Euskarazko komikigintzaren historia

Euskarazko komikigintzaren historiak, ezinbestez, batetik euskal literaturak eta bestetik nazioarteko komikigintzak izan dituzten gorabeherak partekatzen ditu: 1894an jar daitekeen hasieratik gaur egun arte, 1936ko gerraondoko etena, frankismo ondorengo gorakada, digitalizazioaren ondorengo etorkizuneko zalantzak...[1][2][3]

Lehen tira (1894)

aldatu

Euskal komikiaren aitzindaria, Biktoriano Iraola dugu. Sortzez pasaiatarra, bere bizitza gehiena Donostian eman bazuen ere. Nobela, poesia eta antzerkia idatzi zuen baina inprimatzailea zen lanbidez. Donostiako Legazpi kaleko bosgarrenean izan zuen bizilekua eta baita lantegia ere.

Bere lehen irudiak El Thun ThunSemanario Koshkero (1894) aldizkariarentzat marraztu zituen XIX. azken hamarkadan eta baita Baserritarra: probintziako ganaduen terramako albistaria hamabostekariarentzat 1907. urtetik aurrera.

El Thun Thun aldizkarian 1894ko abuztuaren 5ean agertu zen marrazki tira hau da gaur egun aditu gehienentzat lehen euskal komikiaren adibide garbia.

Hemen irudiak kateatu egiten dira istorio labur bat osatzeko, globoak oraindik agertzen ez diren arren. Marrazki-istorio bat da; azken batean hau dugu komiki baten ezaugarri nagusia.

Teles eta Niko (1918)

aldatu

Wilhelm Busch ilustratzaile alemaniarrak 1864 urtean sortu zituen Max eta Moritz pertsonaiak. Ume bihurrion itzal luzea komikigintzaren historian asko luzatuko da. Estatu Batuetan The Katzenjammer Kid, Espainian Zipi eta Zape etab. Euskal komikietan ere aztarna utziko dute Euzko Deya astekaria 1918. urtean Teles eta Niko seriea sortzen duenean.

Egilearen izena ez da inon aipatzen baina berak dakartza lehenengoz gurera komikigintza modernoaren ezaugarriak: globoak, onomatopeiak eta marra zinetikoak.

Txistu (1927)

aldatu

Euskarazko lehen komiki aldizkaria Primo de Riveraren diktaduraren garaian sortu zen. Donostiako Argia aldizkarikoen sostenguarekin jaio zen baina, hala ere, oso bizitza laburra izan zuen.

Araban dagoen Musitu herriko semea zen bultzatzaile nagusia, Abdon Gonzalez de Alaiza.[4]. Aldizkaria sortzeko laguntza Madrilen arkitektura ikasten zeuden euskaldun talde batean aurkitu zuen. Zoritxarrez Musitura itzuli eta bi hilabetez gaixo egon ondoren hil egin zen. Bere lagunek, Txistu komikiaren proiektuari aurre egiteko "Alaiza saria" jarri zuten martxan 1926ko urrian. 1927ko urtarrilean agertu zen lehen zenbakia. Arazo ekonomikoak zirela medio, urte berean itxi zen.

Diseinu grafikoaren urrezko aroa 1920-1936

aldatu
 
Nor-Nai, Argiaren egutegiko azala 1926

Diseinu grafikoaren iraultza eta loraldia batez ere pasa den mendeko bigarren hamarkadan eman zen. Euskal grafikagintzaren dinamikotasunak bertokoak zein kanpoko artistak erakarriko ditu: Paul Tillac, Pedro Antequera, Rafael Penagos

Aldizkako euskal prentsa idatzia da, hala ere, komikigintzaren erakustoki nagusia. Publizitate irudiak, karikaturak eta komiki istorioak azkenik gero eta sarriago agertuko dira, argazkigintzaren konpetentzia nabarmena izan arren. Donostiako Argiak 1925 eta 1927 bitartean John Zabalo “Txiki” eta haren arreba Ignaciaren istorioak argitaratuko ditu. Euskal Herrian lehen marrazkilari profesionala moduan bere lanak sinatzeko ausardia izan zuen lehen emakumea izan zen aurrenekoz Argiaren 1925eko egutegian "Nor-Nai” goitizenez sinatu zuenetik.

