, eta zoriona aurkitu beharra du.
II: Zerubidera itzultzen da beste egun batean eta hango natura liluratutarik geratzen da. Ezkontza ospakizun baten soinua entzunda, bikote harremanei buruz pentsatzen hasten da. Bizi-mugarri garrantzitsutzat hartzen du baina bizitzaren beheraldiaren hasiera dela deritzo; abantaila moduan egonkortasuna eta erabakiak hartu behar ez izatea ditu aldi berean, lehengo ametsak galbideak jartzen badira ere. Bere bizitza okerragoa dela uste du, ez baitaki nora jo. Halako batean, neskatxa bat inguratzen da parkeko urmaelera bere txakurrarekin eta begirada bat trukatzen dute.
III: Egun euritsu batean Zerubideko urmaelera inguratzen da berriz. Bere baitan murgildurik, zorion uneak bizi ditu; berehala aienatu egiten zaizkio errealitatera itzultzean. Parkean barrena paseatuz, neska gaztearekin topatzen da berriz ere. Agurtu egiten du baina neskak alde egiten du, lotsatuta edo.
IV: Neska berriz ere topatzeko gogoarekin parkera doa beste egun batean, baina ez du aurkitzen. Itzultzean, Xabin lagunarekin topo egin eta berehala, neska pasatzen da aldamenetik. Lagunari esker neska ezagutzen du eta liluraturik geratzen da bere edertasunarekin. Miren du izena eta 17 urte ditu. Xabinek alde eginda, etxera laguntzen dio. Etxean gutun bat idazten dio, bere sentimenduak azalduz, gutuna noiz eta nola emango dion erabakitzeke. Harekiko sentitzen duen maitemina asaldatu egiten du, zoriona eta atsekabea sentituz aldi berean.
V: Egun bat pasatzen da bera ikusi gabe; egonezinak harturik, bere etxe aldera abiatzen da, ezkutuan. Azkenean, Miren ikusi egiten du beste mutil batekin une labur batez, aski dena berarengan maitemina areagotu eta jelosia pizteko.
VI: Egun batzuk pasatzen ditu triste Miren ikusi gabe, baina azkenean berarekin topo egin eta etxera laguntzen dio. Ezkaratzera heltzean, gutuna eskaintzen dio baina neskak ez dio hartu nahi.
VII: Ez zuen espero Mirenek gutuna ukatzea. Lo hartu ezinik pasatzen du gaua eta gutunarekin izan duen jokabideaz damutzen da, oldarkorregi jokatu ote duen. Zalantzak asaldaturik dago, Mirenekin nola jokatu duen.
VIII: Miren Izeta herrira doalako berria jasotzen du atsekabez.
IX: Izeta Gipuzkoako mapa batean aurkitzen du eta hango bazterrak eder irudikatzen ditu, Miren han dagoenez gero.
X: Miren ustekabean ikusten du hirian. Bere etxera laguntzen dio. Berarekin topo egiteko esperantzarekin, Zerubidera doa baina ez han ez du aurkituko. Bi lagunekin dantzaleku batera joan eta han beste mutil batekin ikusten du, lehengo mutil berdinarekin. Dantzalekutik ateratzean, moto batera igo behar direla ikusten ditu eta neskaren agurrari erantzuten dio. Jeloskor, gaua lo gutxi eginda pasatzen du.
XI: Mireni gutuna idazten dio dantzalekuan gertatutakoak sorrarazi dion atsekabea eta sentitzen duen maitemina aitortuz. Gutunak Mirenengan sortuko duen sentimenduaren beldur bada ere, bidali egiten du.
XII: Udabeteko giroaz gozatzen du Leturiak, jendearen joan etorria eta natura begiztatuz. Hala ere, Miren du beti gogoan, gutuna nola hartu ote duen.
XIII: Iraila heltzen da eta Mirenengatik zertxobait lasaitu da, udako giroari esker. Egun batean, ordea, harekin topo egin eta paseo luze bat ematen dute berriketan; berarekin zebilen mutil hari buruz, ordea, ez dio ezer galdetu. Etxeraino lagundu ondoren, bere barrena aztertu eta lehen baino hotzago sentitzen du bere burua Mireni buruz.
XIV: Goiz batean Miren topatu eta arratsaldean zinera joateko gonbita egiten dio. Leturiaren harridurarako Mirenek onartu egiten du. Zinean berari begira dago etengabe, guztiz liluraturik. Filma bukatu eta agurtzean, Mirenek egun batzuetarako kanpora doala esaten dio, Leturia atsekabeturik utziz.
XV: Bizikletaz landa giroko bazter batera heltzen da Leturia bete tristura kontsolatzera. Mirenen lagun batekin hitz egin du lehen eta bere partez eskumuinak emateko eskatu dio.
XVI: Kepa lagunarekin poteoan, Kepak Mirenen zein atal du gogokoen galdetzen dio, baina Leturiak erantzun ezinik geratzen da, Mirenen arima baita maite duena. Pertsonen ikuspuntu desberdinei buruzko gogoeta egiten du, munduko arazoak ikuspuntu subjektibo hauetatik datozela iradokiz. Arrazoiaren absolutua zalantzan jarriz, bakoitzak bere arrazoia duelakoan dago Leturia, bihotzez jokatzen baita. Horregatik ezin dio frogatu lagunari Miren zergatik maite duen. Maitasunak ziorik ez duela deritzo.
XVII: Mireni opari bat bidaltzea pentsatzen du, baina bere maitasuna beste bikoteetan gertatzen den maitasunaren parean jartzea litzatekeela gogoetatzen du. "Maite zaitut" esatearekin berdin gertatzen da: zerbait arrunta iruditzen zaio, denek esaten baitute. Azkenean, opari egoki bat aurkitu eta postaz bidaltzen dio.
XVIII: Biharamunean datorrela eta, irrikaz itxaroten du Leturia Mirenen itzulera. Zerubidera doa eta lehen aldiz Pintto txakurrarekin ikusi zuenean datorkio gogora. Gogoeta horrek tristatu egiten du, euren enkontrua ausaz gertatu baitzen eta gertagarri ere izan zitekeelako Miren ez ezagutzea.
XIX: Itzetatik itzultzen denean, Mirenek Leturiak oparitutako eraztuna jantzita darama. Leturiak eskua hartu eta musu bat ematen dio. Mirenek maite duela aitortzen dio Leturiari eta honen gogoa berotu egiten da, horrenbeste nahigabe ondoren.
XX: Zorionez beterik, Zerubidera joan da Leturia. Kalean, andre zahar txiro bat ikusten du eta errukiturik eskura duen diru guztia ematen dio, hiltzeko beldurraz gainera bizitzeko beste arrazoi bat izan dezan. Munduan dauden desberdintasunei buruzko gogoeta egiten du, nola nahasten diren zoriona eta atsekabea, heriotzak eta jaiotzak, aberatsak eta txiroak eta guztiari bidegabea deritzo.
XXI: Egonezinak asaldatu egiten du Leturia, Mirenen musuek bere gogoa bete ez eta gehiago behar duela sentitzen baitu; berarekin ez dagoenean ere, triste sentitzen da. Belardian etzanda, landare eta intsektuen ikuskizuna datorkio begietara eta liluraturik geratzen da ikusgai dituen bizitza horien aurrean. Bizitza horiek eta berea ere nork ezagutzen dituen galdetzen dio bere buruari eta Miren datorkio gogora.
XXII: Miren beste mutil harekin ikusten du eta ezin ulerturik geratzen da. Jelosiak hartzen du. Mirenek deitu egiten dio eta Leturiak gogor egiten dio hitz; Miren, berriz, samur. Biharamunerako zitatzen dira eta Leturiak mutil horri buruzko argibideak eman beharko dizkiola tematzen da, bien arteko harremanak jarraituko badu.
XXIII: Biharamunean ikusten duenean, Leturiak zaplazteko bat ematen dio eta Miren negarrez hasten da. Berehala damutzen da eta besarkatu egiten du. Leturiaren jokabidea gaitzetsi eta mina egin diola adierazten dio. Azalpenak ematen hasten da: Andoni Iturzaeta da gaztearen izena eta aspaldiko adiskideak dira; Andonik bere maitasuna aitortu dio soldaduskan dagoela bidalitako gutunetan, baina berak ez dio erantzun; itzuli denean, Leturiarekin zegoela aitortzeko soilik geratu da berarekin. Hunkiturik eta maitasun-grina berriturik, Leturiak musukatzen eta ferekatzen da hasten da. Miren gabe ezingo dela bizi idazten du egunkarian.
