Edukira joan

Positibismo logiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Enpirismo logiko» orritik birbideratua)

Positibismo logiko, neopositibismo edo enpirismo logikoa, zientziaren filosofian XX mendearen lehen herenean sortu zen korrontea izan zen, eta bere ordezkari nagusiak Vienako zirkulua deitzen den filosofo eta zientifikoak izan ziren (Alemanez Wiener Kreis). Positibismoaren arabera, ezagutza lortzeko balizko metodo bakarra, metodo zientifikoa zen. Neopositibismoak, positibismotik bereizteko, metodo zientifikoaren auziari heldu zion, eta metodo zientifikoa, enpirikoa eta egiaztagarria den horretara mugatu zuen. Garai horretako pentsalari nagusiak, besteak beste, honako hauek izan ziren: Moritz Schlick, Ernst Mach, Bertrand Russell eta Ludwig Wittgensteinen.

Enpirista logikoek beren ikuspegi gnoseologiko eta metodologikoak barneratzen zituen zientziaren ikuspegi orokor bat plazaratu zuten. Perspektiba horren tesi ezagunena honako hau zen:“esaldi bat esanguratsua izatekotan metodo enpirikoarekin egiaztatua izan behar du edo bestela analitikoa izan behar du, gainontzean, ez da esanguratsua". Lehenen baldintza, zientzia enpirikoek betetzen dute soilik, eta bigarrena, logikak eta matematikak. Esaldi filosofikoen kasuan, ez dute baldintza bakar bat ere betetzen, ondorioz, filosofiak proposizio multzo bat izatetik zientziaren enuntziatuak aztertzen dituen analisi logikoa burutzeko metodoa izatera igaro behar duela azpimarratzen dute enpirista logikoek.

Zientziaren filosofiaren inguruan enpirista logikoek dituzten posizioak (enuntziatuen zentzuaren sorrera, teoriak probatzeko modua, “esplikazio zientifikoa” kontzeptua edota zientziaren batasuna) “herentziazko ikuskera” (received view) goitizenez ezagutzen dira.

Vienako Zirkulua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Moritz Schilick
Carnapen jaiotetxea

Vienako Zirkulua deitzen den taldea 1924an antolatu zen Moritz Schlick gidaritzapean; geroago, Rudolf Carnapek hartu zuen lekukoa. Dena dela, nazismoaren zabalkundea dela eta, 1933an Vienako Zirkulua osatzen zuten autore gehienak emigratu beharra izan zuten.

Vienako Zirkuluaren Manifestuan, beren aitzindariak zeintzuk diren zehazten da. Alde horretatik, testuan Locke edota Hume bezalako pertsonalitateak aipatzen dira, era berean, Karl Marx (historiari emandako trataera zientifikoagatik) eta Leibniz (bere matematika eta logikagatik) ere aurrekari gisa hartzen dituzte. Azken honen kasuan, ordea, bere metafisika ukatzen zuten. Korronteei dagokienez, Vienako Zirkulua osatzen zuten pentsalariengan XIX. mendeko positibismoak eragin handia izan zuela aipatu behar da nahiz eta hainbat autorek behin baino gehiagotan kritikatu korronte horren hutsuneak.

Vienako Zirkuluko pentsalariengan eragin zuen beste fenomeno bat, XIX. mendearen erditik aurrera garatu zen metodologia enpirikoa da, baita logika sinbolikoa ere. Metodologia enpirikoa garatu zutenen artean, Helmholtz, Ernst Mach, Henri Poincaré, Pierre Duhem eta Boltzmann aurkitzen dira. Logika sinbolikoa garatu zutenen artean berriz, Frege, Russell, Whitehead, Guiseppe Peano eta Tarski. Vienako Zirkuluan, besteak beste, honako pentsalari hauek aurkitzen ziren:

  • Rudolf Carnap (1891ko maiatzaren 18a – 1970eko irailaren 14a), lengoaiaren analisi logikoaren bitartez metafisika gainditzea aldarrikatzen zuen (Ikusi La superación de la metafisica mediante el analisis logico del lenguaje);
  • Kurt Gödel (1906ko apirilaren 28a – 1978ko urtarrilaren 14a) inoiz ez zen talde honen tesi positibistak partekatzera iritsi. Planteamendu horien kontra, “osagabetasunaren teoria” proposatu zuen, teoria hau talde honetako hainbat autorek babesten zituzten tesi matematikoekin uztarrezina zen.
  • David Hilbert (1862ko urtarrilaren 23a -1943ko otsailaren 14a), Mathematische Probleme idatzi zuena (euskaraz, Matematikako problemak, matematika arloan ebazteke ziren galdera garrantzitsuenei buruzko hitzaldia).
  • Beste batzuk; Hercomo Herbert Feigl, Philipp Frank, Hans Hahn, Carl Gustav Hempel, Karl Menger, Richard Von Mises, Otto Neurath, Hans Reichenbach, Moritz Schlick y Friedrich Waismann.
  • Ingalaterran, Sir Alfred Jules Ayer (1910eko urriaren 29a – 1989ko ekainaren 27a) izan zen korronte honen ordezkari nagusia.

A priori, a posteriori, analitikoa eta sintetikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1781an argitaratu zuen Arrazoi hutsaren Kritika liburuan (Kritik der reinen Vernunft, 1781), Immanuel Kantek bi motatako enuntziatuak zeudela proposatu zuen: analitikoak eta sintetikoak.

Immanuel Kant

Bi enuntziatu horien arteko ezberdintasuna egia predikatzeko moduan dago: analitikoentzat, terminoen esanahiaren araberakoa da; sintetikoentzat, aldiz, munduaren araberakoa da. Gauzak horrela, analitikoek, ez dute munduaren inguruan ezer esaten: tautologia hutsak dira. Sintetikoak, berriz, munduari buruz ari dira.

  • Enuntziatu analitikoen adibideak: “ezkongai guztiak ezkongabeak dira” edo “kolore beltza iluna da”
  • Enuntziatu sintetikoen adibideak: “Kotxe bat dago hor kanpoan”; “Euria ari du”

Alabaina, bada kontuan izan beharreko beste aldagai bat: enuntziatu batzuk a priori dira ezagugarriak, eta besteak berriz, a posteriori. A priorizkoak, ezagungarriak dira arrazoiaren bitartez, hori bai, mundua aztertu gabe. A posteriori direnak ezagutzeko, prozesua bestelakoa da, eta ondorioz, errealitatearekin kontrastatu behar dira. A priorizko enuntziatuak ezinezkoa da ez gertatzea, aldiz, a posteriorizko enuntziatuak kontingenteak dira, posible da ez gertatzea.

Kanten arabera, enuntziatu sintetiko batzuk a priorizkoak dira, hau da, munduaren inguruan zerbait esaten digute behaketa enpirikoaz baliatu gabe; eta ondorioz, a priorizkoak direnez beharrezkoak dira. Kanten sailkapenari jarraituz, bere ustez, enuntziatu sintetiko a priorizkoak matematikak dira, edota ohiturazko metafisikaren baitan kokatzen direnak.

Enpirista logikoek Kanten bereizketa onartu arren, ukatu egiten dute a priorizko enuntziatu sintetiko bat egon daitekeenik. Baldin badago, munduari erreferentzia egiten dien esaldiak egongo lirateke baina ez dute behar egiaztapen enpirikorik. Enpiristek bide honetatik urrundu nahi dute. Ondorengo atalean azaltzen da horren zergatia.

Proposizioaren zentzua, pseudoproposizioak eta pseudoproblemak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nola dakigu “euria ari du” moduko enuntziatuak zuzenak direnetz? Euria entzuten dugu edo ura erortzen ikusita, modu horretan badakigu euria ari duela. Hori dela eta, badakigu “euria ari du” esaldiak zentzua duela. Izan ere, egiazta dezakegu esaldia zuzena edo okerra dela.

Alabaina, nola dakigu “gure giza izatea finkoa da” esaldia zuzena edo okerra den? Gure kasuan ez dugu inoiz “izatea" ikusi, ez geldi ezta mugitzen ere. Orduan, nola dakigu egia den? Metafisikoek modu honetara erantzungo lukete: Gisa honetako esaldiak ezin dira erantzun ebidentzia enpirikoaren bidez, a priorizko arrazoi hutsaren bidez frogatzen dira. Gogoratu, ordea, enpirista logikoek ukatu egiten dutela munduaren inguruan hitz egin daitekeenik - enuntziatu sintetikoak- berekiko esperientzia gabe – a priori-.

Enpirista logikoek honako hau diote: Munduarekiko esperientzia sensorialak baditugu soilik hitz egin dezakegu munduaren inguruan. Munduaren inguruan ari bagara, zentzumenetatik hautematen dugulako da. Munduaren gaineko ezagutza lortzeko bada zentzumenak erabiltzea ez den beste modurik? Bai, arrazoibide logiko-deduktiboaren bidez, hau da, a priorizko enuntziatuen bidez. Adibidez, matematika, logika eta esanahi kontzeptualen bidez.

Lehenengo Wittgenstein, Russell eta gainontzeko enpirista logikoen arabera, proposozio baten zientzia proposizio hori egiazkoa edo gezurrezkoa dela baieztatzen duten esperientzia sensorialak determinatzen dute. Ez baitago “izatea finkoa da" esaldiaren gainean inolako esperientzia sozialik, ordua, “izatea finkoa da" esaldiak zentzua galtzen du.

Ondorioztatu daitekeena da, gramatikaren begiradatik, “izatea finkoa da” enuntziatua osotasunean ondo egituratua dela. Enpirista logikoen arabera, ordea, proposizioa izateko, logikaren edo matematikaren produktu edota enpirikoki egiaztatuak izan daitezkeen enuntziatuak izan behar dute. Popperren hitzetan, faltsatu daitezkeen enuntziatuak izan behar dute. Gainontzeko esaldi guztiak pseudoproposizioak dira.

“Izatea finkoa da” edo “Ezereza ezer ez da” esaldiak, subjektu-objektu egiturari dagokionez, badirudi ondo egituratuak daudela. “Izatea” eta “ezereza” bi esaldietan subjektuak dira: “finkoa da” aldiz predikatua. Dena dela, “izan” eta “ezereza” ez dira subjektuak, bata aditza eta bestea kuantifikatzailea. Hori egitean, gaztelera “falacia de reificación” delakoa egiten dugu. Beste pseudoproposizioetan, “Jainkoak atributu infinituak” ditu edo “askatasuna osoa da”, arazoa da ez dagoela hori horrela den edo ez den enpirikoki konprobatzeko aukerarik: inork ezin du Jainkoa ikusi edo bere atributuak infinituki aitortu.

Metafisikaren arazoa, orduan, enpirista logikoaren arabera, pseudoproblema izatean datza: ondorioz ezin dira askatu, lengoaiaren azterketaren bidez disolbatu egin behar dira, hori bai, beti ere, logika erabilita. Gisa honetako analisi batek, enpirista logikoen ustez, erakutsiko du arazoa hizkuntzaren erabilera okerrean datzala. Hizkuntzaren erabilera oker hau, Carnapek, “pseudo-objektuaren lengoaia” gisa izendatzen du. Izan ere, munduaren inguruan ari dela dirudi bana ez da horrela. “Objektu lengoaia” erreala zientziaren lengoaia da. Adibidez, “Ilargia biribila da” edo “Ura H20 da”. Azken horiek munduari buruz ari dira.

Horregatik guztiagatik, metafisika arbuiatzen da bere hutsuneak mahaiganean jartzeko lengoaiak ezkutatzen dituen akatsak aztertu behar direla aldarrikatzen duten enpirista logikoek. Antzeko zerbait pasatzen da etika eta estetikarekin. Etika filosofiatik kanporatzen da, besteak beste, “gorrotatzea txarra da” enuntziatua bezalakoak ez baitira enuntziatu deklaratuak, ez dira gertakariez ari. Azken batean, enuntziatu inperatibo gisa sailkatzen dira: egin behar den hori zehazten dute. Alabaina, enuntziatu inperatibo horiek, “izan beharko luketetik” izatera igarotzeko, alegia, falazia naturalistan erortzeko arriskua dute. Horregatik, etika filosofiaren barrutian kokatzetik psikologiaren barrutira igaro beharko luke. Psikologiatik ulertu beharko litzateke zergatik uste dugun gauza batzuk onak direla eta besteak txarrak. Berdina gertatzen da estetikarekin. Bi materietako metafisika ezabatu egin behar dela aldarrikatzen dute.

Erredukzionismoa, enuntziatu protokolarrak, ezagutzaren fundamentuak eta epistemologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laburtuz: enuntziatu baten zentzua enpirikoki determinatzen da. Hori horrela bada, orduan, lengoaia-fisikoaren dimentsioan (“Ilargia biribila da”) zentzua duen proposizio guztiei, dimentsio lengoaia-sensorialean proposizio bat dagokio (lengoaia-sensoriala, espazio-denbora koordenatu jakin batean esanahia hartzen duten eta giza zentzumenetatik lortzen diren datuak dira): “Gorri bigun eta azido bat dago hemen momentu honetan” edo “ ostegunean, goizeko 7etan, leku horretan biribil txuri bat ikusi nuen).

Hau da, esaldia “ Ilargia biribila da” honako enuntziatu hauetara bihur-murriztu daiteke: “objektu zuri eta biribil bat dago eta momentu honetan ilargia deitzen diogu”. Carnap eta beste batzuk, Schilckek adibidez, uste zuten esaldi horiek zirela gure ezagutza osatzen zutenak. Autore horiek, gisa honetako esaldiei, enuntziatu protokolarrak deitu zieten. Vienako Zirkuluko beste kide batentzat, Otto Neurath-entzat, ezagutzaren ez da gisa honetako proposizioetan zurkaizten, hori gutxi ez eta ezagutzak oinarririk ez duela esaten du: Ezagutza soilik sistema koherenteetan ematen dela esaten du eta justifikazioa ez dela asimetrikoa azpimarratzen du. Moritz Schlickek berarekin eztabaidatu zuen, hori gutxi ez eta, eztabaida honek funtzionalismo/koherentismo eztabaidaren baitan, XX. mende guztian iraun zuen.

Bi modu daude esaldi batek zentzua izateko: munduaren inguruan aritzea eta orduan egiaztatzeko baldintza enpiriko determinatu batzuk beteko ditu, edo munduaren inguruan ez aritzea. Ikusi dugu, munduaren inguruan diharduten enuntziatuek -sintetikoek- enpirista logikoentzat a posteriori izan behar dutela, alegia, enpirikoki egiaztagarriak soilik. Alabaina, badago mundua ezagutzeko beste modu bat: a priori.

Badakigu 2 x 2 lau dela, eta ez daukat hori horrela dela jakiteko laboratoriora joan beharrik. Nik bakarrik dakit kalkuluak eginda. Era berean, badakit esperimenturik egin gabe solterorik ez dagoela ezkonduta. Esaldi horiek ordea, ez didate munduaren inguruan ezer esaten, eta ondorioz, proposizio analitikoak dira. Proposizio horiek egiazkoak dira, beti ere, esanahiaren arabera. “ezkongai guztiak ezkongabeak dira” esaldia zuzena da ezkongai hitzak ezkongabe esan nahi duen heinean.

Horregatik, a priorizko egia guztiak, enpirista logikoentzat analitikoak dira. Eta a priorizkoak direnez, ezinbestekoak dira. Gogora dezagun, proposizio sintetikoen egiazkotasuna munduan gertatzen denak baldintzatzen diela. Horregatik dira kontigenteak, gertatzea zuten edo ez gertatzea. Nik artikulu hau idatz nezakeen, edo zuk irakurtzeari utzi. Sokratesek ez zeukan zertan jaio edo bihar lehendakaria zendu daiteke. Abiapuntu horretatik, esan dugu proposizio analitikoen egiazkotasuna ez dela munduaren araberakoa, esanahiaren eta arauen araberakoa baizik.

  • 1 + 1= 2

Goiko adibidea beti egia da, baldin eta zeinu bakoitzak elkar konpartitzen dugun zentzua badu eta araua jarraitzen bada. Hala izan ezean, egiazkotasuna galtzen du.