Iruñeko beste “Argiak”, kaputxinoen Zeruko Argiak, maiztasun irregularrez komiki istoriotxoak argitaratu zituen ere. Otermin, zenbaitetan «Arrayoztarra» ezizena erabiltzen zuena, da gehien argitaratu zuena. Beste kolaboratzaile batzuek nahiago izango zuten, ordea, anonimo jarraitzea.

Euzko Deya astekariak Gazteluren lau istoriotxo argitaratuko ditu 30 hamarkadan: Peru Malluki baserritarra da berak sortutako pertsonaia. Jagi Jagi aldizkarian Jose Maria Saraleguik («Sagi») zenbait istorio argitaratuko zituen ere.

Poxpolin (1935)

aldatu

Oraingoan euskaltzale eta kultur eragile handi batek martxan jarri zuen Poxpolin proiektua. Ixaka Lopez Mendizabalek Gazteleraz argitaratzen zen TBO aldizkariaren arrakastan erreparatuz (220.000 aleko tiradara izatera heldu zen 1935 urtean), eredua euskal merkatura egokitu nahi izan zuen. TBO aldizkaria kaleratzen zuen argitaletxera jo eta beharrezko baimenak lortu zituen komiki-aldizkariko marrazkiak Poxpolinen erabiltzeko; testuak euskaratu eta bertako kutsua ematearren, Txiki (John Zabalo) ilustratzaileak egindako orri berriekin aberastu zuen. Tinta bitara inprimatutako 8 orrialdeko koadernoa zen eta Txikiz aparte TBO etxeko beste hainbat autore sinatu zituzten bertako istorioak: Opisso, Urda, Serra Massan, Cuvillier, Forton… 1936ko gerrak betirako itxi zuen.

Anaitasuna (1955)

aldatu

1955-1956 tartean Estatu Batuetan jatorria zuten hainbat komiki argitaratu ziren euskaraz sortu berri zen Anaitasuna aldizkarian.

Aita Imanol Berriatua elantxobetarrak sortu zuen aldizkaria 1953. urtean eta hasieratik frantziskotarren ardurapean egon zen. Bizkaierazko eranskin gisa gipuzkoako frantziskotarren euskarazko orriari lotuta jaio zen. Bihilabetekaria lehendabizi, hilabetekaria geroago, handik gutxira, edukiaren parte handi bat komikiekin hornitu zen. Zortzi orrialdeko aldizkarietan, lau gorde ziren irudientzako.

1955-1956 tarteko zenbakietan gertatu zen hau. King Features Syndicate etxeko pertsonaien istorioak agertu ziren (eskubide jabeen baimenik gabe seguraski). Globoen testuak eskuz atontzen ziren, bizkaiera bizi eta ulergarri batean.

Erlijioaren estalpean agertu zen aldizkari batentzat apustu ausarta eta berritzailea, duda barik, orduko euskal kultura estuarentzat nazioartetik heldutako haize fresko berri bat.

Pan-pin sortzea (1960)

aldatu

Pan-Pin hilabetekaria Zeruko Argiaren eranskin bezala sortu zen 1960 urteko otsailean. Eragile nagusia Joseph Camino arnegiarra izan zen, garai hartan Euskualzaleen Biltzarreko idazkaria eta L’Enfance du Pays Basqueko kapilaua zena. Iparraldean euskal umeei zuzendutako ume aldizkari bat sortzeko ahaleginean huts egin ondoren, Piarres Xarritonen laguntzaren bila joan eta honek Bonifacio de Beizama Hondarribiko Kaputxinoen komentuko buruarekin harremanetan jarri zuen. Garai hartan Bonifacio (Kaietano Ezeiza jatorrizko izenez) Zeruko Argia aldizkariko zuzendaria zen eta proiektua gogoz hartu zuen. Bonifacio eta Joseph izan ziran beraz Pan-Pin proiektuaren lehen eragile eta zuzendariak.

