Antio
Antio, Antioko baseliza edo Antioko ermita, batzuetan Antiguako Andre Mariaren eliza izenez ezaguna, Gipuzkoako Urola Garaia eskualdeko Zumarraga udalerriko lursailetan eta Beloki mendiaren magalean dagoen baseliza erromaniko-gotikoa da, barnealdeko zureria ikusgarriagatik ezaguna. Harriz eta zurez egindako eraikin honek harlanduzko sei zutabe ditu, eta horiexek eusten dute zureria. Tronpeta itxurako leihoak ditu, gezileihoak, gotikoak.
Antioko baseliza | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Zumarraga |
Koordenatuak | 43°05′28″N 2°18′12″W / 43.09099°N 2.3033°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XVI. mendea |
Arkitektura | |
Estiloa | pizkundetar arkitektura arkitektura erromanikoa arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001650 |
3 | |
Beloki mendiko hego magalean kokaturik, tenplu hau XII-XIII. mendeetako euskal estilo erromanikoan. Antio Zumarragako eliza nagusia izan zen 1575 arte, herrigunean Andre Mariaren Jasokundearen eliza berria eraikitzen hasi ziren arte.
Monumentu izendatua dago, Sailkatutako Kultura Ondasuna. Gipuzkoako Hiru Tenpluen Ibilbideko elizetako bat da, Arantzazu eta Loiolako Santutegiarekin batera.
Izazpi mendira igotzeko ohiko abiapuntua ere bada.
Lekua
aldatuAntiora iristeko Zumarragako kiroldegiaren parean dagon bide batetik bi goruntz kilometro egin behar dira.
Antio Beloki mendiaren magalean dago. Bertatik Zumarraga eta Urretxu nahiz Aizkorri eta Aralar mendilerroen ikuspegi bikaina dago. Bestalde, inguru honetan ehundaka urte dituzten arte eta agin daude, beharbada kristautasun aurreko antzinaroko druiden kultuen aztarnak liratekenak.
Historia
aldatuXVI. mendean Andre Maria eliza eraiki zen arte Antio Zumarragako parrokia izan zen.
1366ko agiri batean ageri denez, Henrike II.a Gaztelakoak Lazkaoko Jaunari eliza honekiko agintea eman zion. 1384ko aipua:
« | "... bi herriek (Zumarraga eta Urretxu), bakoitza bere aldetik, bereizturik eta pribatuki gorde eta goza ditzatela beren mendiak, lurrak, elizak eta kanposantuak..."[1]. | » |
Garai hartan, Antio edo Zumarragako Andre Maria Zumarragako parrokia zen.
Mendeetan zehar hainbat herri, auzo eta baserrien parrokia izan zen, tartean Zumarragakoa, baina 1576ean auzotarrek segurtasun arrazoiak argudiatuz parrokia haranera lekualdatzea lortu zuten. Ordutik aurrera eta antzinako parrokia zenez, Antio izena jaso zuen, gaztelaniazko Antiguo edo La Antigua hitzetatik eratorria.
Antion Migel Lopez Legazpikoa zumarragar esploratzailea bataiatu zuten, eta bertan San Inazio Loiolakoa eta San Frantzisko Borjakoak otoitz egiten zuten.
Eraikina
aldatuBere atariagatik, leiho gotikoengatik eta absidearen kalbarioarengatik ez bada, kanpoaldetik oso itxura latz eta zakarra duela esan daiteke.
Hala ere, bere barnealdean, eraikuntzaren originaltasuna eta teknika goraipatzekoak dira, izan ere, oso zur-egitura bikain eta ederra du, eta ez dakigu gehien zer miretsi: sabaiko zur-armazoia, koruaren formak edo habeetan landutako tailak, non emakume-figurak eta mota askotako oso marrazki geometriko ederrak landu diren.
Egun jauresten den Ama Birjinaren irudia ez da elizan jarri zen jatorrizkoa, hura, estilo erromanikoko zena, arrastorik utzi gabe desagertu baitzen. Elizak bi kupula eta ganga faltsuak izan zituen eta 1960ko hamarkadaren azkeneko urteetan kendu ziren, estaltzen zuten barne-multzo osoa agerian utziz.
1970eko hamarkadaren erdialdean sakristia eta elizari erantsitako etxe bat, seroretxea, bota zituzten. Elizako ipar fatxadako murrua agertu zen, oso-osorik; murru erromanikoa da, oso garrantzi arkeologiko handikoa, eta bertan dira bost itsu-leiho turuta-itxurakoak. Hormetan bada turuta-itxurako beste zenbait itsu-leiho.
Irudiak
aldatu- Antioko Andre Maria irudi gotikoa da, irriz eta semea besoetan duela, eskuineko eskuan sagarra erakusten du.
- Kristo gurutziltzatua ere irudi gotikoa da.
- Zaharkituriko Pietatea, Zubiaurreko Ama Birjina eta Santa Ana pizkundeko irudiak dira.
- Korupean, bataioarri erromanikoa dago.
- Korupeko zurrezko zutabe eta hagetako zurburuetan zizelkatutako irudiak daude: hiru emakume, bi kupel eta irudi geometrikoak.
-
Antioko Andre Maria haurra besoetan duela.
-
Jesus gurutziltzatua.
-
Ate erromanikoaren gaineko irudiak.
-
Bataioarria.
-
Zurburu zizelkatua, hiru emakume irudiekin.
-
Zurburu zizelkatua, bi kupelen irudiekin.
-
Zurburu zizelkatua, irudi geometrikoekin.
Ohiturak
aldatuUrtero uztailaren 2ko jaiegunean mende luzez iraun duen erromeria ospatu eta jende ugari bertaratu ohi da. Santa Isabelek bere lehengusu zen Mariari egindako Ikustaldia gogoratzen denekoan, aldare aurrean Zumarragako ezpata-dantza ospetsua dantzatzen da, ate aurreko zelaian berriz ohitura legezko aurreskua.
Elezaharrak
aldatuBada Zumarragan jentilekin loturik, Antio elizaren sorrera kontatzen duen elezaharra. Garaiko kristauek Antio eliza eraikitzen hasi zirenean, jentilek horren berri jakin eta Aizkorritik Elizaren eraikitzearen kontra eta eraikina deuseztatzearren, harriak eta harriak botatzen hasi ziren. Harriak eta harriak bota, eta finean, jentilek berek jaurtikitako harriez eraiki omen zuten geroago Antioko eliza. Gainera, bada elizan bertan jentilek jaurtiki zuen atzamarren marka duen harriren bat, jentilek berek Aizkorri menditik harria jaurtiki zuten proba gisa, hain zuzen.
Bisitak
aldatu- Maiatzaren 1etik urriaren 31ra egunero zabalik: Goizez 11:30etatik 13:30etara eta arratsaldez 16:30etatik 19:30etara.
- Azaroaren 1etik apirilaren 30era aste bukaeretan eta jaiegunetan zabalik: Goizez 11:30etatik 13:30etara eta arratsaldez 16:00etatik 18:00etara.
- Irailean, Musikaldia larunbatero, arratsaldeko 19:30etan.
- Asteleheneta atsedenaldia egiten da, jaiegun bezpera edo zubia denean izan ezik.
Ikus gainera
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ "... que cada uno de los pueblos (Zumarraga y Urretxu) conservase y gozase separada y privativamente de sus montes, tierras, iglesias, y enterrorios..."
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |
- Antioko baseliza[Betiko hautsitako esteka], Zumarragako Udalaren webgunean.
- Antioko baseliza[Betiko hautsitako esteka], Ignaziotar lurraldea webgunean