Horrek erakusten digu, a priorizkoak diren enuntziatu guztiak, halabeharrez egiazkoak direla. Proposizio bati edo multzo batek, egiazko taula deitzen dena osatzen dutenean, proposizio hori tautologia dela esaten da. Proposizio analitikoekin, horixe gertatzen da eta horregatik esaten dugu beharrezkoak direla. Positibista logikoentzat (aurreneko Wittgensteini jarraituz), enuntziatu analitiko guztiak tautologiak dira, hau da, beti egiazkoak dira.

Zientziaren batasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gogoratu, lengoaia fisikoko enuntziatu bat lengoaia sentsorialera bihur-murriztu daitekeela: “hor mahai bat dago” honako enuntziatu honetara bihur-murriztu dezakegu “holako leku batean eta momentu jakin batean, kafe usaia antzematen dut, forma errektangularra duen ….” etab. Enuntziatu horiek gure ezagutzaren oinarria dira.

Hori horrela izanik, proiektu enpirista posible zela uste zuten: zientzia natural deitzen den hori, enuntziatu protokolarretara bihur-murriztea amesten zuten. Carnapek —apur bat geroago asmo horrek sortzen zituen arazoak ikusita— esperientzia sentsorialaz gain, logika eta multzo-teoria deitzen dena gehitzen du.

Russel eta Whiteheadek jada hasia zuten matematika logikara murrizteko saiakera. Saiakera hori aurrera ateraz gero, teorema handiak eta demostrazioak argiagoak izango ziratekeen, izan ere, oinarria ezagutuko zen. Era berean, zientzia naturaletako teoriak seguruagoak izango ziren jakinik zein enuntziatu protokolarretan funtsatzen ziren.

Eta guztia enuntziatu protokolarretara mugatua izango zenez, zientzia naturalak enuntziatu protokolar sorta zabal gisa ikustera igaroko ginatekeen.

Indukzioa eta faltsagarritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Humek oinordekotzan jaso zuen arazo bat, oinarrian, indukzioaren justifikazioaren auzia izan zen (alegia, zabar esanda, partikulartasunetik orokortasunera pasatzea). Hume ohartu zen, ez dela zuzena kasu bat aztertzetik eta azaltzetik, izango da edo izan beharko luke esatera igarotzea, horretarako justifikaziorik izan gabe.

Arazo horrek, zalantzan jartzen du zientzia natural guztia, arrazonamendu induktiboan oinarritzen dena. Horrela, Vienako Zirkuluan kokatzen diren asko (besteak beste, Carnap edota Reichenbach) arazo honi irtenbidea bilatzen saiatu ziren.

Vienako Zirkuluarekin harreman estua duen beste autore bat, Karl Popper da. Talde honekin, harreman estua eduki arren, sekula ez zen positibista gisa aurkeztu. Alabaina, bere filosofia Vienako taldearekin antzekotasun handiak zituen. Indukzioaren arazoari erantzuteko bere proposamena honako hau izan zen: zientziak ez du aurrera egiten teoriak zuzenak diren behatuta, alderantziz, aurrera egiteko faltsutu egin behar dira teoriak. Horretan oinarritzen da bere faltsugarritasunaren printzipioa.

Popperrek gogor kritikatzen du induktibismoa eta filosofiaren zientziatik alboratzen saiatzen da bere faltsugarritasunaren printzipioarekin. Are gehiago, egiaztatzea zientifikoki okerra dela erakusten du, beti ere, enuntziatu behagarriak egiaztatzea ezinezkoa dela azalduz.

Faltsazionismoaren arabera, teoria bat zuzena da kontrakorik erakusten ez duten gertakaririk bilatzen ez den bitartean. Printzipio hori, demarkazioaren kriterioa bezala ezagutzen da. Era berean, faltsugarriak ez diren hipotesi eta teoriak pseudozientifikoak izango dira, faltsugarriak direnak baina faltsutu ez direnak berriz, zientifikoak dira. Azken horiek, esan bezala, esperimentu bidez faltsutu daitezke. Teoria bat kontrajartzen duen esperimentuari, “hil edo biziko esperimentua" deitzen zaio.

