Plus Ultra (goiburua)

Plus Ultra Espainiaren nazio goiburua da, latinez idatzia, eta «harago» esan nahi du. Karlos I.a Espainiakoa (Karlos V.a Alemaniakoa ere bazena) izan zen goiburu pertsonaltzat erabili zuena, bere inperio kosmopolita berriaren dinamismoaren adierazle.

Plus Ultra goiburua, Sevillako udaletxean.
Espainiako armarria Plus Ultra goiburua Herkulesen Zutabeen inguruan dagoelarik.

Earl Rosenthalen azterketen arabera, goiburua Karlos V.aren mediku eta aholkulari pertsonala zen Luigi Marliano humanista milandarragandik dator. Honek, duke gazteari eta beranduago enperadorea izango zenari 1515ean, adin nagusikoa bihurtu zenean eta Urrezko Toisoiaren Ordenaren Maisu Handi izendatua izan zenean, bere bulegopean Plus Ultra latin goiburua jartzea aholkatu zion.

Goiburu hura nabigatzaileak abisu zahar ospetsua desafiatu eta ahaztera animatzeko erabili zen. Izan ere, erromatar mitologiaren arabera, Herkulesek bi zutabe jarri zituen Gibraltarko itsasartean, eta Munduaren muga zirela uste zen, Mediterranioko nabigariak iris zitezkeen azken muga. Non Terrae Plus Ultra (Ez dago lurrik haratago) zen, Finisterreri ere erreferentzia egiten ziona, baina goiburu horrek bere botere sinbolikoa galdu zuen Cristobal Colon 1492an Mendebaldeko Indietara (Amerikara) Ozeano Atlantikoa zeharkatuz iritsi zenean.

Ordutik izan da Espainiaren nazio goiburua, frankismoaren garaian izan ezik, orduan Una, Grande y Libre izan baitzen goiburua. Egungo armarri konstituzionalean goiburua Herkulesen bi zutabeen inguruan idatzia ageri da. Hain zuzen, goiburu hori eta Karlos V.aren espainiar armarria Amaiurko monolitoan jarri ziren 1927an, Nafarroako Monumentu Historikoen Komisioan polemika bizia sortu ondoren, kide askoren dimisioa ekarri zuena.

Izen bereko beste gauza batzuk

aldatu

Kanpo estekak

aldatu