Ez Dok Amairu
Ez Dok Amairu Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista bat izan zen. 1965 eta 1972 bitartean jardun zuen, eta lau urte lehenago abiatutako Euskal Kantagintza Berriaren barruan sortu zen. Hainbat artistek osatu zuten; abeslariek eta idazleek nagusiki. Une hartan hain azpiratua zegoen euskal kultura suspertu eta berritu zuen. Batez ere kultura arlokoa izan zen arren, eragin handia izan zuen politikan, Francoren diktaduraren amaierako aldi hartan. Sekulako lan berritzailea egin zuten: euskaraz ordu arte egindako aipagarrienetakoa izan zen, eta mugarri bihurtu zen. Besteak beste, Nova Cançó Catalana mugimenduko Setze Jutges taldearen eragina jaso zuten.[1]
Euskal kulturaren antzinako sustraiekiko lotura egiteaz gain, euskal kantagintzako hainbat abesti bildu zuen, Amerikako Estatu Batuetako, Frantziako edota Kataluniako kulturatik jasotako forma modernoagoak ere garatu zituen, guztia Euskal Herriak garai hartan bizi zuen problematika sozial, kultural eta politikoaren esparruan garatu ere.
2003an, Korrikako 13. edizioan mugimendua espresuki omendu zuten, eta urte hartako abesti ofiziala Mikel Laboak interpretatu zuen, beste batzuekin batera.
Partaideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Joxan Artze
- Jexux Artze
- Luis Mari Bandres[2]
- Nestor Basterretxea
- Jose Angel Irigarai
- Lourdes Iriondo
- Mikel Laboa
- Julen Lekuona[2]
- Benito Lertxundi
- Xabier Lete
- Oskarbi (Iñaki Maritxalar, Joxe Luix Treku, Maite Aizkorreta, Mari Jose Fernandez, Itziar Maritxalar, Pello Garbizu)[2]
- Jorge Oteiza
- Urrikatz bikotea[2]
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izena, San Martinen estutasuna ipuin herrikoitik hartu zuten, amaiera aldera ageri den esalditik zehazki: «Ez dok amairu» (ez dago malefiziorik). Jorge Oteizak proposatu zuen izena. 1971ean, Benito Lertxundik Ez dok amairu (Elkar) izeneko diskoa atera zuen; besteak beste, Zenbat gera eta Urak dakarrena abesti ezagunak zekartzan. 1972an desegin zuten taldea, artean diktadura amaitu ez zela. Ordutik, hainbat partaidek euren ibilbidea segitu dute, eta erreferentzia bihurtu dira euskal musika eta kulturaren arloan.
« | [...] Abre Jorge (Oteiza) el Cancionero de Azkue por «Romances y Cuentos»[3] y lee aquello del diablo de Sanmartin «Martintxo esaik amairu» (Martintxo: di trece) y Martintxo «eztok amairu» (no hay trece) y exclama «eso, eso, rompamos el maleficio que pesa sobre la cultura del país», de donde más tarde el nombre de «Ez dok Amairu» al grupo que integraría a todos» | » |
—"Xabier Lete, un poete basque sous le franquisme, une conception de la finalité du langage poétique". Aurélie ARCOCHA |
Taldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Kantagintza Berria eta euskal kulturaren berpizkundea nekez ulertzen ahalko ziren Ez Dok Amairu taldeak egin zuen ekarpenik gabe, modernitatea eta garai berri bat ekarri baitzituen gure musikagintzara. Izen horren inguruan, gerora oso ezagunak izanen ziren kantari asko elkartu ziren (Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Julen Lekuona...) baita idazle (Jose Angel Irigarai, Joxean Artze...) eta artista ugari ere. Zerrenda luzea zen. Talde gisa, Baga, biga, higa sentikaria izan zen Ez Dok Amairuk utzitako fruiturik nabarmenena.
Euskal Kantagintza Berriaren talde nagusia 1965. urtean hasi zen forma hartzen, baina 1966a gertatu zen sorrera urte ofiziala. Katalunian haur psikiatrian espezializatzeko egindako egonaldian ezagutu zuen Mikel Laboak nova canço izeneko mugimendua, eta, bereziki, Els Setze Jutges taldea. Euskal Herrira bueltatzean, antzeko zerbait egiteko lehen kontaktuak egiteari ekin zion. Concurso de Artistas Noveles delako lehiaketan saritu berri zuten Benito Lertxundi abeslariarekin jarri zen harremanetan. Ondoren, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Joxean Artze... kontaktatu zituen.
