Belatxinga mokogorri
Belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax) Corvidae familiako eta Pyrrhocorax generoko hegaztia da.
Belatxinga mokogorri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Corvidae |
Generoa | Pyrrhocorax |
Espeziea | Pyrrhocorax pyrrhocorax |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | arra: 312 g emea: 263 g |
Zabalera | 82 cm |
Kumaldiaren tamaina | 3,9 |
Errute denbora | 17 egun |
Deskribapena
aldatuBelatxinga mokogorri helduak 39-43 cmko luzera, 76-80(90) cmko hego luzera eta 280-360 gramoko pisua izaten du. Lumadia beltz-beltza, distira more, berde edo urdinekin eta hanka gorriak ditu. Moko gorria, luzea eta makotua. Aski antzekoa den Belatxinga mokohoriak moko laburragoa, zuzena eta horia du. Gazteak antzekoak dira baino kolore hitsagoa dute.
Hots ohikoenak: dyiooo luze eta zorrotza eta chee-ow ozen eta karrankaria, beletxiki oihuaren antza duena [1].
Banaketa eta bizilekua
aldatuEurasian eta Ipar Afrikan bizi da. Ipar Europako populazioak Irlanda, Britainia Handia, Man Uhartea eta Bretainiako kostaldekoak dira. Hego Europan Mediterraneoaren inguruko herrialdeetan eta Alpeak, Pirinioak eta Frantziako Erdialdeko Mendigunean hedatuak dira. Europatik kanpo, Erdialdeko Asia, India eta Txinako mediguneetan bizi dira eta baita Ipar Afrikan (Atlas eta Etiopiako mendietan). Sedentarioak badira ere, neguan haranetara jaits daitezke.
Belatxinga mokogorriaren bizileku nagusia goi mendia da. Ipar Afrikan 2 000 eta 2 500 metro artean egoten dira eta Himalaian 2 400 eta 3 000 metro artean, udan 6 000 metrotaraino iristen direlarik. Hala ere, garaiera txikiko inguruetara ere egokitzen dira: esate baterako, Irlanda, Britainia Handia eta Bretainian itsaslabarretan bizi dira.
Euskal Herrian mendialdean (Pirinioak, Aralar, Urbasa, Urkiola, Gorbeia) eta isurialde mediterraneoan bizi dira batez ere.[2] [3] [4]
Elikadura
aldatuGehienbat lur gainean atzematen dituzten ornogabeak jaten dituzte: armiarmak, inurriak, kakalardoak, diptero eta tximeleta larbak, barraskiloak eta bareak. Kostaldetik hurbil bizi direnek krustazeo eta moluskuak harrapatzen dituzte. Hazi eta fruituak ere jaten dituzte, udazken eta neguan bereziki. Aurkitzen dituzten hildako animaliei ere lotzen dira.
Ohiturak
aldatuUgalketa garaian lurraldekoiak dira eta habiaren inguruko lurraldea defendatzen dute. Neguan taldekoiak dira eta batzuetan ehunka Belatxinga mokogorri elkarrekin ibiltzen dira jaki bila. Hegalari bikainak dira, akrobazia eta gainbehera ikusgarriak egiten dituztelarik.
Ugalketa
aldatuUrtean behin ugaltzen dira. Habia itsaslabar, haitzulo eta harkaitzetako arrailduretan egiten dute. Batzuetan, Nafarroa Garaiko Bardean adibidez, eraikinetan umatzen dira [5]. Emeak 4 edo 5 arrautza errun eta 17-18(21) egunez txitatzen ditu. Egun horietan arrak bazkatuko du emea. Arrautzak zabaldu eta gero, txitak 31-41 egunez egonen dira habian. Tarte horretan bi gurasoek intsektu heldu eta larbez elikatuko dituzte.
Taxonomia
aldatuSubespezie hauek deskribatu dira:
- Pyrrhocorax pyrrhocorax pyrrhocorax
- Pyrrhocorax pyrrhocorax erythroramphus
- Pyrrhocorax pyrrhocorax barbarus
- Pyrrhocorax pyrrhocorax baileyi
- Pyrrhocorax pyrrhocorax docilis
- Pyrrhocorax pyrrhocorax himalayanus
- Pyrrhocorax pyrrhocorax centralis
- Pyrrhocorax pyrrhocorax brachypus
- Pyrrhocorax pyrrhocorax primigenius (iraungia)
Erreferentziak
aldatu- ↑ Sture Palmér eta Jeffery Boswall. A field guide to the bird songs of Britain and Europe. Swedish Radio Company, 1981
- ↑ http://www.mma.es/secciones/biodiversidad/inventarios/inb/atlas_aves_reproductoras/pdf/chova_piquirroja.pdf[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ https://web.archive.org/web/20091223181934/http://www.biodiversidad.navarra.es/Especie.aspx?id=818
- ↑ http://natura2000.environnement.gouv.fr/especes/A346.html
- ↑ Jesus Elósegui. Navarra, Atlas de Aves Nidificantes. CAN. 1985 (ISBN 84-505-1248-4)
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |