Edukira joan

Europako Kontu Auzitegia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Europako Kontu Auzitegia
Datuak
Izen laburraECA
MotaEuropar Batasuneko Erakundeak eta Kontuen auzitegia
Agintea
ZuzendariaTony Murphy (en) Itzuli
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1977ko urriaren 18a
webgune ofiziala
Facebook: EUauditors Twitter: EUAuditors Instagram: euauditors LinkedIn: euauditors Youtube: UCEQM9Tm61tZ06hW3tWfTm7w Edit the value on Wikidata
Europako Kontu Auzitegiaren egoitza, Luxenburgon.

Europako Kontu Auzitegia Europar Batasuneko (EB) instituzio bat da. 1975ean ezarri zen, eta bere funtzio nagusia EBren diru-sarrerak eta gastuak legez eta erregulartasunez egin eta modu eraginkorrean kudeatu diren aztertzean datza. Izan ere, EBko baliabideak behar bezala eta Europako herritarren onurarako erabiltzen direla bermatzea du helburu.

Europako Kontu Auzitegiaren auditoriak EBko finantza-kudeaketaren legezkotasunean, erregulartasunean, efizientzian eta eraginkortasunean oinarritzen dira. Haren txostenak eta iritziak Europako Parlamentuari, EBko Kontseiluari eta Europako Batzordeari aurkezten zaizkie, publikoak dira baina ez dute modu zuzenean herritarrei erantzuten. Azken finean publikoak direlako, baina ez zaizkie herritarrei modu zuzenean aurkezten. Txosten horiek EBko baliabideen erabileraren gardentasuna, erantzukizuna eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen dute, eta EBko finantza-kudeaketaren esparruan kontuak emateko eta erabakiak hartzeko oinarri bat ematen dute.

Laburbilduz, Europako Kontu Auzitegia EBko kontuak eta finantza-kudeaketa ikuskatzeaz arduratzen den EBko instituzioa da, EBko baliabideak modu legal, erregular, eraginkor eta eraginkorrean erabiltzen direla ziurtatzeko.[1]

Ibilbide historikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako Kontu Auzitegiak Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE) izeneko nazioarteko Erakundean du jatorria. Honela labur daiteke bere ibilbide historikoa:

  • 1975: Kontu Auzitegia sortu zen Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren organo laguntzaile moduan.
  • 1992-1993: Maastricht-eko Tratatuarekin batera, instituzio estatusa hartu zuen.
  • 2009: Lisboako Tratatua indarrean sartu zenean, Europako Kontu Auzitegiak aldaketak izan zituen bere osaera eta funtzioetan. Kontu Auzitegiko kideen agintaldia 6 urtekoa da, berritu daitekeena. Eskumen berriak eskuratu zituen, hala nola EBko kontuen eta eragiketen legezkotasunari eta erregulartasunari buruzko fidagarritasun-adierazpenak egiteko aukera, bai eta EBko finantza-kudeaketaren efizientziari eta eraginkortasunari buruzkoak ere.[2]

Europako Kontu Auzitegia Europar Batasuneko estatu kide bakoitzeko nazional batez osatzen da, hortaz, 27 kidez. Estatuek proposatu eta Kontseiluak sei urterako izendatzen ditu, gehiengo kualifikatuz hartutako erabakiaren bidez eta Parlamentuari kontsulta (loteslea izango ez dena) egin ondoren (EBFT−Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua−286. art.). Gainera, bigarren agintaldi baterako berrautatua izateko aukera izango dute. Estatu kide bakoitzak bere kabuz aukeratzen ditu Europako Kontu Auzitegiko kideak izateko hautagaiak, hau da, bere arau eta prozeduren arabera.

Kontu Auzitegiko kideek profesionaltasun zein independentzia ezaugarriak izan behar dituzte, eta beraien eginkizunak arduraldi esklusiboan eta iraunkorrean betetzeko konpromisoa hartzen dute. Kontu Auzitegiko kideak beraien Estatuetan kanpo-kontroleko instituzioetako kide izan diren edo eginkizun horretarako kualifikazio berezia duten pertsonen artean aukeratzen dira. Horretarako, kide horiek auditoretzan, kontabilitatean, zuzenbidearen eta kudeaketa publikoaren arloan duten esperientzia eta gaitasuna hartzen dira kontuan.

Kontu Auzitegiak kideen artean banatzen ditu kontrol-eskuduntzak. Bakoitzak zuzeneko erantzukizuna du gastuak eta diru-sarrerak kontrolatzeko Batasuneko zenbait sektoretan eta Auzitegiaren beraren jardueren zati batean. Kide bakoitzaren ardura da, Kontu Auzitegiaren aurrean, esleitu zaizkion sektoreetan beharrezko egiaztapenak egitea eta gainerako kontrol-sektoreen berri izatea.[3]

Europako Kontu Auzitegiak presidente bat du, eta Auzitegia osatzen duten kideen artean aukeratzen dute, hiru urterako. Presidenteak Auzitegiaren bilerak zuzentzen ditu eta Auzitegia ordezkatzen du Europar Batasuneko beste instituzio batzuekin eta estatu kideekin dituen harremanetan.[4]

Gainera, Kontu Auzitegiak idazkaritza bat du, Auzitegiaren funtzionamendurako behar den administrazio-laguntza emateaz arduratzen dena. Idazkaritza 800 funtzionariok osatzen dute, eta hainbat lan egiten dituzte, hala nola txostenak prestatzea, espedienteak kudeatzea eta bilerak eta auditoretza-misioak antolatzea. [5]

Bere funtzio nagusia Europar Batasuneko funtsak era egokian sartzen eta gastatzen direla kontrolatzea da (EBFT 287.1. art.).[1]

Ikuskapenen objektua kontu ekonomikoak dira.[6] Izan ere, Kontu Auzitegiak kanpo-kontrola baino ez du aurrera eramaten, zeren eta EBko instituzio eta organismo bakoitzak bere barne-kontrolaren ardura izaten jarraitzen du (aurrekontuaren betearazpenaren barne-zaintza, konpromisoen kontrola, gastuen antolamendua eta diru-sarreren kontrola). Batez ere, bere ikuskapenak Batzordean zentratzen dira. Izan ere, instituzio hori Europar Batasuneko aurrekontuak errealitatera eramateaz arduratzen da.

EBko instituzioak eta organismoak kontrolatzeaz gain, Europar Batasunetik funtsak jasotzen dituzten estatuak (kideak izan edo ez) ere ikuskatzen ditu, ziurtatzeko diru hori behar bezala erabiltzen dela. Hori bai, horrelako kontrola egitekotan, finantza kontroleko instituzio nazionalekin batera egingo da.

Kontuen azterketa honako irizpideak jarraituz egin behar da (EBFT 287.2. art.):

  • Legezkotasuna. Tratatuetan ezarritako aurrekontu-arauak, finantza-erregelamendua eta bestelako egintza juridikoak errespetatu.
  • Zuzentasuna. Kontabilitate-ikuspegitik, operazioak behar bezala kontabilizatu behar direla ikuskatu.
  • Finantza-kudeaketa ona. Operazioei buruzko balorazioa eman (aukera politiko edo ekonomikoa, irizpide etikoak, koherentzia beste politikekin…).

Normalean, finantza kontrola operazioak egin eta gero gauzatzen da. Hala ere, aukera dago aldez aurretik egiteko; horrela, akatsik egotekotan, errazagoa izango da zuzentzea.

Diktamenak (erabakiak) eman ditzake. Horiek Tratatuetan aurreikusitakoak izan daitezke (eta ondorioz, derrigorrezkoak izango dira). Horretaz gain, diktamenak eman ditzake instituzioek horrela eskatuta, baita berak hala erabakitzen duenean ere.

Horrez gain, iruzurraren, ustelkeriaren edo legez kanpoko beste jarduera batzuen susmoak baditu, horien berri emango dio Iruzurraren Aurkako Europako Bulegoari.

Bere funtzioak era egokian burutu ahal izateko, independentea izan behar da. Horregatik, hain zuzen, berak erabakitzen du zer ikuskatuko duen eta zelan egingo du ikuskapen hori, beste instituzio edo organismoen presioak jaso barik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Tribunal de Cuentas Europeo (TCE) | Unión Europea» european-union.europa.eu (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  2. Txantiloi:Es-ES-tradnl «Evolución histórica» European Court of Auditors (Noiz kontsultatua: 2023-05-11).
  3. Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 506-507. orrialdeak.
  4. Gobernanza | TRIBUNAL DE CUENTAS EUROPEO. (s. f.). https://www.eca.europa.eu/es/Pages/Structure.aspx
  5. Secretaría. (s. f.). Tribunal de Cuentas. https://www.tcu.es/es/organizacion/organos-del-tribunal-de-cuentas/secretaria-general/index.html
  6. Mangas Martin, Araceli eta Diego J. Liñan Nogueras (2020), Instituciones y Derecho de la Unión Europea, 10. ediz, Tecnos, Madril. 507-509. orrialdeak.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]