Henrike III.a Nafarroakoa

Nafarroa-Biarno eta Frantziako erregea
Artikulu hau Nafarroako erregeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Henrike III.a (argipena)».

Henrike Borboikoa (Paue, 1553ko abenduaren 13Paris, 1610ko maiatzaren 14a), ezizenez Henrike Handia (frantsesez: Henri le Grand), Nafarroako erregea izan zen 1572-1610 bitartean, Henrike III.a izenarekin, eta Frantziako erregea 1589-1610 bitartean, Henrike IV.a izenarekin. Borboi etxeko lehenbiziko Frantziako erregea izan zen. Egungo Frantzian itzal handiko pertsonaia historikoa da, Errege Ona deitua (le bon roi).

Henrike III.a Nafarroakoa

Frantziako erregea

1589ko abuztuaren 2a - 1610eko maiatzaren 14a
Henrike III.a Frantziakoa - Luis XIII.a Frantziakoa
Nafarroa Behereko errege

1572ko ekainaren 9a - 1610eko maiatzaren 14a
Joana III.a Nafarroakoa - Luis XIII.a Frantziakoa

13. Andorrako Printzekide Frantsesa

1572ko ekainaren 9a - 1610eko maiatzaren 14a
Joana III.a Nafarroakoa - Luis XIII.a Frantziakoa

Foixko kondea

1572 - 1589
Joana III.a Nafarroakoa - baliorik ez →
Bizitza
JaiotzaPaueko gaztelua1553ko abenduaren 13a
Herrialdea Frantziako Erresuma
HeriotzaParis1610eko maiatzaren 14a (56 urte)
Hobiratze lekuaSaint-Denisko basilika
Heriotza moduagiza hilketa: labankada
HiltzaileaFrançois Ravaillac
Familia
AitaAntonio I.a Nafarroakoa
AmaJoana III.a Nafarroakoa
Ezkontidea(k)Margarita Frantziakoa  (1572ko abuztuaren 18a, 1572ko abuztuaren 18a (egutegi gregorianoa) -  1599ko urriaren 24a)
Maria Medici  (1600ko urriaren 5a, 1600ko abenduaren 27a -  1610eko maiatzaren 14a)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Haurrideak
LeinuaValois leinua
Borboi leinua
Albreteko leinua
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
okzitaniera
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, monarka eta buruzagi militarra
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Find a Grave: 7530 Edit the value on Wikidata

Joana III.a amak argitutako bidetik, kristautasun erreformistari lotu zitzaion, Erromako katolizismoaren kontrako gatazka garaian. Aldiz, 1572ko San Bartolome gaueko sarraskiaren eta ondoko gerren ondoren, katoliko bihurtu zen Frantziako Erresumako errege izan ahal izateko. Gerora, Nantesko Ediktua eman zuen, edozein erlijio kristaurako askatasuna bermatzen zuena.

Estatuaren zentralizazioan aurrera egin arren, eutsi egin zion Nafarroa-Biarnoren eta Frantziaren arteko bereizketari, eta haren agintaldian ez zen moteldu Nafarroaren gainean Gaztelako Koroarekin zegoen gatazka. Pierre de Lancre jujea bidali zuen Lapurdiko sorgin ehizara. Urtebete geroago, Espainiar Inperioaren aurkako kanpaina militar bat prestatzen ari zela, François Ravaillacek erail zuen Parisen.

Haurtzaroa eta gaztaroa

aldatu
 
Henrike III.aren sehaska, Paueko gazteluan kontserbatzen dena.

