Base nukleikoak edo base nitrogenatuak nitrogenoa osagaitzat duten molekula organiko ziklikoak dira, oinarrizko bi eraztunetatik sortuak: purinatik eta pirimidinatik. Purinak bi eraztun ditu, eta pirimidinak bakarra. Purinatik eratorritako baseak adenina eta guanina dira (bi eraztun dituzte), eta pirimidinatik zitosina, timina eta urazilo (eraztun bakarra).

Aipaturiko bost base nukleiko horiek nukleotidoen eta azido nukleikoen osaketan parte hartzen dute. Timina azido desoxirribonukleikoan (DNAn) besterik ez dago, eta uraziloa RNAn bakarrik. Gainontzeko base nitrogenatuak ADNan zein ARNan daude.

Base nukleikoen arteko elkarrekintzek DNAren egitura espaziala mantentzen dute. Zehazki, adenina eta timinaren arteko loturak alde batetik, eta zitosina eta guaninaren artekoak bestetik. Lotura horiek hidrogeno zubiaren motakoak dira.

Horretaz gain, base nukleikoek kode genetikoaren funtsa osatzen dute. Izan ere, kode genetikoan RNAren base nukleikoen hirukote batek (kodoiak) aminoazido bat kodetzen du. Base nukleikorik gabe proteinen sintesia ez litzateke burutuko, eta bizia -guk ulertzen dugun eran- ezinezko izango litzateke Lurraren gainean.

Aipaturiko bost base nukleikoak garrantzitsuenak dira, baina ez dira bakarrak. Flabina, hipoxantina, sasiuraziloa eta erribotimidina, besteak beste, funtzio biologikoa duten beste base nukleiko batzuk dira.


Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu