Sophie Magdalena Scholl (Forchtenberg, 1921eko maiatzaren 9a - Munich, 1943ko otsailaren 22a) Alemania Naziaren aurkako ekitzailea izan zen, Arrosa Zuria izeneko erresistentzia mugimendu baketsuko kidea. Atxilotu zutenean, Biologia eta Filosofia ikasten ari zen Municheko Unibertsitatean, eta hari eta anaia Hansi traizioa leporatu zieten, unibertsitatean gerraren aurkako eskuorriak banatu zituztelako. Horren ondorioz, gillotinaz exekutatu zituzten biak. Gaur egun, Hirugarren Reicharen aurkako ekintzaile haren izenak ospe handia du.

Sophie Scholl

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSophia Magdalena Scholl
JaiotzaForchtenberg1921eko maiatzaren 9a
Herrialdea Alemaniar Inperioa
Lehen hizkuntzaalemana
HeriotzaStadelheim espetxea1943ko otsailaren 22a (21 urte)
Hobiratze lekuaFriedhof am Perlacher Forst (en) Itzuli
Heriotza moduaheriotza zigorra: burugabetzea
HiltzaileaJohann Reichhart (en) Itzuli
Familia
AitaRobert Scholl
AmaMagdalena Scholl
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaMunicheko Unibertsitatea
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakuniversity student (en) Itzuli eta Erresistentziaren kidea
KidetzaArrosa Zuria
Alemaniar Neskatxen Liga
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaLuteranismoa

IMDB: nm1659603 Discogs: 1398404 Find a Grave: 20682 Edit the value on Wikidata
Forchtenberg herriko —Sophie eta Hans anai-arreben jaioterriko— udaletxea

Bizitza

aldatu

Haurtzaroa

aldatu

Aita, Robert Scholl (1891-1973), Forchtenberg am Kocher hiriko alkatea zen Sophie jaio zenean; eta ama, berriz, Magdalene Müller zuen (1881-1958). Sei neba-ahizpetako laugarrena izan zen:

Luteranismoan hezia, zazpi urterekin hasi zen eskolan, eta haurtzaro erosoa izan zuen. 1930ean, Scholldarrak Ludwigsburgera aldatu ziren, eta bi urte geroago Ulmen finkatu. Han, Sophieren aitak aholkularitza-enpresa bat ireki zuen.

1932an, Sophie bigarren hezkuntzan hasi zen, neskentzako eskola batean. Hamabi urterekin, gelakide gehienen antzera, Hitlerren Gazterien emakumezkoen erakundean sartu zen; Bund Deutscher Mädel delakoan, alegia. Hasierako ilusioak berehala itzali zitzaizkion, ordea, eta erregimena gero eta maizago kritikatu zuen.

Gerra garaia

aldatu
Fitxategi:Stamps of Germany (DDR) 1961, MiNr 0852.jpg
Sophie eta Hans Scholl

1937an, haren anaiak eta adiskideak atxilotu zituzten Alemaniako Gazteriaren Mugimendu Katolikoko kide izateagatik, eta gertaera horrek eragin nabaria izan zuen Sophierengan. Garbi ikusi zuen nazismoaren izaera erasokorra, eta Hitlerren diktaduraren aurkari irmo bihurtu zen.

Iaioa zen marrazten eta margotzen, eta artista degeneratuekin harremanetan jarri zen. Irakurle porrokatua izanik, Filosofiarako eta Teologiarako zaletasuna garatuz joan zen. Hori guztia, nazionalsozialismotik aldentzeko baliatu zuen.

1940ko udaberrian, bigarren hezkuntzako ikasketak amaitu zituen. Haren saiakerak gai hau zuen: «Sehaska mugitzen duen eskuak mundua mugitzen du».

Haurrak oso gogoko zituen, eta Ulm-Söflingeneko Fröbel institutuko haurtzaindegian hasi zen lanean. Unibertsitatean sartzeko, nahitaezkoa zen Lan Zerbitzu Inperiala (Reichsarbeitsdienst) egitea, eta Sophiek bazuen esperantza, haurtzaindegiko lana zerbitzu haren ordezkotzat onartuko ziotela. Ez zen hala gertatu, ordea; eta, 1941eko udaberrian, sei hilabetez, gerrako laguntza zerbitzuan aritu behar izan zuen, Blumbergen, erizaintzako irakasle. Militarki antolatutako erregimen hark egoera politikoa aztertzera eraman zuen, eta erresistentzia pasiboa praktikatzen hasi zen.