Henrike 1553ko abenduaren 13an jaio zen, aitona Henrike II.a Nafarroakoak Pauen, Bearnoko bizkonderriko hiriburuan zuen gazteluan. Ama, Joana Labritekoa, Nafarroako erregina zen eta aita, Antonio Borboikoa, Vendômeko dukea eta Borboi etxeko burua.[1][2]

Aitona gizonezko oinordeko baten irrikan zegoen. Izan ere, Antonio Borboikoaren eta Joana Labritekoaren lehenbiziko semea, hura ere Henrike deitua, 1553ko abuztuan hila zen, bi urteak bete gabe.[3] Kondairak dioenez, umea sortu orduko bere gelara eraman zuen, ezpainak baratxuriz igurtzi eta kopa bat Jurançongo ardo usaintzera eman zion. Bilobak biziki erantzuten zuela ikustean, «Hi benetako biarnesa izanen haiz!» oihu egin omen zuen.[4]

Nahiz eta katoliko bataiatua izan, amak fede kalbinistan hezi zuen. Haurtzaroaren zati handiena Coarrazeko gazteluan igaro zuen, baina 1561ean aitak Frantziako gortera eraman zuen. Han pasatu zituen sei urteetan heziketa humanista jaso zuen eta Nafarroako ikastetxeko ikasle izan zen. 1562ko ekainaren 1ean, aitak katolizismoari leialtasuna zin eginarazi zion. Urte bereko azaroaren 18an, Antonio Borboikoa hil zen, Rouengo setioan zauritua izan ostean.

Aitaren heriotzaren ondoren, Vendômeko eta Borboiko duke eta Odolezko lehenbiziko printze bihurtu zen. Katalina Medicik, Frantziaren eta Nafarroaren arteko bakea bermatzeko asmoz, gortean atxikitzea erabaki zuen. Ordainez gaztea Guienako amiral izendatu zuen, eta haren heziketa Joana Labritekoaren kontrolpean gelditu zen. Ondorioz, Henrikek, berriz ere, Erreforma besarkatu zuen.[1]

1567ko otsailean, Frantziako errege Karlos IX.aren eta erregina ama Katalinaren baimenik gabe, Pauera itzuli zen amarekin. Frantziako Hirugarren Erlijio gerran higanoten alde borrokatu zen, Luis Condékoaren eta Gaspard Colignykoaren alboan. Condé Jarnaceko guduan hil ondoren, Joanak armadaburu izendatu zuen. Gerra 1570ean amaitu zen, Saint-Germain-en-Layen sinatutako itun baten bitartez; horretan, besteak beste, Frantziako erregeren arreba Margaritaren eta Henrikeren arteko ezkontza adostu zen. 1571n, amarekin batera, Frantziako Eliza Erreformatua antolatu zuen Arroxelako sinodoan parte hartu zuen.[5][6]

Nafarroako errege

aldatu

1572ko ekainaren 9an, ama hil eta gero, Nafarroako errege bihurtu zen. Urte bereko abuztuaren 18an, Margarita Valoiskoarekin ezkondu zen Notre-Dameko plazan. Ezkontza ez zen izan, ez katolikoen, ez protestanteen gustukoa. Protestanteak ez ziren Karlos IX.az fidatzen, eta Guisetarrek gidatutako katolikoen ustez naturaren kontrako elkartzea zen. Sei egun geroago, San Bartolome gaueko sarraskia gertatu zen: milaka higanot, Parisen bakarrik 2.000 eta 3.000 artean, erailak izan ziren, tartean Gaspard Colignykoa buruzagia. Bizia salbatzeko, irailaren 26ean Henrike katoliko bihurtu zen, eta ondoko lau urteetan gortean gatibu bizitzera behartu zuten. Politikoki Alençongo dukearekin elkartu zen eta 1573an Arroxelako setioan parte hartu zuen. Azkenik, 1576ko otsailean ihes egitea lortu zuen, eta 1576ko ekainaren 13an kalbinismora itzuli zen.[1]

 
Néraceko gaztelua.

