Iruñeko zitadela

Donejakue bideko eraikina Iruñean

Iruñeko zitadela, Iruñeko gotorlekua edo Gaztelu Berria (euskaraz, erabilera ofizialean, "Ziudadela") antzina erabilera militarra izan zuen berpizkundeko gotorleku bat da. Zitadela-Takonera eremuan dago.

Iruñeko zitadela
 UNESCOren gizateriaren ondarea
Kultura ondasuna
Nafar bidea Nafar bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaIruñea
Koordenatuak42°48′43″N 1°38′57″W / 42.8119°N 1.6492°W / 42.8119; -1.6492
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza1571 - 1645
Arkitektura
Egitura ingeniaritzaGiovan Giacomo Paleari Fratino (en) Itzuli
Vespasiano I.a Gonzaga
Estiloapizkundea
Gizateriaren ondarea
Erreferentzia669-180
Eskualdea[I]Europa eta Ipar Amerika
Izen-emateabilkura)
BICRI-51-0003896
180
  1. UNESCOk egindako sailkapenaren arabera

XVI. eta XVIII. mendeen artean Iruñean, Nafarroako hiriburuan eraikia. Inbasio baten ostean, hiriaren kontrola ziurtatzeko eta iruindarrak mendean edukitzeko xedez gauzatu zen batez ere. Gaur egun, gotorleku horren zatirik handiena lorategitzat erabiltzen da, eta haren barneko eraikinetan kultura jarduerak egiten dira.

Kokalekua

aldatu

Armada etorbidea, Pio XII.a etorbidea, Gazteluko Ingurunea kalea eta Yanguas Miranda kalearen artean dago.

Iparraldean Iruñeko Lehen Zabalgunea du, ipar-mendebaldean Antoniutti parkea, mendebaldean Donibane eta Iturrama auzoak, hegoaldean Iturrama auzoa, eta ekialdean, berriz, Iruñeko Bigarren Zabalgunea.

Eraikuntza

aldatu
 
Iruñeko zitadela, Gaztelugibeleko parketik ikusita.

1571an Filipe II.a Espainiakoak Iruñeko gotorlekuen berriztaketa eta sendotze plan orokorraren barnean zitadelaren eraikuntza agindu zuen. Eraikin hau diseinatzeko arduraduna Giacomo Pelearo, ezizenez "Fratin", ingeniari militarra izan zen, baina langintza honetan Vespasiano Gonzaga Colonna Nafarroako Erregeordeak ere esku hartu zuen. Italiar berpizkundearekin bat zetorren defentsa sistema bat asmatu zuten, hau denbora asko ez zela Anberes hirian praktikan jarria izana zen, Francesco Paciottok proiektatutako zitadelarekin, hau Turingo zitadelaren egilea ere bazen. Bost puntadun izar itxurako oina zuen esparrua izan zen. Oin bakoitzetik eman zitezkeen eraso angelu guztiak kontrolatu zitezkeen. Punta hauetako bi hiriaren barnealdera zuzenduak zeuden hau kontrolpean edukitzeko asmoz, garaiko agirietan jasotzen den bezala, 1569an Antonelli ingeniariak Filipe II.ari honela berri eman zion:

  • "Orain Iruñea metropolia baino muga bat da... gaztelu nagusi bat izan behar du, bere berezko erregearen agintearen oroimena oraindik bizirik dirauelako... oraindik indar batez ziurtatzea beharrezkoa da, beren gogoez... Eraikuntza lana kanpoko arriskuez defendatzeko balioko du, baina baita barnekoaz ere".

Ez da ahaztu behar Nafarroako Konkista duela gutxi gertatu zela, Nafarroako Erresumaren berreskuratze edo birkonkista saiakera ugarietan Iruñeko hiritarrek parte-hartze zuzen eta aktiboa izan zutelarik. Muraria idazlanean, bere egile Alicia Cámararen arabera,"matxinada bat prestatu zezakeen hiri bat menperatzeko modutzat ulertu behar da zitadela"; eta, Contarini enbaxadoreak ohartu zuenez, "erresuma honetako guztiek espainiarrei gorroto diete eta beren berezko erregea Joanes Labritekoa itzuli dadin desiratzen dute"[1].

Zitadela osatzen duten bastioien izendapenak honako hauek dira: San Anton, Real, Santa Maria, Santiago eta Victoria.

1645an eraikuntza lanak amaitutzat eman daitezke, halere 1685an eta XVIII. mendearen erdialdera eraikinaren defentsa sistema sendotzen zuten kanpoaldeko "ilargi erdiez" indartu zen.

Errefortzu hau Juan de Ledesmaren proiektuan oinarrituz gauzatu zen, "Vauban" bezala ezagutzen zen sistema poliorzetikoa jarraituz, izen hori Luis XIV.a Frantziakoaren garaian ingeniaritza militarra berriztatu zuen ingeniari militarraren deitura da. Santiago eta Victoria bastioiak (Takonerako aterantz), eta San Anton eta Real bastioien (San Nikolas aterantz) artean bi ilargi erdi eraiki ziren. Gainera, Santiago, Santa Maria eta Real bastioien alboetan bi aurrealdeak inguratzen zituzten kontraguardiak ere jaso ziren, honela bere defentsa ahalmena hobetuz.

Erabilera gotorleku gisa

aldatu
 
Laguntza atea, espainiar faxisten Estatu kolpearen garaian (1936ko uztaila) errepublikazale eta eusko abertzale ugari fusilatu zituzten tokia.

Iruñeko biztanleak kontrolpean mantentzen izan zuen eraginkortasunaz beste, zitadelak ez du defentsa gertakaririk eduki. Horregatik gutxitan setiatua izan da, baina bai hartua. 1808ko otsailaren 16ean Napoleonen Frantziar Gudarosteak, D'Armagnac buru zuelarik, Karlos IV.a Espainiakoarekin sinatutako Fontainebleauko Itunaren ondorioz, Portugal bereganatzeko Iberiar penintsula zeharkatzeko baimena zuenez, amarru txiki baten bidez zitadela bereganatu zuen. 1808ko otsailaren 9an Frantziar Gudarostea San Nikolaseko atetik sartu zen (Nafarroako Gorteen Etorbidea eta San Inazio kalearen bidegurutzearekin parez-pare aurkitzen den Iruñeko Bigarren Zabalgunearen inguruan). Ofizialak hiriko jauntxo eta nobleen etxeetan ostatu hartu zuten, eta gainontzeko 4.000 gudariak gune ezberdinetan kuarteleratu ziren. Aurkako edo etsaitasunezko egoera honetan, Napoleonek a D'Armagnac buruari zitadelaren bereganatzea agindu zion. Azpijokoa otsailaren 16an izandako elurteaz baliatzea zen, egun horretan frantziar gudariak elkarren aurka elur pilotak jaurtikitzen ari zirelako itxurak eginez zitadelara hurbildu ziren, betiere defendatzaileen gozamenerako. Gertu zeudenean ezkutatuta zeuzkaten euren armak atera, barnera sartu eta zitadela bereganatu zuten. Aurrerantzean frantziarrek burututako gisa bereko amarruek beste hainbat gotorleku bereganatzeko beta eman zien (Duhesmeren otsailaren 28ko Bartzelonako zitadela eta Montjuiceko gazteluaren bereganatzeak, eta Piat koronelaren Figueresko zitadela eta Donostiako San Telmo gazteluaren bereganatzeak kasu.[1][2]

1823an San Luisen Ehun Mila Semeen gudarostearen aurrean bost hilabetez gudari liberalek erresistentzia handiagoa erakutsi zuten. Asmoa zitadela setiatzea zen, bereganatu gabe, honela bertako gudarien irteera ekiditeko, bien bitartean gainontzeko gudarostea penintsulan zehar absolutismoa berrezartzeko sakabanatu egingo zen. Aurrerago irailaren 3an Iruñea hiria berak ere jasango zuen bonbardaketa bati hasiera eman zioten. Irailaren 16an bonbardaketa latz baten ostean zitadela barnean zeudenek amore eman zuten.

Espainiako Gerra Zibilean zehar, Laguntza-atean, Nafarroan burututako errepresio gogorraren errepublikazale eta abertzaleen fusilamendu ugari gauzatu ziren. 2007ko irailaren 21an Nafarroa Baik proposatu eta Nafarroako Alderdi Sozialista eta Eusko Abertzale Ekintza alderdien babesa jaso zuen (gutxiengo oposizioan zegoen Unión del Pueblo Navarro alderdia aurka agertu zen) Iruñeko Udalaren erresoluzio bat betez, urte hartako azaroaren 24ean Laguntza-ateko barnealdean 1936an eraildakoen oroimenezko plaka txiki bat ezarri zen. Inongo jendaurreko jakinarazpen edo berri emate publikorik gabe eta ekitaldirik ospatu gabe ezarri zen. Plakaren testuak euskaraz eta gaztelaniaz honako hau dio:

« Iruñeko Udalak eta Iruña Hiriak eskainia, 1936an askatasuna eta justizia soziala defendatzeagatik fusilatutako 298 iruindarren omenez.[3]
El Ayuntamiento y la Ciudad de Pamplona, como homenaje a los 298 vecinos fusilados en 1936 por defender la libertad y la justicia social.
»
 
2007ko azaroaren 24ean leku hartan 1936an fusilatutakoen oroimenez Iruñeko zitadelako Laguntza atean ezarritako plaka, euskarazko eta gaztelaniazko idatziarekin.

Zitadela, gaur egun

aldatu

1964an, zitadelak bere izaera militarra galdu zuen.[4] Horri esker, lorategiak jende guztiarentzat irekitako parke bilakatu ziren, eta eraikin militarrei erabilera kulturalak eman zitzaizkien.

Bere barnealdean hiriak esparru militar hau jasotzeko unean errespetatu ziren hainbat eraikin kontserbatzen ditu:

Gaur egun Nafarroako Foru Erkidegoaren hiriburua den Iruñearen erdigunean dago. Gazteluaren Bira (gaztelaniaz Vuelta del Castillo) izeneko parkeak leku guztietatik inguratzen du, Iruñeko berdegune handiena da eta mendeetan zehar defentsa arrazoiengatik eraikuntzarik gabeko lursaila izan zen.

 
Iruñeko zitadelako oinaren planoa.

1966ko uztailaren 23an ofizialki gauzatu zen hiriari multzo historikoaren ematea, guztira 275.840 m2-ko azalera duten kanpoaldeko eremuak barne zeudela. Eman behar zitzaien helburu eta erabileraren inguruko hainbat aukera aztertu ziren, horretarako 1971n hiriko hainbat auzunetan eraikinari eman behar zitzaion erabilerari buruzko kontsulta bat egin zen, horren ondorioa "berritutako eraikin historikodun berdegunea" izendapenarekin zitadela eta bere inguruko lursailen mantenua izan zelarik. Azken proposamen hori eremu hura berdegune soila izateko, "erdi aroko hiri" bezala egokitzeko edota kiroldegi bilakatzeko proposamenek baino balorazio handiagoa izan zuen.

1972an Udalak gaur egun zitadelaren ekialdean Iruñeko autobus geltokia dagoen lekuan antzina zegoen Artilleriako kuartelaren esparrua (Yanguas eta Miranda karriken aldamenean) eraiki gabe uztea proposatu zuen. Horrela, gotorlekuaren ingurunea errespetatuko zen. Urte hartako abenduan Espainiako Gobernuari multzo osoa Monumentu Historiko-Artistiko Nazionala izenda zezan eskatu zion, eta halaxe egin zuen Gobernu hark, hurrengo urteko otsailaren 8ko 332/1973 Dekretuaren bidez.

Zitadela bost puntadun izar itxura perfektuzko pentagono bat izan zen, nahiz eta XIX. mende amaiera eta XX. mendearen hasieran San Anton eta Victoriako gotorlekuak (biek hiriaren barnealdera begira zeuden) partzialki eraitsiak izan ziren, honela Iruñeko Lehen Zabalguneari leku egin eta bizileku eta harresiz kanpoko kuartel berrien eraikitzea ahalbidetu zen, Armadaren Etorbidea ere eraiki zen, honek gaur egungo bere behin-behineko itxura eman ziolarik.

San Anton bastioiaren hondakinean gainean (gaztelaniaz Baluarte de San Antón) Baluarte Batzar Jauregia eta Nafarroako Auditorioa eraiki zen, arrazoi horregatik Baluarte izenaz ezagutzen da, eta 2007 azaroan Iruñeko autobus geltoki berria eraikitzen amaitu zen, lurrazpikoa eta zitadelatik hurbil hori ere.

Eskulturak

aldatu

Parkeak

aldatu

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b (Gaztelaniaz) Zitadelaren erorketaren 200. urteurrena. Iván Giménezen erreportajea Diario de Noticias de Navarra egunkarian. 2008ko otsailaren 17a.
  2. Navarra en la época moderna y contemporánea. Jimeno Jurío, José María. 2007. Iruñea. Pamiela argitaletxea. ISBN 978-84-7681-457-4.
  3. Iruñeko Udalak eta Iruñea Hiriak eskainia, 1936an askatasuna eta justizia soziala defendatzeagatik fusilatutako 298 iruindarren omenez. Iruñeko zitadelako plakaren argazkia eta testua euskaraz eta gaztelaniaz.
  4. Espainiako estatuburu Francisco Franco jeneralaren Dekretua, 1964ko maiatzaren 21ekoa. Horren bidez, multzo historikoa Iruñeko hiriari laga zitzaion.

Ikus gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Iruñea