Edukira joan

Egiptoko piramideak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gizako piramideak: ezker-eskuin dauden handienak dira Mizerinoren piramidea, Kefrenen piramidea eta Gizako Piramide Handia edo Keopsena. Aurrean dauden piramide txikiak Mizerinorenarekin daude lotuak.

Egiptoko piramideak antzinako piramide itxurako eraikuntzak dira, Egipton daudenak. 2008an, iturrien arabera 118 edo 138 piramide identifikatu daude Egipton[1][2]. Gehienak, faraoia eta ezkontideak lurperatzeko eraiki ziren, Egiptoko Inperio Zaharraren eta Ertainaren garaietan[3][4].

Egiptoko piramide zaharrenak Saqqara herrian daude, Menfis antzinako hiriburuaren ipar-mendebaldean. Horien artean zaharrena Zoserren piramidea da, K.a. 2630–2610 inguru eraikia, III. dinastian[5]. Piramide hau eta inguruetako multzoa Imhotep arkitektoak diseinatu zuen, eta munduko harlanduzko eraikuntza monumental zaharrentzat jotzen da.[6].

Ezagunenak Gizan daude, Kairoko aldirietan. Gizako piramideak munduan eraiki diren egitura handienen artean daude[7]. Keopsen piramidea da Egiptoko piramide handiena, eta zutik dirauen munduko zazpi mirarien artean bakarra.

Egiptoko lehen bi dinastien garaian, faraoi jainkotuak aginpide zentralizatu bakar baten pean bildu zituen Egipto Beherea eta Garaia. Aginte zentralizatuari eta Nilo ibaiaren uraldi erregularrei esker, nekazaritza soberakin ugari eskuratzen zuten eta horregatik enplegatu ahal izan zen hainbeste jende Inperio Zaharraren ezaugarri bihurtu ziren arkitektura obra ikaragarri haietan. Garai hartan asmatu zen idazkera hieroglifikoa, eta orduan sortu ziren Menfis eta Heliopolisko erlijio gune handiak ere. Gune horietan osatu zen sinesmen sinkretismoa erabakigarria izan zen faraoi jainkotuaren aginpidea sendotzeko.

Aginpide zentralizatu horren babesean Egiptoko zibilizazioak aurrerapen handiak egin zituen, eta funtzionario eta handizki asko aberastu zuen. Pepi II.a (K.a. 2278-2184) hil ondoren, oinordekotza arazo larriak izan ziren. Oinordekotza gorabeherak eta klima aldaketak zirela-eta, aginpide zentrala desegin eta hiruzpalau erreinutan zatitu zen Inperio Zaharra. Hura izan zen Tarteko Lehen Aroa deitu zaionaren hasiera: anaiarteko gerra eta gose urteak izan ziren, eta garai hartan harrapakatu eta suntsitu ziren Inperio Zaharreko hilobigune asko.

Inoiz altxatu diren hilobi monumentu handienak eraiki zituzten faraoiek, sekula sekulakotz aintzatuak eta gogoratuak izango ziren itxaropenean. Ez da ahaztu behar, hala ere, elementu gehiago hartzen zituen hileta eraikin multzo baten parte izaten zela piramidea, nahiz eta hilobia bertan egon. Hala, aipatzekoak dira : beheko tenplua, ibai ertzean ; goiko tenplua, piramidearen alboan, faraoiaren gurtzarako ; piramidera heltzeko galtzada ; biltegiak ; eta, batzuetan, faraoiaren hileta ontziarentzako hobia. IV. dinastiatik aurrera, piramide txikiago batzuk egin zituzten faraoien emazteentzat, piramide handiaren alboan. Hileta eraikin multzo handi hauen inguruan altxatzen zituzten handizkiek eta funtzionarioek ere beren mastabak, faraoi jainkotuagandik hurbil hilobiratuak izan zitezen.

Sakontzeko, irakurri: «Piramide (arkitektura)»
Gizako Piramide Handiaren ebaketa, barneko egiturak eta ganberak erakutsiz. Kanpoko marra etenak jatorrizko bolumena adierazten du.

Piramidearen egitura geometrikoa duten eraikuntzak munduko hainbat lurraldetan aurkitzen dira, geografian elkarretatik urrun diren eta historian zehar loturarik izan ez duten zibilizazioek sortuak: Indotxina, India, Amerika eta, batez ere, Egipton. Monumentu horiek helburu erlijiosoz edo handikien hilobia izateko eraiki zituzten; Mesopotamiakoak, Ameriketako gehienak, Indiakoak, Indotxinakoak... lehenengo sailean sartzen dira, Egiptokoak eta Ameriketako batzuk bigarrenean.

Piramidea bertan ehortzitako faraoiari eskainitako kapera eta bestelako eraikuntza multzoaren gunea zen; barruti hori guztia kareharriz egindako harresi handi batez inguratua izan ohi zen. Eraikuntza solidoa zen; sarrera albo batean zegoen eta handik, beheranzko eta goranzko plano makurren bidez, lurpeko ganberara, faraoiaren ganberara eta beste batzuetara iristen zen; gela haietan egunoroko tresnak, harri bitxiak eta janariz beteriko ontziak uzten zituzten. Faraoiaren momia bere ganberan utzi ondoren sarrera ixten zen. Gaur egun, ia erabat desagertu den kanpoko estaldura kareharrizko eta granitozko lauzek moldatzen zuten.

Piramide nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko piramideak elkarren gainean mastaba edo hilobi laukizuzen gero eta txikiagoak ezarriz egindako eraikuntzak ziren, hala nola Zoserren piramide mailakatua Sakkaran eta Snefrurena Meidumen (III. dinastia). Aldeetako plano lauak IV. dinastian erabili ziren lehen aldiz, Keops, Kefren eta Mikerinosen piramide famatuetan.

Piramideen Zelaia deiturikoan, Kairotik hurbil, I. eta XII. dinastien arteko erregeen hilobiak gorde zituzten 70 piramide inguru gorde dira.

Sakontzeko, irakurri: «Sakkara»
Piramide Mailakatua edo Zoserrena.

Ezagutzen den lehen hileta eraikin multzo piramideduna Horus Netjerikhet edo Djoser faraoiarena da (K.a. 2668-2649).

Imhotep arkitekto handiak eraiki zuen, eta azken hori da, hain zuzen ere, errege eta gobernariak kenduta, bere izen propioz gogoratzen den historiako lehen gizakia.

Imhotepen obra naturaz gaindiko zerbait iruditu bide zitzaien bere garaikideei. Aurrez ez zen Egipton harrizko eraikuntza aipagarririk, baina arkitektura, ordu arte batik bat pezo eta zurezkoa zena, harrizkoa bilakatu zen handik aurrera. Imhotep santutzat gurtu zuten hil ondoren, eta medikuntzaren jainko zen Asklepiorekin parekatu zuten greziarrek.

Sakkarako piramide mailakatua mastaba handi baten gisara diseinatu zen lehenbizi, hau da, garaiera gutxiko egitara karratu bat, goiko aldetik putzu erako sarrera bat zuena. Hasierako mastaba hari solairu gehiago erantsi zitzaizkion gainean, harik eta behin betiko piramide mailakatu forma eman zitzaion arte. Kareharriz eraikitako sei mailaz dago osatua piramidea.

Oinean 109 x 125 metro da luze-zabalean, eta 60 metroko garaiera du. Kanpoko sarbide batetik sartzen da piramide barruan lurpean dagoen granito gorrizko hilobi ganberara. Haren gaindi, korridore sail bat dago, eta horietako batean faraoia irudikatzen da "sed" izeneko festan lasterka. Aipatu festa horren xedea faraoiaren indarrak berritzea izaten zen, bere gaztetasunari betierekotz eutsi ziezaion. Hileta eraikin multzoaren inguruan 10 metro altuko harresi bat zegoen, garai hartako jauregi fatxada erara bere sartu-irtenez apaindua, XI. dinastia garaiko zenbait erliebetan egiten zen bezala. Harresiaren barrutik korridore bat zegoen, itsatsitako zutabe sortakatuz inguratua, eta piramide mailakatuaren aldameneko patio guztiz zabal batera irekitzen zena.

Meidum eta Dahshur

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Dahshur» eta «Meidumeko piramidea»
Piramide Gorria

Piramideen bilakaerako hurrengo urratsa IV. dinastiako lehen faraoia izan zen Snofruren (2575-2551 K.a.) erregealdian egin zen.

Faraoi honen garaian hiru piramide handi eraiki ziren eta, itxura batean behintzat, ez dirudi herrialdeko ekonomiari eta giza baliabideei gehiegi erasan zitzaienik. Hiru piramide horietan ikusten da piramide mailakatutik benetako piramidera arteko bilakaera (tartean erronboide formakotik pasa zen). Meidumeko piramidea, lehenengoa, Huni faraoiak, Snofruren aitak, eraikitako piramide mailakatu bat zen hasieran, gero mailak berdindu bazitzaizkion ere, 92 metro altuko benetako piramide baten itxura eman zitzaion arte. Gaur egun, piramide horren barne egitura baizik ez dago zutik, kanpoko estalkia berehalaxe erori baitzen. Ondoren beste piramide baten eraikuntzari ekin zion Snofruk Dahshurren. Malda pikoa emanez hasi ziren zenotafio berria eraikitzen : 54° 31', baina erdialdera heldu zirenean pitzatu batzuk agertu ziren eta Meidumekoa bezala eroriko zitzaien beldurrez, malda apaltzea erabaki zuten. Hala, 43° 21'ko malda eman zioten handik gora, eta horregatik geratu zitzaion erronboide itxura bitxi hori Piramide Makurrari. Nahiz eta piramide hark 102 metroko garaiera izan, Snofruk Piramide Gorria deitu zitzaion hirugarren piramide bat eraikitzeko agindu zuen, eta hantxe hilobiratu zuten.

Sakontzeko, irakurri: «Gizako nekropolia»
Gizako Piramide Handia edo Kheopsena

Gizako piramide multzoa da, edonola ere, denetan ikusgarriena eta ezagunena, hantxe iritsi baitzuten perfekzioa Inperio Zaharreko arkitektoek.

Khufu edo Keopsen piramidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Khufu edo Keopsen (K.a. 2589-2566) piramidea da, seguraski, historia guztian harriz eraikitako monumenturik handiena. Aldera dakiokeen bakarra Txinako Harresi Handia da, askoz geroagoko obra, bestalde.

Piramidearen oina karratu ia perfektu bat da, 230 metroko aldea duena (440 egiptoar besabete). Zorua berriz ia erabat horizontala da, gehieneko desnibela 0,0021 m besterik ez baita. Oineko karratuaren aldeak lau puntu kardinalekiko guztiz perpendikularrak dira. Eraikuntzak 146,59 metroko garaiera zuen amaitu zutenean (280 besabete), baina gaur egun ez da 138,75era baizik heltzen. Kareharrizko 2.300.000 bloke handiz egina dago, milimetro erdi eskaseko igeltsuzko geruza tartean dutela. Blokeen batez besteko garaiera 0,69 metrokoa da, eta pisua 2,5 tonakoa, baina badira 1,5 m altu direnak eta 15 tonako pisua dutenak ere. Eraikin eskerga honen guztizko bolumena 2.600.000 m3-koa da eta 6.000.000 tona pisatzen du, gutxi gorabehera. Piramide arruntek baino barrualde konplexuagoa du, 3 hilobi ganbera baititu, maila desberdinetan. Hirugarren hilobira 8,46 m garai den korridore batetik heltzen da: Galeria Handia esaten zaio. Herodotok egotzi zion tirano fama beltza gorabehera, lurralde aberatsa eta baketsua utzi zuen Khufu faraoiak heriotzak eraman zuenean. Hala, haren ondorengoek baliabide ugari izan zuten eskura piramide gehiago eraikitzeko.

Khaefre edo Kefrenen piramidea (K.a. 2558-2532) Khufurena baino zertxobait txikiagoa da : 215,25 metroko aldeak ditu eta 143,50 metroko garaiera. Hortaz, hiruki sakratuaren proportzio doiak ditu : 3-4-5, garaiera = 4 dela. Egoera onean daude oraindik Kefrenen beheko tenplua eta piramidera heltzeko galtzada. Tenpluaren ondoan Esfingea dago, harkaitzean landutako estatua bat, lehoi gorputza eta giza burua dituena : 57 metroko luzera du eta 20 metroko garaiera. Khufuren garaikoa da Esfingea, eta beraz, Khaefreren tenplua baino antzinagokoa.

Gizako piramideetan berriena Menkaure edo Mizerinosena (K.a. 2532-2504) da. Beste bien aldean txikia ematen du, 105 metroko aldea eta 66ko garaiera baizik ez baitu. Egiptoar huruki angelu-zuzenaren proportzioak errespetatzen ditu : h=5, b=4. Piramidearen tamaina txikiagoa bada ere, inguruko tenpluak handiagoak eta aberatsagoak dira proportzioan. Beste hiru piramide txiki ere eraiki zituzten Menkaureren piramidearen ondoan, faraoiaren emazteen hilobitarako. Piramideen inguruko eraikinetan egindako lan horien guztien ondorioz, eraikuntza lanak pixka bat arrazionaldu egin ziren eta, hala, V. dinastiatik aurrera, kareharrizko bloke txiki eta irregularrez eraiki ziren piramideak. Kanpoko geruza baizik ez zen egiten kareharri landuz ; alabaina geruza horrek, eraikin guztiz trinkoaren itxura ematen zion. Teknika berri horri esker askoz lehenago amaitu zituzten eraikinak, baina behin kanpoko blokeak kenduz gero -Erdi Aroko harginek guztiz gogoko zituzten-, berehalaxe hondatu ziren.

Sakontzeko, irakurri: «Mastaba»

Mastabaren bilakaera piramidearenaren bertsua izan zen. Hasieran adreiluzkoak ziren, baina III. dinastiaz geroztik kareharrizkoak eraiki ziren. Hilobi ganbera lurpean egoten zen, eta han ezartzen ziren jauregi fatxada eran apaindutako harrizko sarkofago angelu-zuzena eta hileta horniak. Mastabaren goialdeko putzu erako zulo batetik zuen sarbidea, zeina zaborrez eta hareaz betetzen baitzen gero. Mastabaren gainegituran serdab zelakoa zegoen, non zenduaren estatua bat ezartzen baitzen, eta gurtzarako kapera egoten ziren ; azken horretan zegoen mastabako irudimenezko sarrera edo ate faltsua. Bi gela horiek erliebez apaindu ziren V. dinastiatik aurrera. V. eta VI. dinastien garaian, aberastasun handiz apaindutako mastaba handiak eraiki zituzten handizkiek. Aipagarriak dira Ti-rena, Ptahotepena, Akhethetep-ena eta Mererlikarena.

Mastaba hauen gainegitura konplexuagoa izaten zen, pasabide eta gela gehiago izaten baitzuten: atartea, patio pilareduna, zenduaren janarientzako gordetegia eta korridore sail bat. Inork ez daki ziur Inperio Zaharraren garaian errege familiakoak ez ziren pertsonen gorpuak hilontzen ziren ala ez, baina badirudi momia bihurtzeko tratamendua, artean oso bakuna bazen ere, faraoiari eta haren ahaide hurbilenekoei baizik ez zitzaiela egiten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Slackman, Michael. (2008-11-17). In the Shadow of a Long Past, Patiently Awaiting the Future. .
  2. Mark Lehner (2008). The Complete Pyramids: Solving the Ancient Mysteries. p. 34.. 2008-03-25 ISBN 978-0-500-28547-3..
  3. Slackman, Michael. (2007). In the Shadow of a Long Past, Patiently Awaiting the Future.
    Aipua: «Deep below the Egyptian desert, archaeologists have found evidence of yet another pyramid, this one constructed 4,300 years ago to store the remains of a pharaoh’s mother. That makes 138 pyramids discovered here so far, and officials say they expect to find more.»
    .
  4. Michael Ritter (2003) Archived copy. . Dating the Pyramids.
  5. Gardner, Helen. (1980). Art through the Ages. 68 or. ISBN 0-15-503758-7..
  6. Lehner, Mark. (1997). The Complete Pyramids. , 84 or. ISBN 978-0-500-05084-2..
  7. Watkin, David. (2005). A History of Western Architecture. , 14 or. ISBN 978-1-85669-459-9.
    Aipua: «The Great Pyramid...is still one of the largest structures ever raised by man, its plan twice the size of St. Peter's in Rome»
    .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]