Ihes egin ondoren, Henrikek Albreteko dukerrira jo zuen. 1577an Nérac-en sartu zen eta hango gazteluan ezarri zuen bere gortea. Erlijioen arteko elkarbizitza bultzatu zuen eta inguruan kontseilari higanotak eta katolikoak izan zituen.[1] 1578ko urritik 1579ko maiatzera, Katalina Medici Henrikerengana joan zen bakea lortzeko helburuarekin eta Neraceko konferentziak antolatu ziren.[7]

Margarita, Henrikeren emaztea, 1579an kokatu zen Néracen. Zenbait urte geroago Oroimenak liburuan idatzi zuenez, "Néraceko gortea hain zen eder eta atsegina ezen ez baitzuen Frantziakoaren bekaitzik".[8] Izan ere, Margot erreginak, ederra eta kultura handikoa baitzen, distira handiko gortea eratu zuen, artistak eta idazleak, Du Bartas eta Montaigne besteak beste, bertara bilduz. Shakespeare bera gorte horretako giroan inspiratu zen Love’s labour’s lost ("Galdutako amodioen penak") komedia idazteko.[9] Baina bataren eta bestearen amodio kontuek kolokan jarri zuten bikotearen harremana. Azkenik, 1582an Margarita Parisera itzuli zen

Frantziako tronuaren oinordeko

aldatu

1574ko maiatzaren 30ean Karlos IX.a Frantziakoa hil zenetik, honen anaia Henrike zen Frantziako erregea (Henrike III.a Frantziakoa). 1584an, berriz, Frantzisko Anjoukoa hil zen eta, lege salikoaren arabera, Henrike Nafarroakoa Frantziako tronuaren oinordeko bilakatu zen.

Muturreko katolikoek, ordea, ez zuten onartzen higanot bat Frantziako erregegai izan zedin. Guisetarrek Liga Katolikoa suspertu zuten, eta 1585ean Henrike III.a Frantziakoak Nemoursko ediktua sinatu behar izan zuen, Nafarroakoari ondorengotza eskubideak kentzen zizkiona.[10] Berehala Zortzigarren Erlijio gerra piztu zen. 1587ko urriaren 20an, higanotek errege armada garaitu zuten Coutrasen, baina Henrike Nafarroakoak, guduan isuritako odolaz hunkiturik, ez zuen abantaila baliatu eta erretiratzea erabaki zuen.[1][11]

1588ko maiatzaren 13an, Barrikaden Egunaren biharamunean, Henrike III.a Frantziakoak ihes egin behar izan zuen Paristik, eta hiria Liga Katolikoaren esku geratu zen.[12] Urte bereko abenduaren 23an, Henrike I.a Guisakoa, katolikoen buruzagia, eraila izan zen Bloisen, Frantziako Henrike III.aren aginduz. Hilketa hau mendekatzeko, 1589ko abuztuaren 1ean Jacques Clément fraide fanatikoak Frantziako erregea hil zuen. Honek, azken hatsa eman baino lehen, Henrike Nafarroakoa legezko oinordekotzat onartu zuen.[2]

Higanotek Henrike aldarrikatu zuten errege berritzat, baina Liga Katolikoak, Aulki Santuak eta Filipe II.a Espainiakoak ez zuten errege berria onartu, eta Karlos Borboikoa izendatu zuten. Karlos Mayennekoaren osteak Arquesen (1589ko irailak 29) eta Ivryn (1590eko martxoak 14) azpiratu zituen arren, Henrikek ezin izan zuen Paris hartu. Hori zela eta, 1593ko uztailaren 25ean, Saint-Denisko basilikan, bere sinesmen kalbindarrei uko egin eta katoliko bihurtu zen. Hori egitean Paris vaut bien une messe (euskaraz: "Merezi du Parisek meza bat") esan omen zuen.[2]

Frantziako errege

aldatu
 
Henrike IV.a Frantziakoa

1594ko otsailaren 27an, Henrike Nafarroakoa Frantziako errege koroatu zuten Chartresko katedralean, eta hiru aste geroago ohore guztiekin sartu zen Parisen. 1595eko irailaren 17an, Klemente VIII.a aita santuak absoluzioa eman zion.[2]

Bakea, ordea, ez zen berehala iritsi. 1595ean, gerra deklaratu zion Espainiari, alegia, Ligaren aliatu nagusiari. Fontaine-Françaiseko guduan (1595eko ekainak 5) garaipen handia erdietsi arren, 1596an Cambrai eta Calais galdu zituen, eta Amiens 1597an. Azkenik, 1598ko maiatzaren 2an Vervinsko bakea sinatu zuen Filipe II.a Espainiakoarekin. Urte berean, askatasun erlijiosoa bermatzen zuen Nantesko Ediktua promulgatu zuen.[2]

1599an, Klemente VIII.ak Henrikeren eta Margaritaren arteko ezkontza deuseztatu zuen (1585etik bereizirik bizi ziren). Hurrenho urtean, Henrike Maria Medicirekin ezkondu zen, eta 1561ean Luis semea, koroaren oinordekoa izango zena, jaio zen.[1]

Erregealdi osoko ministrorik aipagarriena Sullyko dukea izan zen, Henrikeren laguna eta konfiantzazko laguntzailea. Sully, besteak beste, erresumako finantzak ordenan jartzeaz arduratu zen. Izan ere, gerra zibil luzeen ondoren estatua oso zorpeturik zegoen: 1596an 200 milioi libera zor zituen, urteko diru sarrera 10 milioikoa besterik ez zenean. Beraz, hartzekodunekin negoziatu behar izan zuen, zorraren zati bat barka zezaten. Horrez gain, uko egin zion lukuruan emandako kredituak ordaintzeari, eta finantza departamentuan zegoen ustelkeriaren kontra borrokatu zen. Nekazariek ordaintzen zituzten petxak (frantsesez: taille)[13] murriztu zituen eta zeharkako zergak handitu.[2][14]

Henrikeren agintaldia erabakigarria izan zen absolutismoaren ezarpenean: erregearen boterea sendotu zuen, ez zituen Estatu Orokorrak deitu eta probintzietako parlamentuak eta herrietako administrazioak estuki kontrolatu zituen. Nekazaritza sustengatzeaz gain, industria, ehungintza batez ere, garatu nahi izan zuen. Xede horretan Barthélemy de Laffemasen laguntza izan zuen. Manufaktura fabrikak (oihal, parpaila, tapiz eta beira lantegiak) ireki ziren eta zetarraren hazkuntza sustatu zen. Salgaien garraioa errazteko errepideak hobetu eta Briareko ubidea eraiki zen [1][2]. Hirigintza ere interesatu zitzaion. Paris modernizatzeko helburuarekin Pont Neuf, Louvreko Grande Galerie, Errege plaza eta Saint-Louis ospitalea eraiki eta 68 kale berri egiten hasi zen. Fontainebleauko jauregia edertu eta Saint-Germain-en-Layekoa eraiki zituen[2].

Henrikeren erreinalditik aurrera Frantziako erregeek Frantziako eta Nafarroako errege izendapena hartu zuten, Frantziako Iraultzan monarkia ezeztatu zen arte. 1607an, Nafarroa Beherea eta Biarno espresuki Frantziako koroatik banandurik eta zein bere subiranotasunari atxikirik mantendu zituen.[oh 1] Bestalde, Ipar Atlantikoaz bestaldeko lurralde eta itsas eremuen gaineko bere aginpidea sendotzen saiatu zen, eta Samuel de Champlain joan zen Ternua eta San Laurendira, bere ordezkari lanetan. 1609an, Pierre de Lancre epailea Lapurdira bidali zuen bertako sorginen kontuak ikertzera[15].

Henrikeren hilketa

aldatu
 
Henrike IV.a Frantziakoaren hilketa Parisko Ferronnerie kalean

Erregealdiaren azkenaldian, Alemaniako printze protestanteekin elkarturik, Habsburgo etxearen eta Espainiaren aurkako gerra prestatzen hasi zen. Espainiari aurka egiteaz gain, Henrikek beste arrazoi bat ere bazuen gerra honetarako: Brusela hartzea, non bere maitale Charlotte Marguerite de Montmorency bahiturik baitzen. Gerrak, ordea, aurkari anitz zituen Frantzian.

François Ravaillac irakurle katoliko sutsua zen, eta Juan de Mariana jesuitaren De Rege et Regis Institutione ere irakurri zuen, Erromako dogmaren obedientziarik gabeko errege-erreginak erailtzea justifikatzen zuena. Ingurumari horretan, 1610ko maiatzaren 14ean Ravaillacek labankadaz erail zuen erregea.[2] Hiltzailea berehala atzeman zuten, eta exekuzio publikoan hilarazi Parisen, lau zaldiren indarrez haren gorputza laurdenkatuz. Juan de Marianaren liburuak sutan erre zituzten ekitaldi ofizialetan.

Bederatzi urte besterik ez zuen Luis semea izan zen oinordekoa, Maria Medici erreginordea zela. Henrike III.a Parisko Saint Denis basilikan lurperatu bazuten ere, 1793an iraultzaileek haren hilobia arpilatu zuten.[16]

Familia

aldatu
Aitona
  Karlos I.a
Vendômeko dukea
Amona
  Frantziska
Alençongoa
Aitona
  Henrike II.a
Nafarroako erregea
Amona
  Margarita
Angoulêmekoa
Aita
  Antonio I.a
Nafarroako erregea
Ama
  Joana III.a
Nafarroako erregina
  Henrike III.a / IV.a
Nafarroako erregea
Frantziako erregea

Ezkontzak eta haurrak

aldatu
 
Henrike eta Margarita, 1572 aldean
 
Henrike, Maria Medici, seme-alabak eta Fouquet de la Varenne, 1607

Henrike bi aldiz ezkondu zen. Lehenbizikoz, 1572ko abuztuaren 18an, Parisen, Margarita Valoiskoarekin (1553-1615). Margarita Henrike II.a erregearen alaba eta Frantzisko II.a, Karlos IX.a eta Henrike III.a erregeen arreba zen. Seme-alabarik gabe geratu ziren eta, 1599an, Henrikek ezkontza banatzeko baimena lortu zuen. Bigarrenez, 1600eko abenduaren 16an, Lyonen, Maria Medicirekin (1573-1642). Maria Toskanako duke-nagusi Frantzisko I.aren alaba zen. Sei seme-alaba izan zituzten:

Gainera, gutxienez 11 sasikume izan zituen:[17]

  • Gabrielle d'Estréesekin:
    • Cesar Borboikoa (1594-1665), Vendômeko dukea.
    • Katalina Henriketa Borboikoa (1596-1663)
    • Alejandro (1598-1629), Vendômeko zalduna
  • Catherine Henriette de Balzac d'Entragues Verneuileko markesarekin:
    • Henrike Verneuilekoa (1600-?)
    • Gaston Henrike (1601-1682), Verneuileko dukea
    • Gabrielle-Angélique (1603-1627)
  • Jacqueline de Bueil, Moreteko kondesarekin:
  • Carlota des Essarts, Romorantingo kondesarekin:
  • Louise Borrérekin:
  • Françoise de Montmorency Fosseuxekin:

Henrike Borboikoaren burua

aldatu

Henrike III.a erregea Parisko Saint-Denis basilikan lurperatu zuten 1610ean, baina 1793an Frantziako iraultzaileek haren hilobia arpilatu egin zuten. Besoak eta burua moztu zizkioten, eta gorpuzkinak nonahi barreiatu. Frantziako Iraultzaren ostean, erregearen atalak agertu ziren, baina burua ez.[16]

1919an zaharki erosle batek Henrike III.arena omen zen burua erosi zuen enkante batean, hiru liberaren truke, baina inork ez zion sinetsi. Parisko Louvre museoak ere ez zion onartu nahi izan. Zaharki eroslea hiltzean, 1940an, desagertu egin zen berriro ere burua, 2008an erretiratu baten etxean berriro agertu zen arte. 1955etik gordea zuen, eta etxekoek ere ez zuten horren berri. 2010ean, Philippe Chartierrek gidatutako aditu talde batek buru hura Henrike III.arena zela baieztatu zuen.[16] 2013an, ordea, kontrakoa ebatzi zuen beste ikerketa batek.[18]

