Theodor Fontane
Theodor Fontane (Neuruppin, 1819ko abenduaren 30a - Berlin, 1898ko irailaren 20a) Alemaniar idazlea izan zen. Gaskoi higanoten jatorrikoa zen; botika batean lan egin zuen Berlinen, eta ondoren kazetaritzan jardun zuen (1852). Oso goiz hasi zen lirikotasunez betetako poesiak idazten, baina berehala hasi zen ironia ere erabiltzen. Bidaia-kontakizunetan (Wanderungen durch die Mark Brandeburg, 1862-1882) bere lurraldearen berri eman zuen. Baina arrakasta eleberriei esker etorri zitzaion. Lehendabiziko idatziak W. Scott eta W. Alexis eredutzat harturik, historiatik hartutako gaiez osatu zituen: Vor dem Sturm (1878, Ekaitzaren aurretik). Gero, Adultera (1882), Effi Briest (1895), Stechlin (1899an argitaratua) eleberrietan errealismora jo zuen. Fontanek ez du garai oso bateko erretratua eskaintzen bere obretan, bai, ordea, Alemaniako gizarte-sail desberdinetako ohiturak eta usadioak, bizibidea eta sentipenak. Umore eta eszeptizismo handia erakusten du Fontanek bere garaiko gizartea epaitzean.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Theodor Fontane |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.