Gipuzkera eta nafar-lapurterazko edizio bana argitaratu zen Pirinioetako alde bietara zabaltzeko, eta bizkaieraz idatzitako orri bat gehigarri bezala agertu zen gutxira aldizkarian. Pan-Pin Hondarrabin inprimatu zen lehenengoz “Los hijos de Alvarez Iraola” etxean

Pan-pin 2. aldia (1962)

aldatu

1962an Joseph Camino aldizkaria utzi beharrean aurkitzen da eta ez du Pan-Pinen berri gehiagorik izango. Baina aldizkariak bere martxa segituko du Euskal Herriko hegoaldean. Bizkaierazko eranskin bat ere gehitzen zaio. Pariseko materialak argitaratu beharrean bertoko irudigile berriak agertuko dira aldizkarian: Yulen (Julian Zabaleta Barrenetxea) eta Leta (Juan Antonio Letamendia).

Julen Zabaletak euren irudiak Donostiako Aranzadi elkarteko egoitzara eramaten zituztela azaltzen du. Garai horretan, aldizkariaren inguruko ardurekin izen berri bat agertuko zaigu: Aranzadi elkarteko kidea zen Jesus Ramon Elosegi tolosarra.

Pan-pin 3.aldia (1964)

aldatu

1964ko azaroan Pan-Pin aldizkaria berriz ere itxuraz aldatuko da. Yulen eta Leta irudigileak aldizkaritik joan eta Bruguera etxeko pertsonaiak agertuko dira azalean. Txorizo ta Txistorra izenarekin “Mortadelo y Filemón”, Francisco Ibañezek 1958an sortu zituen pertsonaiak lehenengoz euskaratuko dira.

Zeruko Argiaren gehigarri bezala aldizkaria beti ere kaputxinoen esku mantentzen da eta, aldi honetan, Guillermo de Beizama izendatuko dute, bai Zeruko Argia eta bai Pan-Pinen buru (jatorrizko izenenez Agustin Ezeiza dugu, aurreko zuzendariaren anaia).

Beti zailtasunez, bizirik mantendu zen aldizkaria, aurrera eramateko hainbat lan boluntario batu zen auzolanean haren inguruan. Aldi batean Iñaki Beobideren Donostiako alde zaharreko etxean ere egiten zuten aldizkaria, Karmele Esnalek Argia aldizkarian kontatzen duenaren arabera.

1968an itxi zen Pan-Pin.

Lehen albumak: Tintin (1972)

aldatu

Hergé (1907-1983) komikigile belgikarrak 24 album argitaratu zituen 1930etik 1976era; azkena Tintin eta Alpha-Art amaitu gabe utzi zuen. 1972an, Etor argitaletxea (Bilboko Ediciones Mensajeroren barnean garai hartan) izan zen Tintin euskaratzen lehena. Hiru obra eman zituen argitara: Tornasol Arazoa (1956) Ottokar-en erregemakila (1939) eta Tintin Ameriketan (1932). Besteak beste, Mikel Atxaga eta Jesus Gaztañaga aritu ziren itzultzaile gisa. Tintinen bilduma osoa euskaratzeko dema 1985tik aurrera eraman zuen Elkar argitaletxeak. Joxe Mari Azurmendik itzuli zituen 1990 arte zenbaki gehienak.

Kili-kili (1977)

aldatu

1977. urtean Jose Antonio Retolazak haurrentzako Kili-kili tebeoa plazaratu zuen. Bertan Asterix, Mortadelo ta Filemon, Okel leize-gizon, Zipi ta Zape, Jilda ahiztak, Txabi ta Txibi, Errobin eta “Sheriff” eta beste hainbat pertsonai agertzen zirelarik. Kili-kili aldizkariak 2002 urterarte iraun zuen.

Baina Kili-kili komiki aldizkariaren aurrekari zuzena 60 hamarkadan sortua zen. Lehenengoz, 1966an, ezkutuan multikopistaz ateratako aldian-aldiango argitalpen moduan. 1969ko azaroan agintariek debekatu egin zuten. Hurrengo urtetan haurrak alfabetatzeko materiala sortu eta banatzeari ekin zion Euskerazaleak elkartearen laguntzaz. Horrela, Lan eta lan, Ekin eta ekin eta Jarrai koadernoak plazaratuz hiru maila ezberdinetarako. Koaderno hauen alde grafikoa Lander Gallastegi arkitektoak landu zuen. Laranja, berdea eta beltza erabiliz, irudi sinpleak eta indartsuak sortu zituen marfil koloreko paper gainean.

