Karmele Urresti Iturrioz

bizkaitar erizaina eta Eresoinkako kidea

Karmele Urresti Iturrioz (Ondarroa, Bizkaia, 1916 - ib., 2010eko maiatzaren 23a[1]) erizaina eta Eresoinkako kidea izan zen.

Karmele Urresti Iturrioz
Karmele Urresti Eresoinkan parte hartu zuenean
Bizitza
JaiotzaOndarroa, 1916
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaOndarroa2010eko maiatzaren 23a (93/94 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Txomin Letamendi
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakerizaina
KidetzaEresoinka
Emakume Abertzale Batza

Biografia

aldatu

Ondarroako Antzosolo etxean jaio zen. Aita Frantzisko Urresti zuen, eta ama Karmen Iturrioz. Sei anai-arreba ziren. Bilboko Basurtun hasi zen lanean, erizain. Gero Valladolidera joan zen, erizain ikasketak egitera. Han, 36ko gerrak atrapatu zuen, eta Ondarroara bueltatu zen. Baina bere familia abertzalea zenez, herritik kanporatu zituzten. Eusko Gudarostean laguntzen hasi zen, erizain lanetan. Bizkaia kolpisten esku geratu zenean, txalupa hartu zuen Santoñan (Kantabria, Espainia) Iparraldera ihes egiteko. Eusko Jaurlaritzak Larresoron (Lapurdi) eraikitako ospitalean lanean hasi zen. Eresoinka kultur elkartearekin bat egin zuen, eta Europan ibili zen ikuskizunak eskainiz. Eresoinkarekin Parisen zela, Txomin Letamendi Murua ezagutu zuen, bilbotar erbesteratua, tronpeta jolea. 1939an lehen umea eduki zuen bikoteak, Ikerne.

1940an Marseillatik Venezuelara joan ziren hiruak, txalupan. Venezuelan Urresti erizaini lanean hasi zen berriro, eta bigarren umea erditu zuen: Txomin. 1943an Agirre lehendakaria Venezuelara joan zen, eta Urresti eta Letamendiri laguntza eskatu zien. Hala, familiak Atlantikoa zeharkatu zuen berriro. Bartzelonara eta gero Bilbora. Senarra klandestinitatean sartu zen, frankismoaren kontrako borrokan aritzeko. 1946tik aurrera bi aldiz atxilotu zuten senarra, eta kartzelan jasandako torturen ondorioz hil zen 1950ean. Karmelek hirugarren umea erditu zuen, Patxi.

Senarra hilda, berriro Venezuelara joan zen Karmele Urresti 1952an, erizain lana egitera Aranguren doktorearen ospitalean. Sema-alabak Bilbon geratu ziren, eta ez ziren berriro elkartu 1958ra arte. Karmele Urresti Mobil enpresaren ospitaleetan lanean ere ibili zen. Caracaseko Euskal Etxeko kidea izan zen, eta hango Emakume Abertzale Batzako lehendakari postua ere bete zuen[2].

 
Karmele Iturrioz 1979ko udal hauteskundeetara aurkeztu zen Ondarroan Herri Batasunaren zerrendan

1975ean itzuli zen Ondarrora, eta Herri Batasunera hurbildu zen. 1979 eta 1983ko udal hauteskundeetan Ondarroako Herri Batasunaren zerrendetan aurkeztu zen. Telesoforo Monzonen laguna zen[3].

Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua nobelako protagonistetako bat da.

Bibliografia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Txomin Letamendi. (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 6).
  2. Txomin Letamendi. (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoaren 6a).
  3. «Antzosolo etxeko Karmele: erizaina, abertzalea, ondarroarra» Gara 2010eko maiatzak 23 (Noiz kontsultatua: 2020-3-6).