Delirio-nahasmendua
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Delirio-nahasmendua | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | Psikosia eritasuna |
Espezialitatea | Psikiatria Psikologia klinikoa |
Sintoma(k) | Eldarnioa |
Sortzen du | Eldarnioa |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | F22 eta F22.0 |
GNS-9-MK | 297.1 |
Disease Ontology ID | DOID:778 |
- Artikulu hau nahasmenduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Delirio (argipena)».
Delirio-nahasmendua gaixotasun psikopatologiko bat da. Euskaltermek ematen duen definizioaren arabera delirioa edo eldarnioa uste edo sinesmen faltsua da, kanpoko errealitatearen interpretazio oker eta pertsonalean oinarritua, pertsonaren adimen eta kultura-mailarekin bat ez datorrena. Uste hori ez du ezein tradizio kultural edo erlijiosok partekatzen, eta ezin zuzendu daiteke arrazoibide logikoarekin[1].
Eldarnioaren ideiarekin lotuta dator delirio-nahasmendua. Delirioz-nahasmenduaren kasuan, pertsonak deliriozko ideia bat edo gehiago izango du, baina delirio hori(ek) iraunkorrak izango dira, gaixoaren bizitza osoan irauteko modukoak, eta, zuzenean ideia horiekin lotua dagoen portaeraz kanpo, afektibitatea, mintzaira eta jokabidearen gainerako alderdiak normalak izan ohi dira[2].
Eldarnioak pentsamenduaren edukia lausotzen denean agertzen dira.. Izendapen honek tradizio handiko beste termino batzuk ordezkatzen eta biltzen ditu: paranoia, egoera paranoideak, parafrenia eta autoerreferentzia eldarnio sentsitiboa. Bere funtsezko ezaugarria eldarniozko egituraren presentzia da beste goi mailako funtzio psikiko batzuen itxurazko kontserbazio osoaren ondoan.
Delirio-nahasmendua jasaten duten pazienteek portaera anormalak dituzte eta, hala guztiz ere, euren gainerako jokabideak eta sentimenduak egokiak dira, gaixorik ez dagoen pertsona batengandik espero litezkeenak bezalakoak. Delirioak alde batera utzita, haien nortasunak egongor jarraitzen du.
Gaixoaren ibilbide ebolutiboan ez da narriadurarik gertatzen. Jarduera psikosoziala ez dago modu adierazgarrian afektatuta eta portaera ez da izaten arraroa. Dena den, kasu batzuetan, nahasteak sor ditzake ezgaitasun honek, eta familia edo lana galtzea ekar dezake, eta baita isolamendu soziala ere.
Nahaste honen hasiera, bestalde, motela, etengabekoa eta engainagarria izaten da, beste psikosi eta eskizofrenia batzuetan ez bezala, ez da ematen bat-bateko hasiera[3].
DSM-V: diagnosi-irizpideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]DSM-V (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders) American Psychiatric Association (APA) izeneko elkartearen diagnostiko eta estatistika eskuliburua da. Bertan, deskribapenak, sintomak eta bestelako irizpideak ditu nahasmendu mentalak diagnostikatzeko.
Diagnostiko-irizpide horien bidez hizkera komuna eskaintzen zaie psikopatologian diharduten profesionalei (psikiatrak, psikologia kliniko eta osasun zientzietako ikertzaileak), definitzen dituzten irizpideak argi eta garbi zehazten dira eta diagnostikoa zehatza eta koherentea izaten laguntzen dute.
Horiek horrela, honako hauek dira DSM-an delirio-nahasmendurako sailkatzen diren bost irizpide diagnostikoak[4]:
- Hilabete bat edo gehiagoko eldarnio baten (edo gehiagoren) iraupena.
- Eskizofreniaren A irizpide diagnostikoa inoiz bete ez izana. Haluzinazioak agertzen badira, ez dira garrantzitsuak eta eldarniozko gaiarekin erlazionatuta daude (adibidez, intsektuek kutsatuta egoteko izurritze-eldarnioekin lotutako sentsazioa).
- Eldarniozko ideien zuzeneko inpaktuagatik edo bere adarkadurengatik izan ezik, jarduera psikosoziala era adierazgarrian afektatuta ez egotea eta portaera arraroa ez izatea.
- Pasarte maniakoak edo depresibo handiagoak agertu badira, bere erabateko iraupena laburra izatea eldarniozko periodoen iraupenarekin konparatuz.