Ipurbeltz 1977

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Ipurbeltz»

Euskal Herriko komiki aldizkari beteranoena izan zena, hogeita hamahiru urtez hilabetero Erein argitaletxearen eskutik plazaratu zen (1977-2008). “Euskarazko komiki bat sortzeko ideia ikastolen mundutik etorri zen, ikastolak euskaraz irakurtzeko gogoa bultzatuko zuen zerbaiten bila baitzebiltzan” zioen Jose Lizundiak, 1976-1999 bitartean Erein Argitaletxeko zuzendaria izan zenak. Ume eta gaztetxoei zuzendutako aldizkariak etapa desberdinak igaro zituen. Julen Lizundia, Anjel Lertxundi, Antton Olariaga eta Jon Zabaleta ibili ziren hasiera batean aldizkariari itxura ematen .

Hizkuntza erabilgarria eta erabilia izan zedin Ipurbeltzek bere ibilbidean mantendu zuen ardura nagusietako bat izan zen. Adibidez hikako hizkera bizia ezarriz zenbait pertsonaiari, edo euskal onomatopeiak jatorrak erabiliz, edo eguneroko egoera errealak erakutsiz… euskara jolas hizkuntza ere bazela agerian utzirik.

Ikusager 1979

aldatu

Ernesto Santolaya editoreak argitaletxea 1976an sortu eta 1979 urtetik aurrera liburuez gain, komikiak argitaratzeari ekin zion. “Kondairako irudiak” izeneko bilduma dotorea argitaratu zuen 80 hamarkadan zehar, argentinar eta espainiar komiki egileak tartekatuz. Antonio Hernández Palacios marrazkilariaren “Eloy, askoren arteko bat” lanak (gaztelaniaz, zein euskaraz) zabaldu zuen bilduma eta horren ondotik beste hogei titulu inguru etorriko ziren. 1985 urtean Antonio Altarribak zuzendaritza artistikoari heldu zion

Ttarttalo 1984

aldatu

80. hamarkadaren erdi aldera argitaletxe donostiarrak album formatuan (29 X 21 zm) hainbat komiki argitaratu zituen. Winsor McCay bezalako egile klasikoak, euskal ilustratzaile eta gidoigileen lanekin tartekatu zituen Ttartalo berezia bilduman. Azken hauen artean Gregorio Muro Harriet, Francisco Fructuoso, Daniel Redondo edo Jose Ibarrola.

Nemo Txikiren zoragarrizko istorioak 1984-1988 tartean argitaratuak ziren

Habeko Mik 1982

aldatu

HABE, Eusko Jaurlaritzak euskalduntze eta alfabetatzerako sortutako institutuak jarri zuen abian Habeko Mik aldizkaria. Euskara ikasten ari zirenei begira egin nahi izan zen aldizkaria, tresna didaktiko moduan, baina bide batez euskal komikia indartzea ere hartu zuen helburutzat.

Erakunde ofizial baten menpe egoteak aldizkariari egonkortasuna bermatzen zion, agian horregatik ez zen gehiegi banaketaren alorra zaindu. Díaz de Guereñuk, aldizkariaren historia liburu batean sakonki aztertu duen ikertzaileak, ohiko komiki-irakurleen artean ere aski ezezaguna izan zela uste du.[5]

Hala eta guztiz ere, euskal komikigintzaren alorrean guztiz emankorra izan zen Habeko Mikek ereindako hazia. Ia hamarkada oso bat betez (1982-1991), aldizkariaz aparte hainbat album argitaratu zituen ere, guztira 18. Bertan, eskarmentu profesional dezente zuten Euskal Herriko egileek plazaratu zituzten bere lanak , baita autore berrien lehen plaza ere izan zen zenbaitetan. Besteak beste, Astrain, Berzosa, Entrialgo, Fructuoso, Garay, Harriet (Gregorio Muro), Hernandez Landazabal, Ibarrola, Mata, Mendi, Mina, Oses, Redondo, Resano, Edorta Jimenez, Alberto Uribarri, Valverde... bezalako egile bikainak jardun ziren.

