Carlos Roqué Alsina
Carlos Roqué Alsina | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Carlos Maria Roque Alsina |
Jaiotza | Buenos Aires, 1941eko otsailaren 19a |
Herrialdea | Argentina Frantzia |
Heriotza | Parisko 8. barrutia, 2023ko abuztuaren 5a (82 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, piano-jotzailea, unibertsitateko irakaslea eta orkestra zuzendaria |
Jasotako sariak | |
Mugimendua | musika klasikoa |
Musika instrumentua | pianoa |
carlosroquealsina.com | |
Carlos Roqué Alsina (Buenos Aires, 1941eko otsailaren 19a) argentinar piano-jotzaile eta musikagilea da. Buenos Airesen egin zituen pianoko eta orkestra-zuzendaritzako ikasketak. Alsinak oso gaztetatik jotzen zuen pianoa. 1959tik 1964ra, Buenos Airesko Agrupación Nueva Música taldearen kontzertuetan parte hartu zuen. 1964tik aurrera, Berlinen bizi izan zen, eta, han, Luciano Beriorekin lan egin zuen. 1966an, Bruno Madernaren laguntzaile izan zen Berlingo Operan. 1966tik 1968ra, Sormenezko Arteen Zentroko kide izan zen Buffalon (AEB), eta hango unibertsitateko irakasle gonbidatua. 1969tik aurrera, New Phonic Art taldeko kide izan zen. Talde horren ezaugarri nagusietako bat bat-batekotasuna da. Alsinak Guggenheim saria jaso zuen lau bakarlari eta orkestra handi batentzat osatutako Überwindung (1970) lanagatik eta ganbera orkestrarako Schichten (1971) obragatik. 1973an, Parisen hartu zuen bizilekua. Alsinaren lan nagusien artean, aipagarriak dira: Drei Stücke, harizko tresnez osatutako orkestrarako lana (1964); Funktionen (1965); Trio, tronboi, biolontxelo eta perkusio-tresnetarako (1967); Themen (1974); Stücke (1976-1977); eta Sinfonia (1983). Alsina sortzaile independentea izan da, eta ez du sekula bere burua eskola batera lotu nahi izan. Carlos Roqué Alsina, Entretiens - Témoniages - Documents (2011) liburuan jasota dago musikagilearen bizitzari buruzko informazio osoa eta haren obraren katalogo eguneratua.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.