Corinne Bailey Rae
Corinne Bailey Rae | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Leeds, 1979ko otsailaren 26a (45 urte) |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Hezkuntza | |
Heziketa | Leedsko Unibertsitatea Allerton High School (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | egile abeslaria, abeslaria, gitarra-jotzailea, jazz musikaria, artista eta estudioko musikaria |
Jasotako sariak | |
Genero artistikoa | soula rhythm and bluesa pop musika R&B garaikidea |
Musika instrumentua | gitarra ahotsa |
Diskoetxea | Capitol Records EMI |
corinnebaileyrae.net eta corinnebaileyrae.com | |
Corinne Jacqueline Bailey Rae (Leeds, 1979ko otsailaren 26a) abeslari eta musikagile britainiarra da. 2006an bere izena zeraman diskoa argitaratu zuen eta BBC kateko kritikoek urteko disko arrakastatsuena izendatu zuten. Aurreneko diskoarekin lehen potua eskuratu duen lau abeslarietako bat da[1].
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Corinne Bailey Rae Leeds hirian jaio zen. Aita Saint Kitts eta Nevis uharteetakoa du, ama ingelesa eta hiru ahizpen artean zaharrena da[2]. Azal iluna izanik arrazakeria pairatu zuen txikitan.
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musikari dagokionez biolina ikasten hasi zen eta ondoren elizan abestu zuen[3], gustoko taldea Led Zeppelin zuen arren. Helen izeneko indie-pop taldea sortu zuen. Veruca Salt eta L7 taldeak zituen erreferente, emakumezkoak baitziren taldekideak[4]. Leedsen arrakasta izan zuen eta Roadrunner Records UK disketxeak kontratua egin zien, baina ez zuten diskorik atera. Taldekide bat haurdun gelditu zen eta taldea uzterakoan taldea bera desegin zen.
Helen taldeak sorturiko nahigabearen ondorioz Corinne Bailey Rae Ingeles Literatrako ikasketetan zentratu zen Leedseko Unibertsitatean. Ikasketak aurrera ateratzeko jazz musika abesten aritu zen Leedseko pubetan, eta jazz musikaz zaletu zen. Garai hartan Jason Rae saxofoi jotzailea ezagutu eta 22 urte zituela ezkondu ziren.
Bakarkako ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Indie-pop musika utzi eta jazz eta R&B musikak jorratuz bakarkako diskoa lantzeari ekin zion. Leeds bertako hainbat talderekin kolaborazioak ere egin zituen, The New Mastersounds taldearekin "Your Love Is Mine" abestian eta Homecut Directive taldearekin "Come the Revolution" abestian.
2006an EMI disketxearekin kontratua sinatu zuen aurreneko diskoa ateratzeko. Lehenengo singlea, "Like a Star", ez zen arrakastatsua izan baina bigarrena, "Put Your Records On", zerrendetako bigarren postura iritsi zen. Nazioartean ere islada izan zuen, top 10-ean sartu baitzen Zeelanda Berrian, Israelen, Txinan, Espainian eta Irlandan. Diskoak abeslariaren izena izan zuen, Corinne Bailey Rae, eta Grammy Sarietarako bi izendapen jaso zituen, abesti onenarena eta diskorik onenarena[5]. Esan beharra dago aurreneko single hark ("Like a Star") presentzia nabarmena izan duela gerora egin diren telesail eta filme ugaritan.
2008an Herbie Hancock pianojolearen River: The Joni Letters diskoan kolaboratu zuen, eta diskoak urteko disko onenaren Grammy Saria jaso zuen. Urte berean senarra hil zitzaion[2].
2010an bigarren diskoa argitaratu zuen eta "Is this love" abestiarengatik R&B ekitaldi onenaren Grammy Saria jaso zuen. 2016an hirugarrena atera zen, The Heart Speaks in Whispers, eta Billboard's R&B zerrendan bigarren postura iritsi zen atera bezain laister.
2017an Coldplay taldearen "The Scientist" abestiaren bertsioa egin zuen Fifty Shades Darker filmeko hasierako abestia izateko[6]. 2019an Tom Waits abeslariaren omenezko diskoan hartu zuen parte "Jersey Girl" abestia interpretatuz[7].
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Corinne Bailey Rae (2006, EMI)
- The Sea (2010)
- The Heart Speaks in Whispers (2016)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Team, Cosmo. (2008-04-28). «Britain's wealthiest women» Cosmopolitan (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
- ↑ a b (Ingelesez) «'It happened to me. It could happen to anyone at any time' | Corinne Bailey Rae» the Guardian 2009-10-03 (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
- ↑ (Ingelesez) Michel, Sia. (2006-08-25). «A Jazzy Neo-Soul Singer Fosters a Searching Mood» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
- ↑ (Ingelesez) «Dave Simpson meets Corinne Bailey Rae» the Guardian 2005-11-11 (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
- ↑ «FOX Facts: Complete List of Grammy Award Nominations | Fox News» web.archive.org 2013-03-18 (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
- ↑ «Music from Fifty Shades Darker» Tunefind (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).
- ↑ (Ingelesez) Kaye, Ben. (2019-11-18). «Contributors break down Tom Waits tribute Come On Up to the House: Women Sing Waits Track by Track: Stream» Consequence (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).