Napartheid 1988

aldatu

Nafarroan euskararen ofizialtasuna arautzen duen legea salatzeko Napartheid aldizkaria sortu zuen komikigile talde batek. Hastapenean kolektiboak bere indar guztiak euskara hutsean eginiko komiki fanzine baten argitalpenean eman zituen. Ale bakoitzean gaurkotasunezko gai bat jorratzen da, beti ikuspuntu kritikoarekin, komunikabideetan aurkitzen ez den errealitatearen berri eman nahian. Denborarekin egitasmoa sendotzen joan zen tirada 3.000 aletara iritsiz. Hala ere, argitalpen amateurra izaki, baditu urteetan bere gorabeherak.

Aldizkariari lotua, formatu txikiagoan, Gato Bazka “Napartheideen separatha” argitaratu zen noizbehinka eta, egunkari formatu handian, Stok Armairu Mikel Laboaren omenezko haren kantetan oinarritutako komiki istorio bilduma.

Globho 1984

aldatu

Bertako zein inguruetako egileen lanak argitaratzeko helburuarekin Ondarroako Luterl komikizaleen elkarteak sortutako fanzinea da Globho. Ez zen erregulartasuna beti mantendu, hasieran 4 edo 6 zenbaki argitaratzen zituzten urtero. Globhito, Luterl taldeak oraindik plazaratzen duen informazio buletina da.

Erein: Olariaga 1985

aldatu
 
Zakilixut, Euskaldunon Egunkariaren urtekarian (2000)

Erein argitaletxea euskal komikigintzak izan duen zutabe sendoenetariko bat izan da. Ipurbeltz aldizkariaren sortzaile eta sustatzaile handiena izateaz aparte, kasu batzuetan nobelagile eta ilustratzaileen topalekua ere izan zen. Hamaseigarrenean aidanez adibidea kasu, non Antton Olariagak Anjel Lertxundiren eleberri ospetsua binetetara eraman zuen. Gaur egun hainbatetan aipatzen den eleberri grafikoaren parametroetara ezin baino hobeto egokitzen da lana.

Antton Olariagak bere pertsonaiarik ezagunena marrazten 10 urte baino gehiago zeramatzan Ereinek, lehenengoz eta azkenez, Zakilixut pertsonaiaren istorio luzeak argitaratzea erabaki zituenean. Eguneroko zintetatik kanpo, pertsonaiak nortasun konplexuago bat garatzen du estetikoki ezin ederragoa den album baten zehar

Nobela grafikoaren bide bihurriak

aldatu

Terminoa berak asmatua ez izan arren, Will Eisner komikigile eta negozio gizon azkarrak “A Contract with God” liburuaren azalean erabili zuen lehenengoz “Eleberri Grafikoa”ren etiketa. Literatur mailako prestigioa lortzea eta irakurlego helduago bat komikigintzara erakartzea izan zuen helburu eta aurrerantzean terminoak izan zuen arrakasta ikusita bete betean asmatu zuela dirudi.

Nobela grafikoaren izaera aditu eta zaletuen artean sarri eztabaida iturria izan bada ere, oro har, bere ezaugarriak edukiekin eta komikiaren formatuarekin zerikusira dutela esan dezakegu. Bertan kontatzen den istorioa, bakarra normalean, zabaleran zein edukietan era librean azaltzen da. Publiko heldu bati zuzenduta dago, literaturaren hainbat errekurtso konpartituz. Formatuari dagokionez, gehienek nobela liburuen neurriak imitatzen dituzte, ume istoriotxoak kontatzen dituen album klasikoengandik urrundu nahiaz.

Gurean, lehen “nobela-grafikogile” adibiderik garbiena Antton Olariaga izan zen, 1985 urtean “Hamaseigarrenean aidanez” argitara eman zuenean. "Aspaldidanik nian helduentzako komikia egiteko asmoa" Argiari eskainitako elkarrizketa batean erran zuenez.

Ondorengo hamarkadetan Nobela grafikoa hedatu eta zabaldu besterik ez da egin, euskal produkzioan ere nolabaiteko urratsa utziz, Astiberri, Txalaparta edo Alberdania bezalako argitaletxeen bitartez.

Xabiroi 2005

aldatu

2005ean argitaratu zuen Euskal Herriko Ikastolen konfederazioak lehen zenbakia eta hiru hilabetekaria bezala mantendu da ordutik hona. Gaur euskaraz modu erregularrean argitaratzen den komiki-aldizkari bakarra dugu.

