Lourdes Iriondo

euskal idazle eta abeskaria

Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, Gipuzkoa, 1937ko martxoaren 27a - Urnieta, Gipuzkoa, 2005eko abenduaren 27a) euskal kantaria eta idazlea izan zen. Euskal kantagintzaren erreferente izan zen 1965etik 1978ra bitartean.[1] Ez Dok Amairu taldeko kidea izan zen hasieratik, eta senar izan zuen Xabier Lete, talde bereko kidea.[2]

Lourdes Iriondo

(1971)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLourdes Iriondo Mujika
JaiotzaDonostia1937ko martxoaren 27a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaUrnieta2005eko abenduaren 27a (68 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Xabier Lete
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta abeslaria
KidetzaEz Dok Amairu
Musika instrumentuaahotsa
gitarra

Facebook: 118669181552869 Literaturaren Zubitegia: 61 Spotify: 0vYKlx5B78X1E4mxgKRwqD Last fm: Lourdes Musicbrainz: e6578e3c-89b9-41cc-8111-86af4db130c2 Discogs: 1960750 Edit the value on Wikidata

Bizitza

aldatu

Hamaika haurride ziren Iriondo-Mujikatarrak; horietatik Lourdes bigarrena zen. Zazpi urte zituela, familia osoak Urnietara egin zuen, eta han eman zituen haurtzaroa eta gaztaroa. Euskara lehen hizkuntza zuen, baina anai-arrebengan gero eta handiagoa zen erdararako joera. Mojetan ikasi zuen Iriondok, hasieran Urnietan, gerora Donostian. Mojak frantsesak ziren, eta frantsesez egin behar izaten zuten ikastetxean.

Iriondo gazteak behartsuak lagundu nahi zituen; hori zela eta, hemeretzi urterekin Gasteizko Misioneras Seculares elkartearen formakuntza etxean sartu zen, misiolari lanetarako prestatzeko asmoz. Ez zuen ametsa betetzeko aukerarik izan, handik urtebetera bihotzeko eritasun larria diagnostikatu baitzioten. Hortik aurrera, zorrotz zaindu behar izan zuen osasuna. Gaixotasunaren ondorioz, etxean egotera behartuta egon zen denboraldi luzez. Garai hori aprobetxatu zuen haurtzarotik gogoko zuen musikagintzan trebatzeko.

Musika arloko lehen urratsak

aldatu

Izan ere, txikitatik izan zuen musikarako zaletasuna; ahots gozoa eta garbia zuen, eta familia giroan abesti zaharrak kantatzen zituzten askotan. Urnietako txistulari taldean ibili zen, eta Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 1964an, aitak oparitutako gitarrarekin hasi zen Cecilio Espada irakaslearekin eskolak hartzen. Aurretik hasia zen bere kantuak egiten; kutsu erlijiosokoak ziren horietako asko, bai eta euskara eta euskal kulturaren ingurukoak ere. Abesti gehienak lagunek (tartean, Joseba Zugasti Urnietako apaiza) moldatzen edo euskaratzen zizkioten, artean ez baitzen gai sentitzen euskaraz konposatzeko.

Joxemari Iriondo, Lourdes Iriondori egindako elkarrizketaz (Ahotsak proiekturako).[3]

Jendaurreko lehen emanaldia 1964an egin zuen, Andoainen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean. Arrakasta handia lortuta, Tolosan eta Villabonan abestu zuen gero. 1965ean, Aizarnan, Gazteriaren Egunean kantatu zuen, eta hor ere arrakasta handia lortu. Berehala, Joxemari Iriondo kazetari eta lehengusuaren eskutik, Loiolako Herri Irratirako hainbat kantu grabatu zituen, eta horiek emititzen hasi ziren. Entzuleen hainbat kritika jaso zituen arren, besteak beste «espainiar gitarrarekin euskaraz abesterik ez zegoelako», oso ezagun egin ziren Lourdes Iriondoren ahots eta doinuak. Handik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. 1965ean, berrogei kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an, berriz, 170 inguru izan ziren. Garai hartan izan zituen lehen arazoak zentsurarekin. «Ez gaude konforme», «Askatasuna zertarako», «Nire erria» eta gisakoak kantaldietan abesteko baimena jaso behar zuen, eta hainbatetan moldaketak egin.

Ez Dok Amairu

aldatu
 
Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui (zutik, ezkerretik hirugarrena) eta Paco Ibáñez (zortzigarrena) kantariekin: Joxan Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtuta, ezkerretik lehenengoa) eta Lourdes Iriondo.
 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ez Dok Amairuko kidea zen Lourdes Iriondo.