Uda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Atal labur honetan Leturiaren egunkaria eten egiten da eta egunkariaren biltzaileak horren arrazoiei buruz egiten du gogoeta. Egunkaria etenda dagoen garaian Leturiak zoriontsu izan zela ondorioztatzen du, atsekabeak eta etsiak izaten baitira egunkaria idazteari ekiten diotenak bere iritziz. Areago, egunkariez gainera, poesiaren gai nagusia ere tristura dela aipatzen du. Horren arrazoia gisa, egunkariak eta poesia idazteak tristura arintzen duela aipatzen du. Bestalde, tristura eta larrimina pertsona guztien eta bizitza osoan zehar sentimendu orokorra dela adierazten du. Hortik guztitik, Mirenekin ezkondu omen den Leturia zoriontsu izan zela ondorioztatzen du. Deitoratu egiten du, halaber, egunkariaren bitartez Leturia tristea soilik ezagutzea.
Udazken
[aldatu | aldatu iturburu kodea]I: Leturiak berriz ere idazten hastea zeinen zaila egiten zaion adierazten du, baina bere nahigabea handia da, Mirenekin ez baita zoriontsu eta lehengo larrimina berbera sentitzen duelako harekin. Ohikeria bilakatu da beren bizimodua eta tarteka bien artean grina izan bada ere, kea baizik ez da geratzen. Desiratzen zuena eskuraturik eta Miren gehiegiz goratu ote zuen, hutsunea sortzen ari zaio berriz ere. Mirenek maite egiten duela onartzen du, baina berak beste zerbait behar du. Harekiko sexu harremanek ere hustasunez uzten dute. Zoriona inoiz asetzerik ez dagoela gogoetatzen du, eta hala ere, ilun ikusten du bere etorkizuna eta ez daki zer egin.
II: Zerubiden ezkonberrien bikotea ikusten du eta bera ezkondu zenekoa gogoratzen du. Orduko Leturia, guztiz zoriontsua, eta egungoa, nahigabez beterik, alderatzen ditu. Pakeko ezkonberriak begiztatzen ditu eta biziak ikusten ditu; bera, ordea, guztiz zaharkiturik. Aukeratu izanak lilura kendu diola ondorioztatzen du.
III: Jon lagunarekin topo egin eta biek ezagutzen duten ezkon bikote baten hausturaz mintzo zaio. Jarraian, ezkontzaren eragozpenei buruz hitz egiten dio, seme-alabek dakarten lotura besteak beste; ezkondu aurretik, probatu egin beharko litzatekeela ere diotso. Azkenik, lagunak hilobitzat jotzen du ezkontza. Bitartean, Leturia isil isilik dirau. Etxean, ordea, guztiz etsirik, ezkonduta gizartearen aurrean gezurrez bizi beharra madarikatzen du.
IV: Mikelekin ere egon da. Neska batekin dabil guztiz maitemindurik, baina hala ere konpromisorik ez du nahi eta hilabete batzuen buruan eten egingo du harremana; bikote harremanen hasierako grina soilik bilatzen baitu, Don Juan moduan. Leturiaren iritziz, Mikelen zorionaren iturburua aukeratze eza da, baina azkenik ez aukeratzea aukeratzeko modua ere bada eta horrela, Mikelek bere burua engainatu besterik ez du egiten.
V: Miren etxean utzi eta paseo bat ematera doa Leturia. Inguruan, gizontxoak ikusten ditu neskak seduzitzen; nazka ematen dio faltsukeria-ikuskizunak eta lizunkeria hutsa deritzo. Azkenik, ordea, dena, maitasuna barne, senak bultzatutakoa dela eta naturaren mendean gaudela ondorioztatzen du, Freud aipatuz. Etxera joan eta bat-batean gizon bihurturik ikusten du Miren. Erotzen hasia ote den.
VI: Mirenengandik ihesi dabil Leturia. Miren eder ikusten ez duelakoan dago eta negarrez hasten da. Leturiak onartu egiten dio bere baitarako gorputzarekin loturiko nazka sentitzen duela. Ezkondu aurretik, Mirene gorputza bere sentimenduak asetzeko ez zen aski eta orain nazka ematen dio; orain, haren gorputzak grinaren mendean dagoela dakarkio gogora. Bien arteko harremana zailtzen doa; ez dute elkarrekin hitz egiten. Mirenek behin ere ez duela maite eta berekoi hutsa dela aurpegiratzen dio. Hala ere, besarkatu egiten du eta berak bai maite duela aitortzen dio. Momentuan bigundu egiten bada ere, bere pentsaera ez dela aldatu badaki.
VII: Beste emakume batekin zer gertatuko zen pentsatzen hasten da, baina gauzak berdin izango zirela uste du azkenik, bera baita ezkonduta huts egin duena. Bizitza ez galtzeko, zerbait egin behar duela badaki.
VIII: Zerubiden agure bati begira geratzen da eta bizitzaren iragankortasunaz hausnarketa egiten du. Agurea inguratu eta bizitza laster doala berresten dio eta heriotza ezinbestekoa. Bestalde, beretzat gerorik ez dagoela pentsatzen du. Berak bizi nahi du, ordea. Zerubiden, berriz, udazken giroa dago eta neguaren zantzuak daude.
IX: Leturiak edanari ematen dio penak ahanzteko. Mirenengan nolatan bilatu nahi izan zuen zoriona, nolatan bilatzen den besteengan zoriona galdetzen dio bere buruari. Lilurak bultzatzen gaituela ondorioztatzen du azkenik.
X. Ispiluen begiratuta ero itxuraz ikusten du bere burua, beste bat bailitzan, eta beldurra hartzen du; berdin jendearen begiradekin. Bart sesioa izan du Mirenekin eta ohean nabaritu du negarrez zegoela. Bihotza bigundu eta maitekorrago jokatzea pentsatzen du, baina beti bezala, gero badaki damutu egingo dela jokabide horretaz. Mirenek beste emakume batekin ibiltzen dela uste du eta gauzak miatzen dizkio. Horrela jarraitu ezin duelakoan dago.
XI: Jon laguna, Mirenekikoa dela eta beti hipnotizatuta zegoela aurpegiratzen ziona, maitemindu egin dela jakin du. Jonek buruarekin jokatzen omen zuen, baina aitortzen du bihotzak gehiago ahal izan duela oraingo honetan. Hortik Leturiak berak egindako akatsa bera mundu osoan zabaldurik dagoela eta belaunaldiz belaunaldi errepikatzen dela baieztatzen du. Zentzugabea da bere iritziz bikotea aukeratzeko irizpidea: gehienetan bizi garen inguruan aukeratzen dugu bikotekidea eta beste batek aukeratuak garenean ere, haren zorion-egarria asetzeko gauza omen gara.
XII: Edanda berriz, zorion mina maitasunaren liluraz asetzea bilatzen dugula gogoetatzen du, jakin gabe lilura iragankorra dela eta zoriona iraunkorra; beraz, liluraz zoriona ez dugula aurkituko ondorioztatzen du. Horregatik, helbururik ez dela finkatu behar uste du, ezer ez baita betirako; nahiak betekizun utzi behar direla, Budaren irakaspenei erreferentzia eginez.
XIII: Etxean ezin ditu jasan Mirenen maitakeriak, beti "maite zaitut" eta horrelakoak esaten; hori dela eta, betiko istiluak sortzen dira.
XIV: Betiko nekeak bizi arren, aspaldian ez du idatzi Leturiak. Bart, ordea, gertaera larria izan da. Ametsetan Miren itotzen zuen lepotik helduz. Miren garrasika hasi da eta bera ere bai, esnatu ezinik. Izututa zegoen Miren esnatu denean eta galdezka hasi zaio, bian berak amesgaiztoa besterik ez zela esan dio.
XV: Etxetik alde egitea erabakitzen du, Mirenekikoa lilura besterik ez dela izan sinetsita. Parisera joango da, bizitza berri bat hasteko, Miren uzteak mina ematen badio ere, jakin baitaki okerragoa dela geratzea eta zuzendu nahi du beranduegi baino lehen. Mireni esango dio egun batzuetarako bakarrik doala, lan kontuak direla eta, berarekin joatea eragozteko.
Negua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]I: Trenean dagoela, Pariserako bidean, idazten du Leturiak. Biziberriturik eta ilusioz beterik dago, haur jaioberria bezala, bizitza berri bat herrialde eta hizkuntza berri batean. Mirenen agurra gogorra izan da, maite duela eta behar duela esanez; susmatu ere egiten zuen senarra galdu behar zuela. Leturiak, ordea, garbi dauka bere bidea bilatu behar duela.
II: Parisko giro bizia liluratu egiten du. Hiri amaigabea eta ahaztezina da beretzat, mila bazter dituena —eta horietako askoren aipamena ere egiten du—. Hasieran Zerunbidera joaten zeneko sentipena dakarkio, gazte eta bizirik sentitzen baita.