Bere esparru nagusia irakurle gazteena da, batez ere 12 urtetik 18ra bitartekoena. Jaio zenetik Dani Fanok zuzentzen du aldizkaria eta bere orrialdeetan Asisko Urmeneta, Iñaki G. Holgado, Julen Rivas, Zaldi Eroa, Lope, Guillermo Gonzalez, Sanvi, Alex Orbe edo Adur Larrea bezalako ilustratzaile handiak argitaratu dute. Baita Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Joxean Muñoz, Arantza Iturbe, Pako Aristi, Eider Rodriguez edo Unai Iturriagaren mailako gidoilariak ere. Aldizkariaz aparte urtero album bat argitaratuz euskal komikigintzak daukan faro bakarrenetariko bat dugu.

Zintak

aldatu

Euskal Herrian, idatzizko prentsa izan da historian zehar komikigintzak izan duen euskarririk nagusiena. Horrela jaio zen Biktoriano Iraolaren garaian, bere lehen tirak Donostiako “El Thun Thun” aldizkarian argitaratu zituenean, eta horrela mantentzen da gaur ere.

Euskal prentsa orokorra edo espezifikoan miatuz aurkituko ditugu publiko zabalarentzat ezezagun diren hainbat egile. Batez ere, herririk herri edo eskualdeka argitaratzen den tokiko prentsa da produkzio sakabanatu baina indartsu baten ekoizlea. Normalean aldizkari hauen zabalkundea oso mugatua izaten da eta komikigile on askoren ospeak ez du gaindituko eskualdearen muga estuak.

Azken urteetako digitalizazio joerek zerbait lagundu duten arren, gaizki zabaltzen den komiki produkzio honen jarraipena egitea ez da batere erraza. Morkots, Tozzi, David Parages, Iosu Mitxelena, Axpi, Jose Antonio Azpilikueta... armada honetako izen propio batzuk baino ez dira

Komiki digitalak 2011

aldatu

Gurean Saure arabarra izan da digitalean baino ez, argitaratzea erabaki duen lehen etxea. Bidea zabalik dago aspaldidanik, hala ere… paperetik digitalerako aldakuntza nahiko motel doala esan dezakegu. Baina ez gure artean bakarrik. Adibidez, komikien alorrean eta mundu mailan nagusienetarikoa den merkatu franko-belgikarrean argitaratzaile gehienek paperarekin segitzen dute. Arrazoia? Alde batetik konpondu gabeko arazoak dauzkatelako editoreek oraindik, bestalde, komikizaleen gustuak hor daude, gehienak bildumazaleak izaten jarraitzen dute eta paperezko alea eskuetan izatea ezinbestekotzat jotzen dute...

Bestalde sarean barreiaturik eta zuzenean blogetan argitaratzen duten euskal komikigileen kopurua gora doa. Modu errazean, inongo baldintza eta bitartekaririk gabe norberaren komikiak sarera igotzea aukera ona izan daiteke.

Komiki blogeroek euren jaialdiak ere antolatzen dituzte. Sonatuena 2005. urtetik Parisen antolatzen den Festiblog, “Festival de BD numérique”

Emakumea komikigintzan, gaur

aldatu

Beste alor batzuetan bezala nazioarteko komikigintzaren “historia nagusia” gizonek eta gizonentzat idatzia izan dela ezin da ukatu. Baina bederatzigarren artearen baitan emakumeek izan duten, eta gaur ere daukaten, presentzia nabarmentzeko lana gero eta zabalagoa da. Adibidez, 2016ko Angulemako komiki jaialdian polemika latza piztu zen sarietarako zerrenda luzean emakume izen bakar bat agertzen ez zelako, eta jaialdiko antolatzaileek adierazi zuten aurrerantzean berdintasunaren aldeko apustu handiago bat egingo zutela.

Norabide berean, gurean, belaunaldi berri batek lekukoa modu naturalean hartu du eta komiki argitalpen ezberdinetan emakumeen presentzia gero eta nabarmenago da.

