Bizenta Mogel

euskal idazlea

Bizenta Antonia Mogel Elgezabal (Azkoitia, Gipuzkoa, 1782ko ekainaren 6a - Abando, Bizkaia, 1854ko irailaren 29a) euskal idazlea izan zen. Osaba Joan Antonio Mogelek ikasketak eman zizkion etxean[1]. Horri esker, garai hartako emakume batentzat erabat ohiz kanpokoa zen hezkuntza akademikoa lortu zuen. Ipui onac izenburuko alegia-bilduma idatzi zuen, eta 1804an argitaratu.

Bizenta Mogel

Bizenta Mogelen irudia, Durangoko udal liburutegiko plakatik hartua.
Bizitza
JaiotzaAzkoitia1782ko ekainaren 6a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAbandoko elizatea1854ko irailaren 29a (72 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea
Lan nabarmenak

Literaturaren Zubitegia: 471
Maitane Azurmendien ilustrazioa

Bizitza

aldatu

Lehen urteak

aldatu

1782an Azkoitian (Gipuzkoa) jaioa, Abandon (gaur egun Bilbo, Bizkaia) hil zen 1854an. Bera baino urtebete zaharragoa zen neba Juan Jose Mogel ere euskal idazlea izan zen.

Oso gaztea zela, umezurtz geratu eta Markinan bizi izan ziren anai-arrebak osabarekin, Joan Antonio Mogel apaiz idazlearekin, bizitzera joan zen. Osabak, Peru Abarkaren egileak, euskaraz, gaztelaniaz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion[2][3]. 1817an Eleuterio Basozabalekin ezkondu eta Abandora joan zen bizitzera[3]. Ez dugu ahaztu behar garai hartako baserritar gehienak behartsuak zirela eta krisi ekonomiko eta soziala ikaragarria zela. Azkenean, matxinadak eta gudak piztu ziren.

Idazle gisa

aldatu

Luis Villasantek Euskal Literaturaren Historian honako hau zioen:

« Bizentak liburu bikaina utzi digu zenbait kontzepturengatik. Lehenik, emakume batek idatzi zuelako, kasu bakarra baita euskal literatura zaharrean. Azpimarratzekoa da egileak 22 urte besterik ez zituela eleberria argitaratu zuenean, 1804ean, bere osaba apaiza hil zen urte berean. »


Garai hartan ez zegoen ondo ikusia emakumeek idaztea, eta zenbaitetan gizonen izengoitia erabiltzen zuten, Fernán Caballerok (Cecilar Bohl de Faber), adibidez. Rosa Gudmundsdóttir Islandiako idazleak bere bizimodu tristea kantatzen zuen bertsotan, baina bere sexu eta egoerari zegokion bezala, neskamea izaten jarraitu zuen. Adibiderik ezagunena Mary Shelley da, Frankenstein idatzi zuena[4].

Gizonak erantzun zion gaitasuna zuela, baina emakume batek ez zuela zertan idatzi eta are gutxiago argitaratu. Bizentak idazlea izateagatik bere ausardia onartzen zuen eta bazekien irakurle askok galdetuko ziotela bere buruari zergatik ez zituen emakumeen lanak egiten, josi, adibidez. Kultur maila handiko familia batekoa izanik, osabak latina irakatsi zion eta idazten animatu zuen.[4]

Idazleaz gain, itzultzailea ere izan zen eta emakumeen hezkuntzarako eskubideak aldarrikatu zituen.[5]

« Pentsatzen dut Bizenta Mogel, Zaldubi edo Oxobi bezalako alegialariei buruz, haiek abiarazi zutelako narrazio generoa euskal literaturan: lortu zuten, alegia genero erdi-jaso erdi-herrikoia hautatu zutelako, irakurlego zabala ukan zutelako xede, eta ez beste batzuek bezala publiko kultua bakarrik (hala nola Juan Antonio Mogelek Peru Abarkarekin). »

Katixa Dolhare-Zaldunbide[6]


Idazlanak

aldatu

Ipui onac

aldatu

Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco (1804, Undiano). Gipuzkerazko alegia-bilduma bat da, Esoporen latinezkoetatik berrogeitamar alegia itzuliak edo egokituak, prosaz. Alegia hauen ondoren, Bizentaren osabaren bertsoz jarritako beste zortzi datoz[2]. Bizentaren alegiak hizkuntza ulerterraz eta atseginean daude idatziak, bere esanetan, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko asmoz[7].

Euskarazko lehen fabula-liburua da hau eta emakumezko batek euskaraz inprimatutako lehen liburua[5]. Garai hartan latinetik itzultzea ez zen lan makala, euskara arauturik ez zegoenez, euskalki desberdinen artean erabakitzea zaila baitzen. Bertsoak ere idatzi zituen. Euskara literarioaren eredua osabarengandik hartu zuen: garbia, kultua baina ulerterraza, ume eta baserritarrentzat idazten zuen eta[4]. Fabulaz gain, iruzkin konprometituak idazten zituen, jauntxo eta baserritarren harremanak azpimarratuz, zintzotasuna eta mantsotasuna eskatuz.

Bizenta Mogelen garaiko usteen arabera, ahozko tradizioko ipuinak ez ziren egokiak, hauek ez zirelako moralaren aldetik behar bezain zuzenak. Ipuinek balio didaktikoa behar zuten, onak izango baziren. Protagonistatzat animaliak zituzten alegia klasikoak ziren "ipuin onak"; izan ere, "irakaste ederrak" ematen zituzten. Honela dio lanaren hitzaurrean:

« Aitu diot ondo dakian bati, Ipui oek izango dirala guziz onak aztuerazotzeko Nekazarien etxeetatik Ipui oker, ta zatarrak, nola sagar ederrak, ta diru berdiñean saltzen daudenean, baztertu ta saldu ezinda gelditzen diran sagar miñ ta motelak. Nork txori gerezi txatarrai begiratzen dioe dauzkanean eskubatera gerezi anpollak? »

Bizentaren hitzaurrean bi motatako ipuinak bereizten ditu, "atsoen ipuinak" eta "ipuin onak". Lehenengoak, barre egitekoak dira, dibertitzeko helburua besterik ez dute. Ipuin onak, aldiz, dibertigarriak izanda ere, irakaspen bat dakarte, helburua irakastea izanik[7].

Besteak

aldatu

Xabier Altzibar adituak eginiko ikerketen arabera, Bizenta Mogelen lan gehiago egon daitezke beste autoreei egotzitakoen artean. Hauek identifikatu dira (gehiago ere egon daitezke):[8]

  • Jose Antonio Uriartek eginiko "Poesia Bascongada. Dialecto vizcaíno" bilduman "Carlistenak" deritzon bertso sorta agertzen da, "Azkue" autoretza-oharrarekin; baina estiloaren analisiak Bizenta Mogelena izan daitekeela erakusten du.
  • Uriarteren bilduman agertzen diren Juan Jose Mogelen konposizioen ondoan egile-izenik gabe agertzen diren zenbait bertsorekin ere gertatzen da hori: "San Antonio Paduacuarenac" sorta, esate baterako, haren arreba Bizentarenak izateko itxura handia dute.
  • Era berean, Bilbon inprimatu ohi ziren gabon kanta paperetan ere Bizenta Mogelen konposizioak atera ziren, gutxienez 1820 urtean. Egile izenik gabe inprimatzen zirenez, hainbat biltzailek jaso zituzten (Uriarte, Manterola, Bonaparte, Urkixo...) Bizentarenak zirela jakin gabe. 1837, 1838 eta 1839 urtekoei buruz ere susmo handiak daude, bereak ez ote diren.
 
Bizenta Mogel liburutegian —hau da, Durangoko udal liburutegian— idazlearen omenez ezarritako plaka.

Aitorpenak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Frantsesez) «Mogel, Bizenta - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  2. a b Bidegileak : E. Bustintza Lasuen "Kirikiño", Bizenta Mogel eta Elgezabal, Jose Manuel Etxeita, Txomin Agirre. Vitoria-Gasteiz : Gobierno Vasco, Secretaria General de Política Lingüística = Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia.
  3. a b «literaturaren zubitegia - Aurkibide alfabetikoa» zubitegia.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  4. a b c Zumalakarregi Museoaren webgunearen artikulua, CC-BY-SA lizentziapean argitaratuta
  5. a b Jainaga Larrinaga, Zihara. (2020-11-04). «Bilbo egin zuten hamar emakume» Berria.
  6. «Akademia eta herrigintza» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-07-14).
  7. a b Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH). (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  8. Altzibar, Xabier. (2013). «Eusebio Maria Azkueren nortasunaz eta harreraz argitasun batzuk:harenak ote dira "Carlistenac" bertsoak? (Eusebio Maria Azkueren bigarren mendeurren-jardunaldia)» Euskera ikerketa aldizkaria: 433–483.  doi:10.59866/eia.v58i2.153. ISSN 2792-2278. (Noiz kontsultatua: 2024-07-20).
  9. «La biblioteca de Durango se llama desde ayer Bizenta Mogel, pero, ¿ya sabes quién fue esta mujer?» Mugalari 2017-03-09 (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
  10. Intxaurrondo (auzoa). 2019-12-15 (Noiz kontsultatua: 2020-07-05).
  11. (Gaztelaniaz) «El parque Bizenta Mogel amplía desde hoy las zonas de ocio de Markina» El Correo 2019-04-17 (Noiz kontsultatua: 2020-11-10).

Kanpo estekak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bizenta Mogel