Garai hartako Euskal Herrian ez zen batere ohikoa emakume bat oholtza gainean agertzea, gitarra eskuetan zuela. Luze gabe hasi ziren kantari berriarentzat goitizenak agertzen: Euskal Herriaren nobia, Euskal Herriko Joan Baez[4] eta Ez Dok Amairuko musa deitu izan zioten. Jose Angel Irigarairen esanetan, «jendea ez da konturatzen zer zen Lourdes Iriondo 60ko hamarkadan. Agertokian transformatu egiten zen, ikaragarria zen, eta jendea liluratuta gelditzen zen».[5]

Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, 1965ean; bileretan hasieratik hartu zuen parte. Dena den, gainerako partaide gehienak ez bezala, ordurako kantari ezaguna zen. Ez Dok Amairun idazkari lanak egin zituen, eta taldearekin batera kantaldi askotan hartu zuen parte.[6]

1967an lehen bi disko txikiak argitaratu zituen, Belter diskoetxearekin. Aspaldiko kantak ziren: «Abesten dizut, jauna», «Loa», «Kitarratxoa ta euskera», «Ain urruti ta ain urbil»...

Nolanahi ere, urtetik urtera Lourdes Iriondoren kantagintza gero eta konprometituagoa ari zen bihurtzen. Honela azaldu zuen bilakaera: «Beharbada, lehenago abestia gauza polit bat bezela kontsideratzen zen. Esakizun haundirik gabeko gauza arin bat bezala. Gaur berriz, esakizun haundiak ditu herriari kantatzen zaion abestiak. Beste kontzientzi batekin kantatzen da gaur. Herriaren problemak kantatzen dira...».[7] 1968an, diskoetxe beraren eskutik, beste disko txiki bat eman zuen argitara. Hor zeuden lau kantek argi erakusten zuten urnietarraren bilakaera: «Lin-Pan mendia», «Askatasuna zertarako», «Nire erria» eta, batez ere, garaiko ereserki bihurtu zena, «Ez gaude konforme».

Ez zen 1968ko uzta bakarra izan. Disko luze bat argitaratu zuen, Kanta zaharrak (Belter, 1968), Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako ale zaharrekin. Urte beran, gainera, Xabier Leterekin ezkondu zen. Hurrengo urtean, disko txiki bat argitaratu zuen bikoteak. 1969an, beste bi disko txiki eman zituen argitara Iriondok; horietako bat, haurrentzako abestiekin: Aur kantak.

Ez Dok Amairu bereizi ondoren

aldatu

1972an bereizi zen Ez Dok Amairu. Gero, Iriondo Xabier Leterekin eta Benito Lertxundirekin ibilbide laburreko beste proiektu batean hasi zen: Zazpiribai ikuskizunean. Horretan Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikari ere aritu ziren: Pantxoa eta Peio, Ugutz Robles-Arangiz, Manex Pagola, Patxika Erramuspe...

1974an argitaratutako Lurdes Iriondo disko luzea (Artezi) eta 1976an Xabier Leterekin ateratako bilduma izan ziren grabatutako azken lanak. Haren heriotzaren ostean, Antologia bilduma argitaratu zuen Elkar diskoetxeak 2006an.

 
Lourdes Iriondoren "Ez gaude konforme" kasetea. Garaiko irrati baten aurrean.


1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan Xabier Leterekin, Antton Valverderekin eta Pantxoa eta Peiorekin batera egindako kontzertua izan zen haren azken emanaldia. Garai hartan aldaketa handiak gertatzen ari ziren gizartean eta kulturgintzan, eta ez zen oso eroso sentitzen. Horrez gain, osasun makalegia zuen kontzertuz kontzertu ibiltzeko. Handik aurrera, literatura, ikastola eta parrokia izan zituen zeregin nagusiak.

Haurrekiko lanak, eta literatura

aldatu

Haurrekin zaletasun berezia zuen, eta haientzako hainbat liburu argitaratu zituen: Martin arotza eta Jaun deabrua (Toribio Altzaga Saria jaso zuen), Sendagile maltzurra (Gero, 1973), Asto baten malura (Gero, 1975) eta Buruntza azpian (Gero, 1975). Bi narrazio liburu ere kaleratu zituen: Hego-haizearen ipuinak (Gero, 1973) eta Lotara joateko ipuinak (Erein, 1983).