Lanaren Zerbitzu Inperialean sei hilabete haiek eman ondoren, 1942ko maiatzean, Municheko Unibertsitatean izena eman zuen, Biologia eta Filosofia ikasteko. Han zen Hans anaia, Medikuntza ikasten, eta adiskideak aurkeztu zizkion. Talde hori bere ideia politikoengatik ezaguna bazen ere, hasiera batean behintzat arte, musika, literatura, filosofia eta teologia arloetako zaletasunak eraginda bildu ziren. Mendira joan, eskiatu eta igeri egitea ere oso gogoko zuten, eta maiz joaten ziren kontzertu, antzerki eta hitzaldietara.

Munichen, harremana izan zuen artista, idazle eta filosofoekin, batez ere Carl Murthekin eta Theodor Haeckerrekin, harengan eragin nabaria izan baitzuten. Zer egin zezakeen norbanakoak diktadurari aurre egiteko? Hori zen behin eta berriro debatitzen zutena.

1942ko udako oporretan, Sophie Schollek gerra zerbitzuak egin behar izan zituen, metalurgia planta batean, Ulmen. Bitartean, aita kartzelan zen, langile bati Hitlerrez egindako aipamen kritiko bategatik.

Arrosa Zuriaren hastapenak

aldatu
 
Arrosa Zuria taldearen omenezko monumentua, Munich

Municheko paretak margotuta agertzen hasi ziren, eta panfletoak izaten ziren noiznahi unibertsitatean. Arrosa zuria izeneko mugimendua zen, gerraren aurkako ahaleginetan. Mugimenduak berehala erakarri zuen Sophie, eta bizkor hedatu zen Alemanian. Kide egin eta aste batzuk pasa zirenean, anaia Hansek eta haren lau adiskidek sortu zutela jakin zuen.

Kurt Huber irakaslea mugimendura erakartzeaz arduratu zen Sophie. Haren itxura xaloak hiriz hiri propaganda zabaltzea erraztu zion, eta zelulak eratuz joan ziren herrialde osoan. Orduan hasi zen Gestapo, nazien polizia politikoa, taldea ikertzen, hasieran arrakastarik izan ez bazuen ere.

Scholl senideak egin ziren taldeburu. Taldean ziren, orobat, Christoph Probst, Alexander Schmorell eta Willi Graf. Eta Kurt Huber irakasleak, gazteek banatuko zituzten azken bi eskuorri serieak prestatu zituen. Arrosa Zuriko gizonezkoak Frantziako eta Errusiako fronteetan gerran arituak ziren. Nazien izugarrikeriak ikusiak zituzten, eta bazuten halaber Wehrmachtek Stalingraden jasandako porrotaren berri.

Jarduerarik gabeko aldi baten ondoren, 1943ko otsailean, Hitlerren aurkako jarrera gogorragoa hartu zuen taldeak. Azkenak izango ziren bi eskuorri serieak banatu zituzten, eta nazismoaren aurkako esloganak margotu zituzten Munichen, unibertsitateko sarreran gehienbat.

Azken eskuorri banaketa 1943ko otsailaren 18an izan zen, unibertsitatean, ikasleen irteerako ordua baliatuz.

Orri gehienak banatutakoan, Sophie atriora igo zen, eta azkenak handik behera ikasleen gainera botatzeko erabakia hartu zuen. Alderdi naziko kide zen atezain batek ikusi zuen, ordea, eta unibertsitateko ateak itxi, Scholl senideak giltzapeturik gera zitezen, eta Gestapokoei deitu zien. Aurrena bi senideak atxilotu zituzten, eta, ondorengo sarekadetan, taldeko beste kideak ere.

Kartzela eta exekuzioa

aldatu
 
Sophie eta Hans Schollen eta Christoph Probsten hilobia

1943ko otsailaren 22an, Municheko Stadelheim espetxean, Sophie Scholli, Hansi eta haien adiskide Christoph Probsti traizioa leporatu zien Alemaniako Herriaren Epaitegiko buru Roland Freislerrek, eta heriotzara kondenatu zituzten. Epaiketan, ondorengo hau esan zuen Sophiek:[1]

« Norbaitek hasi behar zuen, azken batean. Guk idatzi eta esandakoa beste askok ere pentsatzen dute, baina ez dute hori azaltzeko guk izan dugun adina adore. »

Freislerrek zuzenean hala galdatu zuelako, egun hartan bertan exekutatu zituzten. Johann Reichhart borreroa arduratu zen horretaz, kartzelako gillotinarekin, arratsaldeko bostetan. Munich distrituko gorteko buru Walter Roemerrek ikuskatu zuen exekuzioa. Gerora, exekuziorako bidean Sophiek agerturiko kemena nabarmendu zuten espetxeko ofizialek. Haren azken hitzak hauek izan omen ziren:[2][1]

« Nola espero dezakegu ongia gailentzea, ia inor ez badago kausa on bategatik bere burua sakrifikatzeko prest. Egun on honetan, eguzkitsu dagoelarik, joan egin behar dut, baina zer axola du nire heriotzak, milaka pertsona esnarazi eta ekintzara bultzatzen baditu? »

Ohikoa ez bada ere, exekuzioaren aurretik, Scholl anai-arrebek eta Probstek minutu batzuk izan zituzten, elkarrekin izateko. Haien azken hitzak hauek izan omen ziren:[erreferentzia behar]

« Haien buruak ere eroriko dira. »

Gainerako taldekideei ere lepoa moztu zieten geroxeago, uda hartan. Laguntzaileak, ezagunak, Probsten alargunari eta seme-alabei lagundu zietenak eta abar ez ziren kartzelaz libratu, eta 6 hilabete eta 10 urte arteko zigorrak ezarri zizkieten.

Hala ere, erakundea ez zen desagertu, eta klandestinitatean segitu zuten erresistentzia.

Ohoreak

aldatu

2003ko otsailaren 22an, Bavariako gobernuak Walhalla eraikinean Sophieren busto bat jarri zuen, haren omenez.

Ludwig Maximilians Municheko Unibertsitateko Zientzia Politikoko fakultatea, Scholl anai-arreben omenean, Geschwister-Scholl Institutua deitzen da; era berean, azken 40 urtean, Arrosa Zuria askatasunerako borrokari loturik ageri da, eta Alemaniako kale, parke, etorbide eta eskola ugarik Scholl anai-arreben izena dute.

2003an, ZDF telebistak Alemania osoan galdeketa egin zuen, herrialde horrek inoiz izan dituen hamar pertsona garrantzitsuenak aukeratzeko: berrogei urtez beherakoek Sophie eta Hans laugarren tokian jarri zituzten, Bach, Goethe, Gutenberg, Bismarck, Willy Brandt eta Albert Einsteinen aurretik. Gazteen botoak bakarrik kontatu izan balira, Sophie eta Hans lehenak izango ziratekeen. Urte batzuk lehenago, Brigitte aldizkariaren irakurleek Sophie Scholl hautatu zuten XX. mendeko emakume garrantzitsuentzat.

Filmak

aldatu

Ondorengo urteetan, Scholl senideak ospetsu egin dira zineman nahiz antzerkian. Julia Jentsch alemaniar aktoreak Sophie Schollen papera antzeztu zuen Die Weiße Rose (Arrosa Zuria) eta Fünf letzte Tage (Azken bost egunak) filmetan (bigarren hori, Sophiek Elsa Gebel ziegakidearekin espetxean eman zituen azken egunen kronika da). Horrez gain, 2005eko otsailean, beste film batean azaldu zen, Sophie Scholl – Die letzten Tage (Sophie Scholl: azken egunak) izenekoan, berriz ere Julia Jentsch antzezle zela: bizirik irtendakoen elkarrizketetan eta 1990 arte ezkutuan izandako transkripzioetan oinarritzen da, eta Oscar sarietan aipamena lortu zuen 2006an, atzerriko pelikula onenaren sailean.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Ingelesez) «https://web.archive.org/web/20110514161744/http://www.spartacus.schoolnet.co.uk/GERschollS.htm «Sophie Scholl», Spartacus schoolnet. Eskuratze data: 2011-03-30.
  2. (Ingelesez) Margie BURNS: «Sophie Scholl and the White Rose», RaoulWallenberg.net, The International Raoul Wallenberg Foundation. Eskuratze data: 2011-03-30.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sophie Scholl