III: Zorionbidea Jainkoa dela daki orain, betetasuna eta egiaren jatorri. Garbi dakusa orain emakumeen maitasunean ez duela zoriona aurkituko, ezta beste ezein lilurarekin ere. Horregatik, lilura guztiekiko lotura eten eta helmugak urruti jarri behar direla deritzo, amaigabean, inoiz hel ez gaitezen, beti zoriontsu izateko.
IV. Aurreko ideiak berretsiz, beti aurrera jo behar dela deritzo, ohitura baita lilura hiltzen duena. Horregatik, erlijioa onetsi egiten du, bizitza osoa bide moduan planteatzen baitu, heriotzaren ondoren jarriz helmuga. Erlijioaren balioa frogatzeko, historian zehar izan duen presentzia etengabea adierazten du; erlijioaren balio eza froga ezinezkoa dela adierazten du, bestalde, bere faltsutasuna, mundutik at izatean, ezin baita frogatu. Gizakiaren akatsek eta larriminak ere frogatzen dute bizitza bide bat dela, bestela bizitzarekin nahiko izango genuke.
V: Aurreko ideiak argituz, bizitza bidea bada ere, helmuga ere jakin behar dela idazten du Leturiak, nondik jo jakiteko, ibiltzea bera ez baita helburua. Nondik jo ez dugu jakiten eta itsu ibiltzen gara.
VI: Jainkoari buruzko beste gogoeta zenbaiten artean, Jainkoa edo Absolutua gidari izan behar dugula dio, baina nola aurkitu?
VII: Bizitzan eta munduan etengabe ibili eta higitzeak bakerik ez dakarrelakoan dago aldi berean. Munduak igarokorra soilik eskaintzen badu, garbi ikusten du bizitzak ezin duela gure hutsunea bete.
VIII: Erlijio anitz dago munduan eta bakoitzak bereari eusten dio, bestearena arbuiatuz, guztiak postulatu eta dogmetan oinarriturik badaude ere. Zuzena eta egiazkoa zein den ezin esan, beraz. Bestalde, gizabanakoak ez du erlijioa aukeratzen, jaioterriz, familiaz eta kulturaz bertako erlijioa aukeratzen baita gehienetan, jostailu baikinen, norberak arrazoiz eta egiaz aukeratu duela uste arren. Berdin gertatzen da politikan eta maitasunean, nork bere herria defendatzen du eta maitalea ere herrikideen artean aukeratu ohi da. Beraz, ez gara aukeratzeko aske eta aukeramena Jainkoari soilik dagokio. Jakintza arloetan ere, zein postulatutik abiatu, egia desberdinetara helduko da. Ezin da, orduan, ezer ziurtatu eta fedez jokatu behar da. Itsu jokatzen dugu eta ondorenean soilik jakingo dugu noraino heldu garen.
IX: Horri buruzko liburu bat irakurrita, heriotza bizitzaren muga eta absolutu dela adierazten du, bizitzari zentzua ematen diona, ezingo baita bizitza bi aldiz bizi. Kanposantuetako giro isila eta baketsua aipatzen du, kontrakarrean egonezina eta urduritasuna ere eragiten dituena, heriotzaren ondoren datorrenaren beldurrez edo. Leturiak, ordea, nahiago du kanposantua hiriko kale zaratatsuak baino. Parke txiki lasai batean dago: geldia eta baketsua izan arren, eta bizitzan ibili behar dela baieztatu arren, gustura dago han, hustasuna aurkitzen baitu bertan, egia aurkitu ezinik.
X: Egia aurkitzeko, intuizioz edo aurreiritzietatik abiatu behar da eta adimenaz baliatuko da. Hala ere, egiara guztiz heltzea ez da posible. Egia, gainera, zorionerako bilatzen da, eta zoriona emozioa da eta ez dagokio adimenari. Adimenaz, beraz, ez gara helduko zorionera, ez da eskuratuko benetako egia, mugatua baita.
XI: Bidea atzeman ezinik, bere burua arrotz ikusten du, ilunpean. Sacré-Cœur basilikarekin egiten du amets, han bildutako gazteen artean egon da Paris zabalari begira.
XII: Egiaren bilaketa baso ilun batean gertatzen da eta horretan zuzi moduan adimena soilik daukagu, eskasa mundu osoko egia argitzeko. Orain arte, aurreko guztiek porrot egin dute bilaketa horretan. Beste alde batetik, nitasunari buruzko gogoetak egiten ditu: norbera erabat ausaz eta ustekabean jaio dela dio eta hutsa da mundu osoarekin alderaturik. Hortik ulertzen da aukeratu eta mundua adimenaz ulertzeko ezina. Horrela, aukeratzea gizabanakoaren sustraia ez dela adieraztera heltzen da Leturia, lehen pentsatzen zuenaren bestera.