Izen propio batzuk aipatuko ditugu. Ainara Azpiazu, Axpi, Gaur8n kolaborazioak egiten ditu. Hernaniko tokiko egunkarietan hasi zen, eta gero eta kolaborazio gehiago egin ditu beste argitalpen batzuetan, Xabiroi, H28, edo Irriak haur-aldizkarian kasurako. Eider Eibar ere, azken aldizkari horretan ohiko kolaboratzailea dugu. Beste izen propio batzuk Nuria Hernández Pintor, Leire Urbeltz edo Leire Salaberria dira. Mai Egurza eta Raquel Alzatek nazioarteko merkatuetan hainbat lan argitaratu dituzten egileak dira.

Gure eleberri grafikoaren mugarri interesgarri bat Maite Gurrutxagaren Habiak izan zen. Dejabu Panpin Laborategi antzerki taldearen lan batean oinarrituta zegoen liburua. 2014ean Euskadiko Ilustrazio Saria irabazi zuen.[6]

Emakumeak komikigintzan: aitzindariak

aldatu

Ignacia Zabalo (1905-1939). John Zabalo, «Txiki» ezagunaren arreba zen. Gerra aurretik jardun zuen umore grafikoan eta ilustraziogintzan, 1925 eta 1931 bitartean Agere aldizkarian eta Argiako egutegietan argitaratu zituen bere marrazkiak. 1931ean Bartzelonara aldatu zen eta han jarraitu zuen nahiko ezezaguna den bere ibilbide profesionalaren azken aldiarekin. Oso esanguratsua da Ignaciak bere lanak sinatzeko erabili zuen goitizena: Nor-nai. Anonimotasuna mantentzea zuen helburu “gizonezkoentzat ziren ofizioetan” emakumeen presentzia ondo onartua ez zen garaietan eta horrela mantendu zen hainbat hamarkadetan zehar, ezezagun, Ignaciaren lanak bere nebarenak zirela uste izan baitzen luzaro.

Francoren diktadura behin amaitu eta emakume komikigile belaunaldi berri bat sortuko da ugaritu ziren argitalpen berrietan.

Ipurbeltz (1977-2008) edo Habeko Mik (1982-1991) aldizkarietan hainbat emakume aritu izan ziren lanean, baina gizonezkoen presentziarekin konparatuz, beti bezala parte-hartze txikia izan zuten. Gainera, gehienek behin edo oso gutxitan besterik ez zuten kolaboratu.

Gauza bera esan daiteke Napartheid aldizkariaz ere (1988-2001). Emakumezkoen parte-hartzea izan zuen baina proportzioan txikia. Hala ere, 18. zenbakia emakumezkoen lanen antologia bat izan zen, Aizan... izenburukoa, Amaia Martiartu Napartheid-eko ohiko kolaboratzaileak zuzendu zuena. Bertan aritu zirenen artean Maite Martinez de Arenaza, Alazne Odriozola, Maria Colino, Irene Borda, Marie Kapretsz eta Eva Artazkoz aipa ditzakegu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Begoña, Mikel. "EUSKAL KOMIKIA, 1975-2017" ERAKUSKETA. (Noiz kontsultatua: 2020-01-13).
  2. Unsain, Jose María. (2005). Entziklopedia enblematikoa. Arte aplikatuak I: Historia grafikoa (XIX-XX): Grabatuak, binetak, komikia.. Etor-Ostoa ISBN 8496288145..
  3. Unsain, Jose María. (2005). Entziklopedia Enblematikoa. Arte aplikatua II: Historia grafikoa (XIX-XX): Ilustrazioak, Kartelak, komikiak. Etor-Ostoa ISBN 8496288153..
  4. Elustondo, Miel Anjel (2019). Abdon Gonzalez de Alaizaren alfabetoa : (eta euskarazko lehenengo komiki-aldizkaria "Txistu"). Arabako Foru Aldundia, Kultura eta Kirol Saila. ISBN 978-84-7821-939-1
  5. Díaz de Guereñu, Juan Manuel. (2004). Habeko Mik (1982-1991): Euskal komiki ahalegina. Astiberri; Deustuko Unibertsitatea ISBN 847485962X..
  6. Egungo euskal komikiaren historia. Euskal Herriko Unibertsitatea ISBN 9788490826294..

Kanpo estekak

aldatu

Artikulu honen edukia "EUSKAL KOMIKIA, 1975-2017" ERAKUSKETArako Mikel Begoña eta Kike Infamek prestatutako testuetatik sortuta dago