- Nahasmendua substantzia baten zuzeneko efektu fisiologikoengatik edo gaixotasun medikoagatik agertu ez izana edota beste buru-nahaste batengatik hobeto azaltzerik ez egotea, esate baterako, gorputzaren nahaste dismorfikoa bezala edo nahaste obsesibo-konpultsibo bezala).
Eldarnio motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko irizpide diagnostikoak kontuan hartzeaz gain, pertsona bati delirio-nahasmenduaren diagnostikoa egiteko, hurrengo zirkunstantziak ere zehaztu behar ditugu, hau da, gaixoak ondorengo eldarnio motak jasaten dituen edo ez[3][4]:
Eldarnio erotomaniakoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaixoak beste norbait berarekin maiteminduta dagoela uste du. Eldarnio hau duten pertsonek, bereziki ekonomikoki edo kulturalki maila altuagokoak, norberarekin maitemindurik daudela pentsatzen dute eta norberaren atzetik daudelako ustea izaten dute. Edozein imintzio edo komentarioak modu horretara interpretatzen dira. Emakumeen artean gizonen artean baino gehiago agertzen da. Eldarnio kronikoa da, baina bizimoduan nahiko egokiturik egoten dira.
Handitasun eldarnioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaixoak bere burua ahalmen eta neurriz kanpoko ezaugarriz, mugagabeko dirutzaz eta zenbaitezinezko gaitasunaz beteta dagoela sinesten du. Handitasun eldarnioa eskizofrenian, nahasmendu bipolarraren fase maniakoan eta paralisi progresibo orokorretan agertu ohi da.
Jelosia eldarnioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Subjektuak bere bikotekidea desleiala dela eta beste batekin/batzuekin engainatzen duela uste du. Alkoholismo kronikoan eta nortasunaren nahasmendu paranoidean agertzen da.
Jazarpen eldarnioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Seguruenik ohikoena eta adierazgarriena da. Pazienteak benetako edo imajinaturiko pertsonen erasoak eta jazarpenak jasotzen dituelako sinesmen patologikoa du. Bi motatako jazarpenak desberdin daitezke; alde batetik, jazarpen fisikoak, esate baterako, pozoitzea, zirikatzea edo hiltzea; eta bestalde, jazarpen psikologikoak, difamazioa, ospe-galtzea edo erridikuloa. Bietako edozein dela ere, subjektuak horretaz egiten duen interpretazioa guztiz patologikoa izaten da eta ez da benetan existitzen. Aipatzekoa da jazarpen eldarnioa eskizofrenian eta nortasun histrionikoaren nahasmenduan gertatu ohi dela.
Erreferentziaren eldarniozko ideia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gertakizunek, subjektuaren ingurugiroko objektu eta pertsonek zentzu berezi, ezohiko, eta negatiboa dutelako negatibozko ideia. Subjektuak uste du besteek beti berari begira daudela, txutxu-mutxuka eta keinu negatiboak egiten. Esate baterako, emakume batek irratiko programak berari bereziki zuzenduta daudela erabat sinestea. Ondorioz, subjektuak oso bortitza bihurtu daiteke eta beste pertsonei lesioak eragin diezaieke.
Eldarnio mistoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eldarnio mota bat baino gehiago batera ematen direnean gertatzen da. Ez da nagusitzen inolako tiporik, baina bat baino gehiago identifikatu daitezke.
Zehaztu gabeko tipoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eldarnio nagusia ezin da argi eta garbi zehaztu edo ez dago deskribatuta tipo espezifikoetan.
Eduki nabarmenekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eldarnioak bitxiak dira argi eta garbi sinesgaitzak badira, ezinezkoak, ulertezinak eta bizitza arruntaren esperientziekin harremana ez dutenean.
Gertakarien arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, berriz ere irizpide diagnostikoekin lotuta, hurrengo espezialitateak urtebete igaro ondoren bakarrik erabiliko dira[4].
- Lehen gertakaria: gertakari akutua gaur egun.
- Lehen gertakaria: igorpen partziala gaur egun.
- Lehen gertakaria: erabateko igorpena gaur egun.
- Gertakari anizkunak: gertakari akutua gaur egun.
- Gertakari anizkunak: igorpen partziala gaur egun.
- Gertakari anizkunak: erabateko igorpena gaur egun.
- Zehaztu gabekoa.
