Hosto

fotosintesia egiten duen lur gaineko landareen atala da

Hostoa bereziki fotosintesia egiten duen lur gaineko landareen atala da. Horretarako, hosto gehienak zapalak eta finak dira, kloroplastoa duten zelulek eguzki-argia luze-zabal hartzeko eta ehunetan barneratzeko. Hosto gehienetan izerditzea eta arnasketa ematen den atala da. Hostoek elikagaiak eta ura meta ahal dute eta zenbait landaretan eraldatu egin dira beste funtzio batzuk izateko. Gainera, animalia batzuen (belarjale eta orojaleen) elikagai izan daitezke.

Pago hostoak.

Funtzioak

aldatu

Hostoen hiru prozesu garrantzitsuenak:

  • Fotosintesia: Gas-truke bat da eta hostoen estomen zehar egiten da. Fotosintesia egiteko karbono dioxidoa hartzen da eta oxigenoa kanporatzen da.
  • Arnasketa: Gas-truke bat da. Oxigenoa hartzen da eta karbono dioxidoa kanporatzen, animalien antzera.
  • Izerditzea: honen bidez gehiegizko ura kanporatzen da.

Ezaugarriak

aldatu
 
Ginkgo biloba hostoak udaberrian.

Hostoaren atalak:

  • Orria: Hostoaren zatirik zabalenari deritzo.
  • Gainaldea: Orriaren gaineko aldea
  • Azpialdea: Orriaren azpiko aldea
  • Txortena:Orria eta zurtoina lotzen dituen makilatxo
  • Estomak: Hostoen azpialdean egoten diren zulotxo modukoak dira, bi zelulez osatuta daudenak, bien artean zulo bat osatuz. Hartan zehar gasak igarotzen dira eta izerdiketa gertatzen da.

Hostoek hainbat funtzio betetzen dituzte baina horietan garrantzitsuenak fotosintesia eta gasen elkartrukea dira. Hala ere, hosto eraldatuek beste hainbat funtzio ere bete ditzakete. Estuki loturiko katafiloek, esaterako, landareari babesa emateko balio dute eta erraboilek, aldiz, metaketa-funtzioa betetzen dute. Hosto espezializatuetan esporangioa garatzen da maiz eta ugal funtzioa hartzen dute.

Morfologia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hostoen morfologia»
 
Hosto bakun baten diagrama:
1. Erpina
2. Zain nagusia
3. Zain sekundarioa
4. Linboa edo orria
5. Ertza
6. Pezioloa edo txortena
7. Kimua
8. Zurtoina

Hostoa hainbat zatiz osaturiko egitura da. Fotosintesia gauzatzen duen egitura zapalari linbo edo hosto-orri izena ematen zaio. Linboa modu egokian paratzen eta adarrarekin lotzen duen egitura zilindrikoa, berriz, pezioloa edo txortena da. Pezioloa eta zurtoina lotzen dituen guneari hostoin izena ematen zaio. Maiz, estipula izeneko egitura zapalak agertzen dira bertan eta batzuetan fotosintesia gauzatzeko gai dira. Hosto zorrotzaileak ere ager daitezke hostoinean, estipulek hostoaren inguruan zaku itxurako egitura osatzen dutenean, hain zuzen ere.

Anatomia

aldatu

Histologiaren ikuspuntutik begiratuta, hosto-organoa bi ehun-motaz eraturiko egitura da: epidermisa eta mesofiloa.

Epidermisa

aldatu
 
Epidermisa

Epidermisa, zelularen goi eta behealdean kokaturiko geruza fina da, normalean kutikula izeneko geruza batez estalia egon ohi dena, ur-galera ekiditeko. Klima lehorretako landareetan, kutikula oso lodia izan daiteke ur-galara handia baita. Bi epidermisak, goikoa eta behekoa, monostromatikoak izan ohi dira eta behekoa nabarmenagoa izan ohi da, bertan kokatzen baitira gasen elkartrukerako espezializaturiko egiturak, estomak, hain zuzen ere.

Mesofiloa

aldatu
 
Mesofiloa

Hostoaren barruan mesofilo izenez ezagutzen den ehun parenkimatiko berezi batez osaturik dago. Mesofilo-zelulek, maiz, kloroplasto ugari izan ohi dituzte eta kasu horietan klorenkima izena hartzen dute. Ehun honen funtzio nagusia fotosintesia gauzatzea da eta floemaren bitartez landareko gainontzeko ehunetara hedatuko den sapa landua sortzea.

Mesofiloan bi ehun-mota bereizten dira: hesi-parenkima eta belaki-parenkima. Lehenengoa hostoaren goialdean kokatzen da eta kloroplasto ugaridun zelulaz osaturik dago. Zelulak luzangak izan ohi dira, hostoaren gainazalarekiko elkarzut kokatuak eta hostoari sendotasuna ematen diote.

Belaki-parenkima, berriz, hostoaren behealdean dago eta zelula biribilez osaturik dago. Zelulok elkarrengandik nahiko bananduta daude eta gune interzelularrak oso handiak dira, aireztapena oso handia delarik.

Garraio-sistema

aldatu

Epidermisa eta mesofiloaren artean garraio-sistemako hodiak kokatu ohi dira. Normalean, xilema goialdean eta floema behealdean egon ohi dira eta balen inguruan erresistentzia ematen dien zelula esklerenkimatiko multzoa agertu ohi da.

Nerbiazioa

aldatu

Hostoetako zelula guztiak garraio-hodietatik 0,5 mm baino gutxiagoko distantziara kokatuak egon ohi dira, eta etengabeko ur eta elikagai fluxua jasotzen dute. Denboran zehar landareek estrategia ebolutibo ezberdinak erabili dituzte fluxu egokia bermatzeko, eta egun, hainbat motako nerbiazioak ezagutzen ditugu.

Mikrofiloak

aldatu

Hosto batzuk, primitiboenak normalean, nerbio bakarra izan ohi dute eta mikrofilo izena ematen zaie.

Megafiloak

aldatu

Nerbio bat baino gehiago duten hostoei, aldiz, megafilo izena ematen zaie eta hainbat mota bereizten dira. Nerbioak binaka adarkatuz gero nerbio dikotomo izena hartzen dute. Nerbio zentral bat eta hainbat sekundario agertzen direnean, aldiz, nerbio pinatu izena ematen zaio. Nerbio nagusirik bereizten ez denean eta hodiek ijelkiaren forma mantentzen dutenean nerbio kurbilineo izena jasotzen dute. Hainbat nerbio nagusi egotearen kasuan hostoari palmatinerbio izena ematen zaio eta nerbioak paraleloki kokatzen direnean, nerbio sekundariorik gabe, paralelinerbio.

Hosto konposatuak

aldatu

Hosto konposatuak hainbat ijelkiz osaturikoak dira. Hosto-orriak nerbiazioen inguruan forma hartzen joaten da harik eta ijelkia zatitu egiten den arte. Nerbio nagusi bat eta sekundarioetan ijelkiak (folioloak) dituzten hostoei pinatikonposatu izena ematen zaie. Ijelkiaren zati indibidualizatu bakoitza pina izenez ezagutzen da. Hostoaren muturrean foliolo bat ageri bada, inparipinatu izena ematen zaio eta bukaeran foliolorik ez badago paripinatu.

Nerbio bakoitzak bere ijelkiak edukitzeko kasuan hosto palmatikonposatua dela esan ohi da.

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu