Giza papilomaren birus
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Giza papilomaren birus | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | Papillomavirus infections (en) eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | human papilloma virus (en) |
Sortzen du | garatxoa |
Identifikatzaileak | |
GNS-9-MK | 079.4 |
GNS-10 | B97.7 |
GNS-9 | 078.1 eta 079.4 |
DiseasesDB | 6032 |
MeSH | D030361 |
Disease Ontology ID | DOID:11166 |
Giza papilomaren birusa[1] (GPB euskaraz, ingelesez HPV -human papillomavirus-) edo papilomabirusa[1] Papillomaviridae familiako birus ezberdinak dira. Papilomabirus generoan sailkatuta, birus honek 100 mota desberdinak ditu, amankomuneko ezaugarriak dituztenak: harizpi bikoitzeko DNA dute, ez dute bilgarririk (birus "biluziak" dira) eta kapside ikosaedriko batek material genetikoa babesten du. Birus hauek garatxoak edo papilomak sorrarazten dituzte (papilla = garatxo; oma = tumorea). Papilomak tumore onberak dira, gorputzeko hainbat ataletan agertzen direnak (eskuetan edo oinetan, laringean, genitaletan...). Hala ere, birus hauetako batzuek lotura estua dute hainbat minbizi motekin.
Birus mota hauek izendatzeko haien izen laburtua (GPB) erabiltzen da zenbaki bati lotua. Esaterako, GPB 1 birusa, GPB 2, GPB 16, etab.
Garatxo genitalak (kondiloma akuminatuak), laringeko garatxoak (papilomatosi laringeoa) edo larruazaleko ohiko garatxoak (eskuetan eta oinetan, batez ere, agertzen direnak) dira giza papilomaren birusek eragin ohi dituzte asaldurak. Kondiloma akuminatuak edo genitaleko garatxoak arruntagoak dira sexu harremanak mantetzen dituzten pertsonengan (emakumeengan gizonezkoengan baino sarriago agertuz).
Sexu-transmisiozko infekzioen artean, zalantzarik gabe, GPBarena da ohikoena. Herrialde garatuetan biztanleriaren %80ak, gutxi gorabehera, bere bizitzaren une batean harrapatuko du birus hori. Zorionez, kasu ia gehienetan birusaren infekzioa asintomatikoa da sexu-organoetan, eta berez desagertzen da denboraren poderioz.
Kasu gutxi batzuetan, aldiz, garatxoak sortzeaz gain GPBak minbizia eragin dezake. Larruazaleko eta umetoki-lepoko minbizia dira ohikoenak. Emakumeengan, sexu-organoen minbizien %10aren atzean giza papilomaren birusa dago (GPB 16 eta GPB 18 motakoak, batez ere). Umetoki-lepoko minbizi kasu ia gehienetan, gainera, GPBak zer ikusi handia du. Gizonezkoengan, sexu-organoen minbizien %1ek lotura estua du birus honekin. Emakumeengan, papilomaren birus genitalaren infekzioak areagotzen badira, areagotu egiten da umetoki-lepoko minbizia izateko arriskua.
Birusaren infekzioa goiz detektatzeak eta tratatzeak umetoki-lepoko minbiziaren pronostikoa asko hobetzen du. Horrenbestez, 25 eta 65 urte bitarteko emakumeei umetoki-lepoko azterketa eta zitologia (Papanicolaou-ren froga) urtero egitea aholkatzen zaie, garatxoak edo ezohiko zelulak antzemateko. Birusa hautemateko DNA-zundak erabiltzen dira, papilomabirusak ez baitira hazten zelula hazkuntzetan. PCR teknikaren bidez ere birusa antzeman daiteke.
GPBak sortzen dituen garatxo gehienek ez dute tratamendu berezirik behar. Larruazalekoek, kasu ia gehienetan, arazo estetikoak besterik ez dituzte sortzen. Sexu-organoetan agertzen direnak interferoiarekin, krioterapiarekin edo laserrekin tratatzen dira, eta laringeko papiloma sendatzeko, aurrekoez gain, kirurgia erabiltzen da.
Gaur egun umetoki-lepoko minbizia eragiten duten papilomabirusen aurkako txertoak daude, eta herrialde batzuetan neska gazteei eman ohi zaizkie.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Euskalterm: [Ginekologia Hiztegia] [2015]