Eduardo Dato
Eduardo Dato Iradier (Coruña, 1856ko abuztuaren 12a - Madril, 1921eko martxoaren 8a) espainiar politikaria izan zen.
Biografia
aldatuAita Murtziakoa zuen eta ama arabarra. Madrila joanda, bertan egin zituen zuzenbide-ikasketak. Oso kargu garrantzitsuak izan zituen Alfontso XIII.a Espainiakoaren garaian: diputatua izan zen 1883. urtetik aurrera; 1899an Gobernazioko ministro; Justiziakoa 1902an; Estatuko ministroa 1918an. Gisa berean, gobernuburua izan zen 1913-1915 bitartean, 1917an eta 1920-1921 urteetan.
Lehen Mundu Gerran, Espainiaren neutraltasuna lortu, eta Kataluniako Mankomunitatea onartu zuen (1913). Gizarteko eta kartzeletako arazoez arduratu zen, batez ere. Madrilgo Alcaláko atean hil zen 1921. urteko martxoaren 8an, Pedro Mateu Cusidó, Luis Nicolau Fort eta Ramón Casanellas Lluch anarkista katalanek egindako atentatu baten ondorioz. Gasteizko hiriak semetzat hartu zuen, 1903. urtean.
1916an Gasteizek Dato izena eman zion hiri erdialdeko kale nagusi bati, bai eta haren omenezko oroitarria eraiki ere (Florida parkea). Euskal Herriarekiko politikan eragina izan zuen, 1919. urtean idatziriko estatutua atzera bota baitzuen[1].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Dato Iradier, Eduardo - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-09-29).