XIII: Mirenen gutuna jasotzen du: maite duela eta bere beharra duela erregutzen dio. Leturia guztiz hunkitu eta harenganako maitasuna berpizten zaio. Damu da Mirenekin nola jokatu duen, harro eta berekoi.
XIV: Bere pentsamenduetan murgildurik dago berriz Leturia. Adimenak inora ez daramalarik, zoriona helburua duen sentimenduak, maitasunak hain zuzen, zorionera heltzea du helburu, nor bere burua besteari eskainiz. Adimena eta sentimendua alderaturik, sentimenduak gehiago betetzen duela deritzo. Maitatu beharrekoa bilatu behar da, ordea, zeinen zerbitzari izan, maitatzea nor bere burua sakrifikatzea den arren. Leturiak bera behar dutenen maitale eta zerbitzari ikusten du orain bere burua. Adimenaz egiara ezin iritsi badaiteke ere, Jainkoa badela sinestearekin betetasuna eskuratzeko aski dela deritzo.
XV: Mirenen, eta bata aberriaren alde ere, bizi behar duela ikusten du argi orain Leturiak, nondik datorkion galdetu gabe, bera garai eta inguru bati dagokiola konturaturik. Altzurainera itzultzea erabakitzen du, Mirenei barkamena eskatuta bere egunkarian.
XVI: Miren hilzorian aurkitzen du. Bere ingurukoek gorrotozko harrera egiten diote, baina Miren guztiz maitasunez hartzen du. Sendagilearengana doa.
XVII: Medikuak Mirenek sendabiderik ez duela adierazten dio. Etsirik, Leturiak erruduntzat hartzen du bere burua. Errua garbitzeko, aurrerantzean guztizko maitasunez jokatzea erabakitzen du. Sendatzeko belarrak darabiltzan apaiz batengana doa laguntza bila. Mirenen alde otoitz egiten du.
Liburua ohar batez amaitzen da, non biltzaileak kazetako albiste bat jasotzen duen, leize batera erorita egun batzuk lehenago galdutako gizon baten gorpua azaldu dela berri emanez, Joxeba Leturia itxura guztien arabera. Biltzaileak Leturiak ezagun zituen tokiak bisitatzen ditu, Zerubide eta Altzurain eta Leturiaren emozio berberak sentitzen ditu berak ere.
Erreferentziak kulturan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zura musika taldeak 11 abestiko Egunkari Ezkutua diskoa sortu zuen 2015ean liburuko letrak musikatuta.[1]
- Nakar musika taldeak liburuko nakar eta nazkatuta nabil, bizitzeko gogoak arras itzaliak esaldia sartu zuen Nakar izeneko kantuan.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aizpuru, A. 2012: "Existentzialismoaren hastapenak Euskal Herrian: Leturiaren egunkari ezkutua" in Alaitz Aizpuru(koord.), Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-435-9
- Azurmendi, J. 2000: "Kierkeggard-en <<egunkari ezkutua>>" in Txipi Ormaetxea (arg.), Txillardegi lagun giroan, Bilbo: UEU ISBN 84-8438-007-6
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «DISKO KRITIKA: ‘Egunkari ezkutua’ (Zura)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-01).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Iñaki Bastarrikaren liburuaren gaineko kritika. Jakin aldizkaria, 1957
- Txillardegik berak Bastarrikaren kritikari emandako erantzuna. Jakin, 1958
- Nemesi Etxanizek eginiko kritika, Euzko Gogoa, 1957Euzko Gogoa
- Andima Ibinagabeitiaren kritika. Euzko Gogoa, 1957-05Euzko Gogoa
- Bigarren argitaraldiaren harira Txillardegik idatzitako amaiera . (Leopoldo Zugaza Editor, 1977)
- Euskaltzaindiaren Euskera agerkaria Donostian, 2007ko uztailaren 16-18 bitartean, Txillardegiren eleberriaren argitalpenaren 50.urteurrena dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak antolatu jardunaldietan egindakoak.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jose Luis Alvarez Txillardegiren lanak | ||
---|---|---|
Hizkuntzalaritza: Euskal gramatika • Euskal fonologia • Elebidun gizartearen azterketa matematikoa• Euskal dialektologia • Euskal azentuaz • Soziolinguistika matematikoa |