Haurrekin Buruntza antzerki taldea antolatu zuen Urnietan, eta hainbat antzezlan idatzi eta zuzendu. Horietako bat, Fabrika berria, 1977an estreinatu zen. Herriko parrokian ere lan handia egin zuen urte horietan guztietan.

Haurrentzako egindako lan sortaren artean, haurren euskalduntzea laguntzeko helburuarekin, 1982. urtean Eusko Jauirlaritzak Hezkuntza Sailak bideo sorta bat didaktikoa ekoiztu zuen, Kontu kontari izenarekin, Lourdes Iriondo eta Imanol Urbietaran zuzendaritzapean. Bideoetan euskara lantzeko hainbat elementu agertzen ziren: ipuinak, marrazkiak, txotxongiloak, abestiak, motrizitatea... [8]

Heriotza eta omenaldiak

aldatu

2005eko abenduaren 27an hil zen, 68 urte zituela. Hil ostean hainbat omenaldi egin zitzaizkion.[9]

Aitortzak

aldatu
  • Urnietako parke batek Lourdes Iriondoren izena hartu zuen, eta bertan paratu zuten Jose Ramon Anda artistak haren omenez egindako eskultura.[10]
  • 2020an argitaratutako Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez libururako aukeratutako izenetako bat izan zen.[11]

Diskografia

aldatu
  • Maria Lourdes Iriondo, 1967, Belter diskoetxea (Bartzelona-Madril).
  • Maria Lourdes Iriondo, 1967, Belter diskoetxea.
  • Lourdes Iriondo, 1968, Belter diskoetxea.
  • Kanta zaharrak, 1968, Belter diskoetxea. Resurreccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako abesti zaharrak ziren.
  • Aur kantak, 1969, Herri Gogoa-Edigsa.
  • Lourdes Iriondo-Xabier Lete, 1969, Herri Gogoa (Donostia).
  • Lourdes Iriondo, 1969, Herri gogoa-Edigsa.
  • Lurdes Iriondo, 1974, Arte y Ciencia (Donostia).
  • Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren 4 disko txikiren bilduma (LP, 33 bira minutuko), 1976, Edigsa.
  • Lurdes Iriondo. Antologia, 2006, Elkar.

Idazlanak

aldatu

Haur eta gazte literatura

aldatu
  • Martin arotza eta Jaun deabrua. Sendagile maltzurra (Gero, 1973).
  • Asto baten malura (Gero, 1975).
  • Buruntza azpian (Gero, 1975).

Narrazioa

aldatu
  • Hego-haizearen ipuinak (Gero, 1973).
  • Lotara joateko ipuinak (Erein, 1983).

Erreferentziak

aldatu
  1. Gurrutxaga Uranga, Amagoia: «Lourdes Iriondo gogoan: Izar eta ezin», Berria, 2020-12-26.
  2. «Ez Dok Amairu-ren gidaria» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).
  3. «Iriondo Unanue, Jose Mari: "Lurdes Iriondo irratira eraman zuen"» Ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  4. Gurrutxaga, Alex. Xabier Lete: Aberriaren Poeta Kantaria. Irun: Alberdania, 2020. ISBN 978-84-9868-622-7, 18. orr.
  5. Urkizu, Urtzi. (2009-12-04). «Iraganera bidaia, Ez Dok Amairurekin» Berria.
  6. «"Ez Dok Amairu"... Colectivo de cantautores vascos en busca de la propia identidad. | Canción con todos» cancioncontodos.info (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  7. Argia 1966 (Noiz kontsultatua: 2010-03-02).
  8. Iriondo, Lurdes (1937-2005). (1982). «Haurrak euskalduntzen bideoaren bidez : kontu kontari / [zuzendaritza, Imanol Urbieta ; parte hartzaileak, L. Iriondo»] eimakatalogoa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-17).
  9. (Gaztelaniaz) «Amplia reacción de la prensa vasca ante la muerte de Lourdes Iriondo, renovadora de la canción vasca» Euskalkultura.eus (Basque Heritage Elkartea) 2005-12-29 (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  10. «El aniversario del nacimiento de Lourdes Iriondo se cumple este jueves» El Diario Vasco 2008-03-25 (Noiz kontsultatua: 2021-09-07).
  11. Crespo, Cira. (2020). Baginen, Euskal Herriko historia emakumeen bitartez. Txalaparta, 154-155 or. ISBN 978-84-18252-03-7..

Kanpo estekak

aldatu