Filosofia eta analisi logikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wittgensteinek jada bere Tractatus logico-philosophicus lanean [1] esan zuen, metafisika ezabatu ondoren, filosofia egiteko gelditzen zen aukera bakarra analisia zela: "Filosofia guztia, linguistika kritikora mugatu zuen (beti ere, Fritz Mauthnerren zentzuan). Russelen meritua, proposizioaren forma ez dela zertan bere forma erreala izan azpimarratzean datza. Proposizioa, errealitatearen figura bat baita."[2]

Hori da enpirismo logikoaren proposamena: metafisika, psikologia edo adar normatiborik gabe, gelditzen den bakarra analisi logikoa da. Benetako filosofia, zientziako proposizioen analisia litzateke. Azken horiek zentzugabekeriatik eta metafisikatik garbituak izan behar dute eta ezagutzaren teoria osatu behar dute.

Positibismo logikoari kritika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Karl Popper

Ludwig Wittgesteinek Ikerketa Filosofikoak lanean,[3] Popperrek Ikerketa zientifikoaren logika lanean edo Quinek, ikuspuntu logiko bat lanean, enpirismo logikoaren postulatu funtsezkoenen kritika burutu zuten. Egia esateko, auzi horien gainean, inoiz ez zen adostasun osorik egon Vienako Zirkuluaren baitan. Hempel berak ere, pisuz kritikatu zuen oinarri enpirista honen zenbat erpin.

Popperrek, adibidez, indukzioa kritikatu zuen logika formalaren ikuspuntutik. Bere arabera, ezin dira enuntziatu orokor batzuk atera ideia partikularretatik; abiapuntuan ideia hori okerra da. Azken batean, egiaztatzearen ideia hori bere faltsugarritasunaren ideiarekin kontrajartzen du. Lehenago esan bezala, bere aburuz, erakutsi behar dena da teoria horren bidez aurreikusten den zerbait faltsua dela, eta ez alderantziz.

Positibismo logikoarekiko kritiko agertu zen beste autore bat, Lakatos da. Popperren faltsugarritasunaren ideia garatu zuen. Era berean, aipagarria da Kuhnen posizio erlatibista eta historizista. Autore honek, Paradigma kontzeptuarekin hankaz gora jarri zituen hainbat uste zurrun. Kritikoen artean ahaztu ezin den beste bat, Feyerabend eta berak bultzatu zuen Anarkismo epistemologikoa dira. Alde horretatik, ezagutza zientifikoa ez den beste ezagutza batzuen aldeko apustua egiten du.

Positibismoa, filosofia analitikoa eta metafisika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Positibismo logikoaren filosofia, XX. mendeko lehen hamarkadetako korronte nagusiena izan zen metafisika kontinental aleman eta frantziarrarekin batera. Positibismoa ukatua izan arren, bere hainbat aldarrikapenek berebiziko eragina izan zuten filosofian.

Alabaina, gaur egungo filosofia analitikoa positibista dela uste izatea, uste okerra da. Gerora, ikusi zen ezinbestekoa dela teoria metafisiko eta ontologikoak plazaratzea, baita etikoak ere. Hori guztia ordea, logikaren tresna indartsua erabilita.

Egia esan, gaur gaurkoz, bizirik mantentzen da filosofia analitikoaren eta filosofia kontinentalaren arteko haustura, eta ez da arrakalak ixteko zantzurik ikusten.

Pentsalari garrantzitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ludwig Wittgenstein: Tratado lógico-filosófico. Logisch-philosophische Abhandlung, edición crítica de TS 204, introducción y traducción de Jesus Padilla Gálvez, Trant lo Blanch, Valencia, 2016.
  2. Ludwig Wittgenstein (1921): Tractatus logico-philosophicus. Alianza Editorial, Madrid 2009 p. 66.
  3. Ludwig Wittgenstein, Investigaciones filosóficas, introducción y notas críticas de Jesús Padilla Gálvez, Madrid, Editorial Trotta, 2017.

Bibliografia euskaraz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]