João Bernardo Vieira
João Bernardo "Nino" Vieira (Bissau, 1939ko apirilaren 27a - ibidem, 2009ko martxoaren 2a) gineabissautar militar eta politikaria izan zen. Hiru aldiz izan zen Ginea Bissauko presidentea (1980-84, 1984-99, 2005-09), 23 urte guztira.
Papel etnia gutxiengoko kidea zen. 1960an PAIGCn sartu zen eta portugaldarren aurkako gerrilla gerran parte hartu zuen. 1978an Luis Cabral presidenteak lehen ministro izendatu zuen. 1980ko azaroaren 14an presidente bihurtu zen Cabral kargutik kendu zuen estatu kolpe militar baten ostean.
Boterean 19 urte eman ondoren, 1994an alderdi anitzeko hauteskundeak antolatu eta irabazi zituen. Hala ere, gerra zibilean garaitua izan zen eta 1999an Portugalera ihes egin zuen.
2005ean herrialdera itzuli zen eta ekainean presidente hautatu zuten. 2009ko martxoan militarrek Vieira hil zuten Batista Tagme Na Waie armadaburuaren hilketaren ondoren.