1965eko amaieran Mikel Laboak eta Xabier Antzak Jorge Oteiza eskultorearengana jo zuten, eta kantagintzaren inguruan talde iraunkor eta berritzailea sortzeko zuten ideiaren berri eman zioten. Oteizak izena eman zion taldeari, Resurreccion Maria Azkuek Euskalerriaren yakintza liburuan jasotako Martin Errementariaren ipuina baliatuta. Ez Dok Amairu horrekin hamairu zenbakiaren malefizioa apurtuko zuten, euskal kultura garaikidearen malefizioa alegia. Taldearen logotipoa, txalaparta bat, Remigio Mendiburuk egin zuen.
Taldearen helburuetako bat kantu zaharrak berreskuratzea zen, tradizioa ezagutarazteko. Eta hortik abiatuta, kantu berriak sortzea ere. Mikel Laboak honela azaldu zuen: "Garai batian beste ritmo batzuekin gertatu zen bezala, orain ere sortuko da euskal abesti berri eta berezi bat, latindarren eta anglosajondarren desberdina. Bere sello berezia izango duela esan nahi dut. Gainera bere gaia mamitsua izatea lortu behar litzake (alegia, problema espiritualekin, sozialekin ta...), tamala baita jendeari iristeko, horrelako bide on bat alperrik galtzea".
Kursaalgo sotoetan egindako hasierako bileretatik taldea desagertu zen arte, Ez Dok Amairuk partaide asko izan zituen. Kide nagusien artean honako hauek: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Jose Antonio Villar, Jose Angel Irigarai, Joxean Artze, Jesus Artze, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Felix Sarasola, Juan Mingo, Luis Bandres, Jean Paul Arregi, Jose Mari Zabala... Horrez gain, taldearen barnean, hainbat talde izan ziren, Oskarbi, Biurriak eta Yoloak.
Garaiko testuinguruak berebiziko garrantzia izan zuen Ez Dok Amairuren sorreran. Maila ideologiko eta intelektualean, Jorge Oteizaren ideiek garrantzi handia izan zuten. Artista oriotarrak 1963. urtean "Quousque Tandem...! euskal arimaren interpretazio estetikoa" liburua argitaratu zuen, euskal kulturaren berpizkundea proposatuz. Halaber, Euskal Arte Garaikidearen Eskola sortzearen aldeko proposamena bultzatu zuen.
Kantagintzan, taldearentzat oso garrantzitsua izan ziren Nemesio Etxanizen eta Mixel Labéguerieren ekarpenak. Halaber, Kataluniako nova canço-z gain, garaiko beste hiru iturri nagusitatik hartu zuten inspirazioa Ez Dok Amairuko kideek: Hego Ameriketako kantagintza (Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra...), kantagintza frantziarra garaikidea (Georges Brassens, Leo Ferre, Jacques Brel...) eta AEBetako folk berria (Bob Dylan, Pete Seeger, Joan Baez...).
Taldearen lehen emanaldiak 1966ko urtarrilean izan ziren, Hernanin eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Dena den, oraindik ez zuten taldearen izena erabili, Jarrai antzerki taldearen eskutik izan ziren emanaldiok. Ez Dok Amairuren lehen emanaldi ofiziala 1966ko martxoaren 6an izan zen, Irungo Bellas Artes antzokian. Sorrerari sarrera emateko, Xabier Letek Martin Errementariaren ipuina kontatu zuen emanaldiaren hasieran. Taldearen filosofia honako hau zen: bakoitzak aberastu behar zuen taldea, eta taldeak bakoitza. Egitura malgua izan arren, nolabaiteko antolaketa ere izan zuen Ez Dok Amairuk: Joxean Artze zuzendari artistikoa zen, Jose Angel Irigarai antolatzaile zuzendaria eta Nekane Oiarbide administrazio eta harreman publikoaz arduratzen zen.
1966ko urtarrilaren 9an, igandea, eguerdiko 12:15ean, ekitaldi kultural ezohikoa ospatu zen Hernanilko Aitor antzokian: Jaialdi berezia. Egitarauaren arabera, jaialdian parte hartu zuten talde hauek: Joxan Villa (Juan Mari Lekuonak eginiko lanak kantatu zituen), Mikel Laboa, Julian Lekuona eta euskal musika tradizionala kantatzen zuen sanjuandar Kemen Hirukoa. Bertan izan zen ere Biurriak taldea, Arantxa eta Ixiar Gurmendi ahizpa donostiarrak, Zarauzko Naya musika taldeak lagunduta, Orduan, ye-ye deitzen zioten musika euskaraz kantatzen zuten. Oraindik Ez Dok Amairu izena jarri gabe zegoen.
.[4]
« | [Hernaniko 1966ko jaialdian...] Musikak ez ezik, estetikak ere pauso handia eman zuen. “Lehen, kaikua -euskal arropa tradizionala janzten bazen, orain erabiltzeari utzi zitzaion; mototsa erabiltzeari utzi eta adats luzeak azaltzen hasi ziren; lehen, ‘flekilorik’ erabiltzen ez bazen, orain, bai. Mutilek ez zuten txapelik eramaten. Ez aurka zeudelako, euren estetikarekin bat ez zetorrelako baizik”. Horren adibide bi jaialdietan parte hartu zuten aurkezleak izan ziren: “Arantxa Gurmendi ‘flekilodun’ neska liraina zen. Minifalda eta bota luzeak janzten oso ausarta izan zen. Ramon Saizarbitoriak, berriz, orrazkera berezia izateaz gain dotore janzten zuen. Orduko modernitatearen bi kimu”. | » |
—Mari Karmen Garmendia (Miren Orreaga)[4] |
Taldeak egindako emanaldi ugari eta lortutako ospeari esker, Ez Dok Amairuren barnean zeuden kantariek ere bakarkako diskoak argitaratzeko aukera izan zuten urte horietan. Askotan Ez Dok Amairu izena erabiltzen zuten diskoetan. Horrela egin zuten, esate baterako, Benito Lertxundik eta Lourdes Iriondok argitaratu zituzten lehen bi disko txikietan. Dena den, taldearen izenpean disko bakarra argitaratu zuten, Euskal kantari berri hautatuak bilduma (Herri Gogoa, 1970). Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Oskarbi eta Irigarairen kantuak zeuden bertan.
Euskal Herrian zein atzerrian emanaldiak egiteaz gain, Ez Dok Amairuk lan garrantzitsua egin zuen gustuko zituzten kanpoko musikarien promozio lanetan ere. Taldeak iraun zuen bitartean musikari garrantzitsuak ekarri zituzten Euskal Herrira jotzera: Raimon, Guillermina Motta, Atahualpa Yupanqui, Barbara Dane eta Pete Seeger, besteak beste.
Ez Dok Amairuren beste ekimenetako batek polemika handia eragin zuen 60ko hamarkadaren amaieran. Kideek profesionalizazioaren aldeko apustua egin zuten. Xabier Leteren esanetan, "Ez Dok Amairukoak kantaldiak antolatzen hasi ginen. Baldintzak jartzen genituen, lokal egokia, mikro onak, egun eta ordu egokiak, sarrera kobratzea eta kantariei ordaintzea. Hor sortu hituen istiluak. Antolatzaileek onartzen ziaten planteamendua, baina horrek ondorioz zekarren kostoa ez ziaten onartzen". Ildo horretan, 1970eko urtarrilaren 11n Zeruko Argian profesionalizazioaren aldeko agiri bat argitaratu zuten Ez Dok Amairuko kideek. Baina garaiko Euskal Herrian ideia hori ez zen begi onez ikusten, eta kritika latzak jaso zituen taldeak; besteak beste, "faltsuak" eta "diruzaleak" izatea leporatu zieten.
Talde gisa, Baga, biga, higa... sentikaria izan zuten proiekturik inportanteena. 1970eko abuztuaren 22an estreinatu zen Portugaleten, eta 1972. urtean taldea desegin zen arte iraun zuen. Fernando Larrukertek eta Jose Luis Zabalak grabatu zuten azken saioa.[5] Garaiko gizarteak zituen kezkak eta arazoak islatu nahi zituzten sentikarian. Horretarako, ezohiko emanaldi bat prestatu zuten, bi zatitan banaturikoa, taldearen osotasuna agertzen zuena. Sentikariaren hasieran eta amaieran elkarrekin dantzatzen zuten Baztango mutil dantza. Gainerakoan, antzerkia, dantza, poemen irakurraldia eta kantak ziren osagai nagusiak. Sentikaria Euskal Herriko toki askotan aurkeztu zuten: Urnietan, Tolosan, Donostian, Bilbon, Elorrion, Uztaritzen, Iruñean, Barakaldon... Baita Euskal Herritik kanpo ere: Bartzelonan, Pauen, Bretainian...[6][7][5] Euskal kultur mugimendu abangoardistak lortu zuen bere talde-izaera bururaino eramatea; kanta, poesia, dantza eta antzerkia, txalapartaren doinuz uztartzen zituen ikuskizun horrekin.[6] funtsezko eragile edo arte-zuzendari gisa Joxan Artzeren lana nabaritu zen, batez ere.[5]
-
Kartela
-
Artze anaiak txalaparta aurrean
Ez Dok Amairu 1972ko abenduan desegin zen; barne krisia urtebete lehenago hasia zen. Hainbat arrazoik eragin zuten taldearen amaiera, kontu artistikoak eta sozialak elkartu ziren. Baga, biga, higa sentikariaren bi disko grabatuta zituen taldeak. Hasiera batean, sei kanturekin arazoak izan zituzten, baina azkenean zentsura igaro zuten diskoan grabatutako abesti guztiek. Dena den, kaleratu aurretik bi abestik eztabaida eragin zuten talde barruan: Lourdes Iriondok musikatutako Gabriel Arestiren poema batek eta Joxean Artzeren kantu batek. Taldean ez zen adostasunik lortu, eta, azkenean, grabatuta zegoen disko hori ez zen inoiz argitaratu.