Kontsiderazio juridiko-forentseak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eldarniozko ideiak orokorrean oso iraunkorrak izaten dira eta subjektuaren bizitzaren amaierara arte iraun dezakete. Eldarnio hauek ulergarriak izaten dira, eldarnio eskizofrenikoak ez bezala; azken horiek araroak, gertagaitzak eta ulertetzinak baitira. AJelosia eldarnioak, adibidez, ondorio hauek sor ditzake: ezkontidearekiko eztabaidak, irainak, heriotza-mehatxuak eta lesioak. Azken ezaugarri honek Kriminologia profesionalen arreta behar du, edozein unetan ezkontide eta/edo maitalearen hilketa gertatu daitekelako. Bestalde, handitasun eldarnioan subjektuak beste batzuen identitatea ordez dezake, helbide-txartel faltsuak egin, asmakizun zentzugabeak patentatu eta makina bat arazo izan.
Azkenik, jazarpen eldarnioaren kasuan, pazientea ustezko jazarlea iraintzera, samintzera eta mehatxatzera hel daiteke. Jazarle bihur daiteke, pleitista itxura garatzen edo indarkeriarekin jokatuz eta lesioak edo heriotzak eraginez bere etsaiengan.
Jarraian, jarduera antisozial eta deliktiboaren ezaugarriak zerrendatzen dira, batez ere Kriminologiaren arloko profesionalek delirio-nahasmendua duten pertsonak ondo identifikatu ahal izan ditzaten:
- Delirio-nahasmenduaren ondorioz jokaera antisozial eta deliktibo duten pertsonek krimenaren antolaketari denbora luzea eskaintzen diote, hau da, aldez aurretiko pentsatze patologikoa dago.
- Gaixoen jokaera indibiduala da.
- Krimenaren amaieran ez dute gertaeretako lekutik ihes egiten. Izan ere, hark berak deitzen dio poliziari edo borondatez entregatzen da.
- Ekintzak aitortzen dituzte eta lasaitasunez gertakaria kontatzen dute.
- Ez dute damutasunik erakusten baizik eta poztasuna haiek pentsatzen zutena egin behar zela egiteagatik.
Oro har, zaila da ulertzea nola pertsona arrunt batek, azkarra, txukuna eta eguneroko zereginak ongi betetzen dituena, portaera patologikoa izan dezakeen une jakin batean. Jokaera antisoziala duen pertsona aztertzen eta epaitzean, egozgarritasuna baliogabetuta egon daiteke. Ez dago defizit intelektualik baizik eta errealitate balioespearen distortsio kognitiboa, eldarnioa zehatzagoak izateko. Subjektuak badaki planifikatzen ari dena gizarte arauetan debekatuta eta zigortuta dagoela, eta horregatik bere “etsaia” hiltzen duenean, hark berak poliziari deitzen dio eta atxilotua izatea espero du, bere ekintzaren ondorioak onetsiz.
Subjektuak egiten dituen jokabideak ondo pentsatuak, meditatuak eta landuak daude, nahiz eta ekintza batzuk oldarkortasun une batean egiten diren arren (eguneroko edozein eraginegatik edo alkohol gehiegizko kontsumoagatik piztuz). Hala ere, zalantza handiena planteatzen da egitate deliktiboak ez duenean gordetzen zentzu edo kausalitate erlaziorik eldarniozko nukleoarekin.
Orobat, bereizi ahal izan beharko genituzke eldarnioarekin erlazionatuta dauden jokabideak, nahiz eta modu sekundarioan, eldarnioarekin erlazionaturik gabeko jokabideetatik. Esate baterako, jelosia eldarnioa duen pertsona batek bere ametsetako luxuzko kotxea erosteko, bere enpresari iruzur egiten dio dirua irabazteko. Beraz, egon daitezke mota hauetako beste hainbat adibide inolako lotura ez dituztenak jeloskor egoteko ideiarekin eta ezkontidea desleiala izatearekin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Delirio» euskalterm (Eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2018-04-23).
- ↑ «Delirio-nahasmendu» Euskalterm (Eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2018-04-23).
- ↑ a b Gutiérrez, Ana Estévez; Rodríguez, Iratxe Redondo. (2013-01-28). Psikopatologia: eskuliburua. Universidad de Deusto ISBN 9788498304169. (Noiz kontsultatua: 2018-04-23).
- ↑ a b c Manual diagnóstico y estadístico de los trastornos mentales : DSM-5. (5ª ed. argitaraldia) Editorial Médica Panamericana D.L. 2014 ISBN 9788498358100. PMC 894654259..