Edukira joan

Isolina Pliego

Wikipedia, Entziklopedia askea
Isolina Pliego
Bizitza
JaiotzaIruñea, 1886
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaLodosa, 1968 (81/82 urte)
Heriotza modua: bihotzeko arritmia
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Isolina Pliego Soler (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1886Lodosa, Nafarroa Garaia,1968) maistra izan zen.[1]

Carolina Soler eta Emilio Pliego argazkilari ezagunaren alaba izan zen. Gaztetxotatik Isolinak irakasle izateko bokazioa izan zuen eta adierazi ere horrelaxe egin zuen. Familiak egoera ekonomiko eta sozial egokia zuen, baina aitak ez zuen uste alabek jakintzarako eta ikasketetarako sarbidea behar zutenik, halere, Isolina kontrakoa egiten saiatu zen. Iruñeko Magisteritza Eskola Normalean maistra ikasketak egiten hasi zen, aitak jakin gabe.

Dena bere bidetik joan zen, harik eta tragedia familiara heldu zen arte. Aitak bizia galdu zuen zezen batek adarkatuta, argazki bat egiten ari zitzaionean. Handik laster familiaren argazki denda sute batek suntsitu egin zuen. Isolinak aurrera egin zuen eta ahizpa itsuaren ardura ere bere gain hartu zuen.

Maistra ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magisteritza ikasketak amaitu egin zituen eta maistra plaza eskatu zuen. Hasieran Berbintzanan kontratatu zuten, baina Lodosa izan zen behin betiko plaza. Nekazari herri hartan instalatu zen alokatutako etxe batean ahizpa itsuarekin batera.[1]

Lodosan neskatoei eskolak emateaz gain akademia bat sortu zuen, non Oinarrizko Batxilergoa ikas zitekeen, berak frantsesa eta historia irakasten zituen. Herriko jendearen aukera ezaz eta prestakuntza eskasaz sentsibilizatuta, klaseak ematen zizkien herritar heldu analfabetoei, emakume zein gizonei, eskola-ordutegitik kanpo, doan eta bere etxean.[1]

Aitarengadik jasotako geneengatik, agian, oso trebea zen artisau-lanak egiten, hala nola bordatua, joskintza eta gurutze-puntua. Horregatik, beti zegoen prest berak eskolan antolatzen zituen antzerkietarako jantziak eta eszenografia atontzeko. Jubilatu ondoren, 1960ko hamarkadan, lanean jarraitu zuen, ez zion Lodosagatik lan egiteari utzi nahi izan. Jubilatu ondorengo lehen lana erraldoiak diseinatu, egin eta janztea izan zen: txapeldun piper-saltzaile bat eta amantaldun nekazari andre bat egin zituen, azken horri Isolina izena jarri zioten herritarrek. Azken lan garrantzitsua Errege Magoen kabalgatako jantzi guztien diseinua izan zen: erregeak eta pajeak Isolinak jantzi zituen.[1]

Lodosako maistrarik maitatuena bihotzekoak jota hil zen, herritarrez inguraturik.[1]

Isolina erraldoia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964an Lodosako lehenengo erraldoien bultzatzailea izan zelako, erraldoia eskaini zioten Isolina Priego irakasleari. Erraldoi horrek 3,38 metroko garaiera du eta 38 kilogramo pisatzen ditu, herriko jaietan ateratzen dute beste erraldoiekin batera.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e «TIERRA DE ESTRELLAS : GUÍA HISTÓRICA DE LAS MUJERES DE TIERRA ESTELLA | Katakrak» katakrak.net: 337-338 orr. (Noiz kontsultatua: 2022-10-26).
  2. «Isolina erraldoia» EITB 2020-12-30 (Noiz kontsultatua: 2022-10-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]