Garaiko egoera politikoak ere eragin zuen desegitean. Taldean ikuspegi asko zeuden, eta hori gero eta agerikoagoa zen. Kanpoko eragileek taldearen gaineko kontrol ideologikoa ezarri nahi izan zuten, eta horrek barne tentsioak areagotu egin zituen, banantzea ekarri arte. Dena den, taldekideek ez dute inoiz azaldu taldea zergatik desegin zen.
Barne eztabaida gertatu zen bitartean beste afera bat izan zen. 1971ko urriaren 31n gaupasa egin zen Larraizko belardian, Txindokiren magalean. Ez Dok Amairuko zenbait kidek hartu zuten parte, Lertxundi, Laboa eta Artze anaiak tartean, eta hiru mila lagun bildu ziren bertan. Eskandalu handia sortu zen, akelarre bat izan zela zabaldu baitzuten hainbat hedabidek eta Ez Dok Amairuren kontrako kanpaina gogor bati ekin zioten.
Desegin ondoren, bi talde sortu ziren Ez Dok Amairuren errautsetatik. Batak sentikariaren ildotik segitu zuen lanean, Ikimilikiliklik ikuskaria sortuz. Joxean Artzek, Mikel Laboak, Jose Mari Zabalak eta Jesus Artzek osatu zuten talde hori, Jose Luis Zumeta margolariaren laguntzaz. Ikimilikiliklik Algortan (Getxo, Bizkaia) eman zen lehen aldiz, 1975eko apirilaren 18an. Gero, 40 bat aldiz taularatu zuten Euskal Herriko hainbat herritan. Kanpoan ere eskaini zuen taldeak, Bordele (Frantzia), Valladolid (Espainia) eta Zaragozako (Espainia) unibertsitateetan.
Ez Dok Amairuko beste kide batzuek berriz, Zazpiribai taldea sortu zuten. Bertan zeuden Lertxundi, Lete, Irigarai eta Iriondo, Ipar Euskal Herriko beste kantari batzuekin: Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Patxika Erramuzpe, Ugutz Robles-Arangiz, Maite Idirin, Eneko Labegerie...
2003. urtean AEK-k antolatutako Korrikak Ez Dok Amairu omendu zuen.
-
Benito eta Jose Angel
Dokumentala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zai, zoi, bele (Orio produzioak) sei ataleko dokumentalak taldearen sorrera, bilakaera eta amaiera aztertzen ditu.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat «Ez Dok Amairu» artikulutik hartua da. Artikulu hark Gontzal Agote du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ Aranguren, Gaizka; Rodrigo, Beñat. «Ez Dok Amairu - Itxi Liburuak» EITB Euskal Irrati Telebista (Orio Produkzioak S.A. - EITB) (Noiz kontsultatua: 2022-03-28).
- ↑ a b c d e Treku, Joxelu. (2017). Doinu zaharren haritik euskal kantu berriaren bidean : (Oskarbi taldea 1966-2017) /. Ba Dok Oskarbi Musika Elkartea, ISBN 978-84-697-3146-8. (Noiz kontsultatua: 2024-07-08).
- ↑ Azkue, Resurrección María de. Cancionero popular vasco. , 150 (ikus 7. or.) or..
- ↑ a b (pdf) Ez Dok Amairuren hitzaurre izan zen jaialdia. .
- ↑ a b c Estornés Zubizarreta, Idoia. (2021). «Ez dok Amairu - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Eusko Ikaskuntza) (Noiz kontsultatua: 2021-08-17).
- ↑ a b Apaolaza Avila, Urko. (2020-07-30). «Taldearen hasiera eta amaiera» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
- ↑ Aristi Urtuzaga, Francisco (2002). «Nueva Canción Vasca. 1960-1985». Enciclopedia Auñamendi.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1970eko agiria: "Gure jokabidearen berri"[Betiko hautsitako esteka]
- Ez Dok Amairu taldeak Donostian 1971. urtean emandako ekitaldiaren argazki sorta, GureGipuzkoa.net webgunean.
- Euskaltzaindia: «Ez Dok Amairu: 1966-03-06 / 1972ko abendua», Plazaberri.