Erlikia santu baten gorputzaren edo harekin zerikusia zuen zerbaiten zatia da, Eliza katolikoak (edo bestek) gurgarritzat hartu duena[1].

Frantzisko Xabierkoaren beso ustelgabea, 1949an.

Etimologia

aldatu

Erlikiak nahiko inportanteak dira budismo, kristautasun, hinduismo, xamanismo eta beste erlijioen zenbait aldetan. Hitza latinezko reliquiae hitzetik dator, "aztarna" edo "atzean utzitako zerbait" esan nahi dituena. Erlikia bat edo gehiago biltzen dituen ontziak erlikia-ontzi du izena.

Historia katolizismoan

aldatu

Erlijioari lotutako pertsonaia baten, santu baten ustezko aztarna kultu bihurtzea oso ohikoa zen Goi Erdi Aroan. Santu baten, bereziki martir baten, hondarren aurkikuntza eta gero horiek gurtzea erlijio jardunbidearen ohiko ezaugarri bat zen, eta oso eginkizun zehatza zuen: gizatalde jakin baten talde kontzientzia eta batasuna sustatzea.[2] Talde jakin bat gailentzen zenean gertatzen zen; izan zitekeen herri bateko auzo jakin bat, edo are, arraza oso bat. Tokiko eliza bati sustrai sendoak hornitzen zizkion, eta zaindari bat ematen. Donejakueren kasuan, galiziarren baieztapen ekintza izan daiteke, Asturiasko erregeekin aldea adierazteko.[2]

Goi Erdi Aroko kristautasun zeltaren epelean, santu askoren erlikiak agertzen ziren Europa mendebaldean, eskualdean eskualdeko santuenak. Karolingiarrak eta Erroma aliantza iraunkor batean elkartu zirenean, Erromako santu bati lotutako erlikia izan beharra sustatu zuten, Benedikto Anianekoak sortutako Benediktar Ordenak aplikatua.

Katolizismoan, bereziki, erlikien benerazioak garrantzi handia hartu zuen, eta protestantismoaren Erreformak kritikatu zuen kontuetako bat zen. Joan Kalbinok esan zuen, adibidez, Kristoren gurutzearen pusketa ustez benetakoak batuz gero, ez zirela untzi batean kabituko denak[3].

Kristautasuneko lehen mendeetako erlikia gehienak susmagarriak dira, halaber, baina beste garai batzuetakoak sinesgarriagoak dira. Adibidez, San Frantzisko Xabierkoaren gorpua Indiako eliza batean dago gordea, eta beso bat falta zaio, eta jakina da apezpiku baten aginduz moztu ziotela ehortzi eta 70 urtera, eta harrezkero Erromako Gesù elizan gordetzen da, ez dabilenean munduan zehar bidaiatzen[4].

21. mendean ere sortu izan dira erlikia baieztatuak. Joan Paulo II. aita santua hil zenean, bi ontzitan gorde zuten haren odola[5], eta tantak banaturik, hainbat tokitan gordetzen dira orain erlikia horiek, adibidez Madrilgo Almudena katedralean, urrezko liburu batean sartutako kristal pusketa batean[6].

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. a b Collins, Roger. (1983). Early Medieval Spain. New York: St. Martin's Press, 236-237 or. ISBN 0-312-22464-8..
  3. (Gaztelaniaz) Ansede, Manuel. (2016-03-25). «Los fragmentos de la cruz de Cristo dan “para llenar un gran barco”» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
  4. (Ingelesez) Berria.eus. «Xabierko Frantziskoren beso ustelgabea Kanadan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).[Betiko hautsitako esteka]
  5. (Ingelesez) Pope blood to be put on display. 2011-04-27 (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).
  6. (Gaztelaniaz) Gamazo, Mª Dolores. «Archidiocesis de Madrid - La catedral de la Almudena acoge una reliquia de san Juan Pablo II» www.archimadrid.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-16).


Kanpo estekak

aldatu


  Artikulu hau erlijioari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.