Calaisko itsasartea
Calaisko itsasartea edo Doverko itsasartea[1] (frantsesez: Pas de Calais; ingelesez: Strait of Dover edo Dover Strait; nederlanderaz: Nauw van Calais) Mantxako kanaleko zatirik estuena da. Frantziako Calais eta Ingalaterrako Dover udalerrien artean kokatzen da, eta Mantxako kanala eta Ipar itsasoa elkarlotzen ditu.
Calaisko itsasartea | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mota | itsasarte |
Zabalera | 40 km |
Sakonera | 55 m |
Eponimoa | Calais Dover |
Geografia | |
Koordenatuak | 51°00′N 1°27′E / 51°N 1.45°E |
Leku geografikoa | Mantxako kanala |
Hain zuzen ere Dover itsasartean Europa kontinentala eta Britainia Handiaren arteko distantziarik laburrena Ingalaterrako Kent konderriko Hegoaldeko Foreland itsas-muturra (Dover udalerritik 6 kilometro ipar-ekialdera) eta Frantziako Pas-de-Calais departamenduko Cap Gris Nez lurmuturraren artean dagoena da (azken lurmutur hori Calais udalerritik hurbil dago), tarte horrek 33,1 kilometroko luzera besterik ez baitu. Ondorioz egun argiz Frantziako kostaldetik itsasartean zehar begi hutsez begiratu ezkero Doverreko itsaslabar zuriak ederki asko ikus daitezke, bai eta bi kostaldeetan dauden eraikin ezberdinak ere. Aldiz, lainorik gabeko gauetan kostalde bateko zein besteko eraikinen argiak ere ikus daitezke.
Itsasarte hau mundu osoko itsas ibilbide erabiliena da, itsas trafiko handia duelarik: egunero ekialde-mendebalderako norantzan nahiz alderantziz 400 itsasontzik, eta ipar-hegoko norantzan nahiz alderantziz beste horrenbeste ferrik gurutzatu ohi dute. 1994. urtetik aurrera itsaso azpitik eta 45 metroko sakonerara Eurotunelak ere zeharkatzen du.