Filmagintza

aldatu

Oharrak

aldatu
  1. Honela dio, frantsesez: "[...] que nostre domaine ancien tant en nostre royaume de Navarre, souverainetéz de Béarn et de Donezan, pais bas de Flandres, que nos duchés, comtés, viscontés, terres et seigneuries enclavées en ce roiaume feust et demeurassent désuny, distraict et séparé de celuy de nostre maison et couronne de France sans y pouvoir estre aucunement comprins ni meslés [...]"; ikus URZAINQUI, TOMAS. Navarra, sin fronteras impuestas (2011). Iruñea: Pamiela, 182-186. or.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g (Frantsesez) Henri IV: Le règne interrompu
  2. a b c d e f g h i Henri IV. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2022-7-9).
  3. Renault, Olivier. Henri IV, le roi qui a donné son cœur à l’Ouest. Ouest-France, 2021eko abenduak 4, ouest-france.fr (Noiz kontsultatua: 2022-7-8).
  4. Baring-Gould, Sabine. A Book of the Pyrenees: VI. Pau. en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2011-11-10).
  5. Fernández, Tomás y Tamaro, Elena. Biografia de Enrique IV de Francia y Navarra. Biografías y Vidas. La enciclopedia biográfica en línea [Internet]. Barcelona, España, 2004, biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2011-11-10).
  6. Billaut, François. La saga des rois de France: d'Henri IV à Louis XV. Point de vue, 2019ko urtarrilak 31, pointdevue.fr (Noiz kontsultatua: 2022-7-8).
  7. Nérac, capitale du Pays d'Albret. nerac.fr, /web.archive.org-en gordea (Noiz kontsultatua: 2011-11-10).
  8. Marguerite de Valois: Mémoires et lettres Google eBook
  9. Lefranc, Abel. Les éléments français de Peines d'amour perdues de Shakespeare.. Comptes rendus des séances de l'Académie des Inscriptions et Belles-Lettres, 80. urtea, 4. zenbakia, 1936. 235-237. orrialdeak, persee.fr (Noiz kontsultatua: 2022-7-9).
  10. Penzi, Marco. Les Rouges, les noirs et les larmes d'un Roi : autour de l'enregistrement de l'édit de Nemours, dans l'historiographie et l'histoire. cairn.info (Noiz kontsultatua: 2022-7-10).
  11. Dignat, Alban. 20 octobre 1587: Henri de Navarre remporte la bataille de Coutras. herodote.net (Noiz kontsultatua: 2022-7-10).
  12. Journées des Barricades. larousse.fr (Noiz kontsultatua: 2022-7-10).
  13. Peillen Karrikaburu, Txomin. Euskara eta zuzenbide hiztegia Zuberoan. mendebalde.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-11).
  14. Vereycken, Karel. The Inspiring Example of King Henry IV of France and Sully. The Schiller Institute, archive.schillerinstitute.com (Noiz kontsultatua: 2022-7-11).
  15. Enrike III.a "Biarnotarra" Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa Puntubi.com
  16. a b c Arrizurieta, Irene. Henrike III.aren burua. Berria, 2010eko abenduak 21, CC BY-SA 4.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-7-8).
  17. (Ingelesez) Henrikeren genealogia
  18. Prise de tête autour de l’identification du crâne d’Henri IV. Le quotidien du medecin, 2013ko azaroak 23, lequotidiendumedecin.fr (Noiz kontsultatua: 2022-7-8).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu



Aurrekoa:

Joana III.a

 
Henrike III.a
Nafarroako erregea
(1572-1610)
Ondorengoa:

Luis II.a

Aurrekoa:

Antonio I.a

 
Henrike I.a
Vendômeko dukea
(1562-1610)
Ondorengoa:

Frantziari lotua

Aurrekoa:

Joana I.a

 
Henrike II.a
Foixko konde
Bearnoko bizkondea
(1572-1610)
Ondorengoa:

Frantziari lotuak

Aurrekoa:

Joana I.a

 
Henrike II.a
Labriteko dukea
(1572-1610)
Ondorengoa:

Frantziari lotua

Aurrekoa:

Henrike III.a

 
Henrike IV.a
Frantziako erregea
(1589-1610)
Ondorengoa:

Luis XIII.a